Albistea entzun

Espetxeetako ateen hurrengo sarraila

Gradu aldaketak emanez gero, luze gabe kalean behar lukete 68 bat presok. Gainerakoek zailagoa daukate bidea, ordea; bereziki 7/2003 legearekin zigortuek. Presoen eskubideen aldeko mugimenduek legea indargabetu dezatela nahi dute.

Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia, 2003an.
Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia, 2003an. B. R. / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2021eko urtarrilak 27

Urtarrilaren 9ko manifestazioaren biharamunean, aurtengo helburuen berri eman zuen Hego Euskal Herrian euskal presoen eskubideen alde lan egiten duen Sare mugimenduak. Horien artean, euskal presoak Euskal Herrira ekartzeko prozesua azkartzea eta gradu aldaketak bizkortzea galdegin zuen, baina bada bertze asmo bat, orain arte gutiago aipatu dena: 7/2003 legea indargabetzeko eskaria. Presoen lege bideek orain arte bezala segitzen badute, izan ere, baliteke luze gabe 68 bat preso kalean izatea, hirugarren graduak eta baldintzapeko askatzeak lortuta. Gainontzekoek zailagoa izanen dute bidea, ordea; eta, bereziki, lege hori onartu ondotik epaitutakoek —70 euskal preso dira—.

2003ko ekainean Jose Maria Aznarren (PP) gobernuak izenpetu eta PSOEren babesarekin aitzina eginiko legeak espetxe zigorren gehienezko iraupenak luzatu zituen. Hala, 40 urtetan jarri zuen espetxe zigorren gehienezko muga —ordura arte 30 urtekoa zen—. Horrek erran nahi du, orain arteko sententzien arabera, 2061ean aterako litzatekeela kartzelatik azken euskal presoa. Hamabortz euskal presok dituzte 40 urtera arteko kondenak.

Zigorren gehienezko luzerena ez zen izan aldaketa bakarra, ordea. Aznarrek berak legea aurkezterako garaian argi adierazi zuen zein zen haren helburua: «Ustel daitezela kartzelan». Edo, bertze hitz batzuetan erranik, bete zitzatela zigorrak espetxean, azkeneko egunera arte. Legearen beraren abizenak ere hala dio, Zigorrak osorik eta betetzeko baita lege organikoa. Espetxe onurak lortzeko epeak luzatzen ditu legeak, hain zuzen, eta, hala, zaildu egiten du presoek hirugarren gradua eskuratzea eta baldintzapean aske geratzea.

Onuretarako eskubidea izateko kalkuluen oinarria da aldatzen duena. Izan ere, legeak zehazten du baimenak-eta lortu ahal izateko bete beharreko kondenaren zatia zigor osotik kalkulatu behar dela, eta ez, ordura arte bezala, praktikan bete beharreko zigorretik. 100 urteko espetxe zigorra duen batek, adibidez, praktikan ezinen lituzke kartzelan 40 urte baino gehiago igaro. Onurak lortzeko bete beharreko zigorraren zatia 100etik kalkulatuko zaio, ordea, eta ez 40tik. Irteera baimenak lortzeko zigorraren laurdena bete behar denez, adibidez, 25 urteren buruan lortzen ahalko ditu (ez 10 urte beteta), eta hirugarren gradua lortzeko erdia bete behar denez, 50 urteren ondotik eskatzen ahalko luke (eta ez 20 urtera). Ordurako kalean egonen litzateke presoa, ordea: hau da, ezinen du sekula hirugarren gradurik eskuratu, epe hori bete baino lehen kalean egonen baita. Eta baldintzapekoa, are zailago.

Espetxe zigor ttipiagoak dituztenen kasuan ere, legeak zehazten du delitu «terroristak» egin dituztenek zigorraren bortzen bat bete dutenean baino ezinen dutela hirugarren gradua eskatu.

Onintza Ostolaza abokatuak euskal presoekin egiten du lan gradu aldaketa prozeduretan laguntzen, eta, azaldu duenez, orain arte ez zaie suertatu epaileek oinarri gisa zigor osoak hartzea: «Epailearen esku dago hori egin edo ez. Eta gaur egun, 2003 aurretik zigortutakoekin behintzat, ez dira ari hori egiten: saiakera txikiren bat egon da fiskalaren aldetik, baina kasu guztietan epaileak atzera bota du, eta esan du ezetz: limitetik kontabilizatuko zaiela». Alegia, 40 urtetik. Ez daki, ordea, legea atzera eraginkortasunez ez aplikatzearren egin duten, edo epaileek erabaki dutelako irizpide hori ez ezartzea. 2003tik aitzinera zigortutakoen kasurik ez zaie oraindik iritsi Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralera: «2003aren ondoren zigortutakoak oraindik ez dira hasi baimenetan eta». Abokatuak nabarmendu du epaileek ez dutela zertan legea «zurrun» aplikatu, dena den: «Aukera hori badute, baina, ez badute nahi, ez dute egin beharrik: aukerazkoa da; epailearen eskumen bat. Orduan, borondatea baldin badago, ez dute zertan aplikatu».

Ostolazak uste du «zaharkitua» gelditu dela legea, eta ohartarazi du euskal presoren bati ezartzen hasiko balira erabakiari helegitea jarriko lioketela: «Europara joko genuke, ze azkenean lege horrekin presoari ez baitzaio aukerarik ematen ia bere kondena osoan zehar baimenik izateko». Abokatuaren ustez, «neurriz kanpokoa» eta «konstituzioaren kontrakoa» litzateke hori.

Hirugarren gradua eta baldintzapean aske geratzea lortzeko bertze baldintza batzuk ere gehitu zituen legeak, delitu «terroristei» dagokienez: presoei eskatu zien erantzukizun zibila ordain zezatela eta aurkez zezatela idatzi bat indarkeriari uko egiten diotela adierazten duena. 2003 baino lehenago zigortutakoei ere aplikatzen zaie arau hori, gibelerako eragina baitu, eta Ostolazak zehaztu du presoek bete egiten dutela. Ez du arazorik eman, orain arte: «Adierazpena gaurkotuta egiten dute, lege honek jasotzen duena baita loturarik ez izatea erakunde armatuarekin; baina erakundea ja ez denez existitzen...». Ostolazak azaldu du presoek egindako adierazpen «gaurkotu» horiek «ontzat» hartu dituztela epaileek: «Lege hau ere ez da oztopo izan». Praktikan, beraz, zigorren gehiegizko luzeran dago arazoa.

Bizi guztiko zigor bat

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak argi du: «40 urteko zigorra bizi guztiko zigor estali bat da». Hala uste du Ostolazak ere: «Bizi guztiko zigorra izatea baino okerragoa da ia». Espainiako egungo gobernuak horri eustea kontraerrana da, gainera, abokatuaren ustez: «Bizi guztiko zigorra ere gaur egun zigor kodean sartuta dago, eta horren kontrako ahotsak atera ziren, teorian, PSOEtik hasita. 40ko zigorraren kontra ere egon behar lukete». Ostolazak uste du legea bertan behera utzi gabe ere haren interpretazio «malgua» egin litekeela, baina ez da segurra. Azkarragak bide bakarra ikusten du: legea indargabetzea. «Edozein presoren osasunarentzat suntsigarria da 40 urteko zigorra, eta hori aldatzeko modu bakarra da lege hori bertan behera uztea eta euskal presoei legedi arrunta ezartzea». Argi du nola: alderdi politikoak ados jarrita. «Uste dugu posible dela».

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Euskal presoen eskubideen alde joan den urtarrilean Donostian egindako protesta. ©JON URBE / FOKU

Hiru preso hurbilduko dituzte, eta bat Euskal Herriratu

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Ainhoa Barbarin Iurrebaso da Euskal Herrira ekarriko dutena: Zaballara ekarriko dute, Valentziatik. Xabier Makazaga Azurmendi eta Eneko Goieaskoetxea Arronategi A Lamatik El Duesora mugituko dituzte, eta Ana Belen Egues Gurrutxaga, Kordobatik Asturiasera.

Fernando Grande-Marlaska eta Josu Erkoreka, gaur, Gasteizen. ©EUSKO JAURLARITZA

Espetxe eskumenaren transferentziaz aritu dira Grande-Marlaska eta Erkoreka

Maddi Ane Txoperena Iribarren - Jon O. Urain

Espainiako Barne ministroa Gasteizen izan da gaur, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako lehendakariorde eta Segurtasun sailburuarekin bilduta. Aitor Estebanek esan du espetxe eskumena «Aste Santua baino lehen» eskualdatu beharko luketela.

Ezkerretik, Xabier Madariaga, Roberto Moreno eta Pilar Kaltzada, atzo, Bilbon. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Haur motxiladunen arazoari heltzeko ikuspuntua aldatzea beharrezkoa dela diote adituek

Gotzon Hermosilla

Adituek uste dute gurasoren bat edo biak espetxean dituzten umeen arazoari heltzeko beharrezkoa dela ikuspuntua aldatzea, umeen beharrak beste edozein irizpideren gainetik jarriz.

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea Gasteizen izanen da martxoaren 4ko ekitaldian. ©Emilio Naranjo / EFE

ETAren armak suntsitzeko ekitaldi sinboliko bat eginen du Espainiako Gobernuak

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Terrorismoaren Biktimen Memoriarako Gasteizko Zentroak antolatu du ekitaldia, martxoaren 4rako. Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea han izanen da.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Maddi Ane Txoperena Iribarren

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna