EH Bilduren Iruñeko udal taldeak Cristina Ibarrola alkatearen agerraldia eskatu du irailaren 5eko Lehendakaritza Batzorderako. Azalpenak eskatuko dizkiote, uztailean alkatearen irudia azaldu baitzen bitxi denda baten sare sozialetan, bitxi batzuen sustapena egiten. Zehazki, EH Bilduk Ibarrolari galdeginen dio «azaldu dezala zergatik erabiltzen den bere irudi instituzionala ekitaldi ofizial batean, bitxi denda pribatu bat sustatzeko».
Uztailaren 31n, bitxi dendaren argazkiak argitara atera zirenean, informazioa eskatu zuen EH Bilduk, baina, ordutik, UPNk ez du azalpenik eman. Zehazki, aurtengo zenbait ekitaldi ofizialetakoak dira argazkiak. Horietan, Ibarrola alkatea ikus daiteke, denda horretako bi belarritakorekin eta lepoko batekin. EH Bilduk horien guztien fakturak eskatu ditu, eta, hori egin ezean, hiru galdera planteatuko ditu: batetik, ea bitxiak «maileguan» emandakoak ote diren, «ekitaldi jakin batzuetarako eta kontratu bidezko harreman batekin»; bestetik, alkateak baimena eman ote zuen argazki horiek publizitate asmoekin argitaratzeko; eta, azkenik, ea Ibarrola bat datorren bere irudia horrela erabiltzearekin.
Ibarrolaren agerraldia eskatu dute, bitxien auzia argitzeko
EH Bilduk Iruñeko alkateari galdetuko dio ea bere karguaz baliatu ote zen bitxi denda bat sustatzeko, eta ea denda horren oparirik onartu duen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu