Adingabeei egindako bost sexu-abusu kasu ikertuko ditu Bilboko Elizbarrutiak

Erasoak 1950eko hamarkadatik 1990ekora egin ziren Bizkaiko bost zentrotan. Salaketek 'El País'-ek egindako azterlan batean dute jatorria

Joseba Segura Bilboko apezpiku izendatzeko elizkizuna, 2019ean. M .TOÑA/ EFE.
Edurne Begiristain.
2022ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Bilboko Elizbarrutiak jakinarazi du adingabeei egindako bost sexu-abusu kasu ikertuko dituela. «Ustezko edozein abusu kasu ikertu eta argituko dugu, arreta berezia eskainiz biktimen beharrei eta halako kasuak berriz ez gertatzeari». Sexu abusuak argitzeko urratsa egingo duela jakinarazi zuen atzo Bilboko Elizbarrutiak, ohar bidez.

Haurrei egindako abusuen salaketak Espainiako El País egunkariak eman zituen argitara, azaroan. Kazeta horrek, orotara, 251 salaketa jaso zituen Espainiako Elizan adin txikikoei egindako abusuen inguruko txostena izeneko azterlanean. Sexu abusu horien berri Vatikanoari eta Espainiako Eliza katolikoari eman zien El País-ek, eta horietatik bost dira Bizkaian gertatutakoak. Haiek argitzeko ikerketa bat abiatuko du orain Bilboko Elizbarrutiak.

Espainiako egunkariak kaleratutako informazioak jasotzen zuenez, abusu horiek Bizkaiko bost erlijio zentrotan egin ziren, 1950eko hamarkadatik 1990eko hamarkadara. Zehazki, sexu abusu horiek 1950eko hamarkadan Barakaldoko San Vicente de Paul ikastetxean izan ziren; 1964 eta 1966 artean, Bediako San Joan Bautista elizan; 1971n, Bilboko Santa Marina haurrentzako erietxean; 1976an, Bilboko Cristo Rey parrokian; eta 1990ean, Bilboko Maristas ikastetxean.

Bilboko Elizbarrutiak El País-ek egindako ikerketaren balioa aitortu du, bai eta sexu abusuak salatu zituzten biktimek egindako «ahalegina» goraipatu ere. Bilboko Elizbarrutiak adingabeak babesteko eta sexu abusuak prebenitzeko batzorde bat eratu zuen 2019ko uztailean, elizaren barruan izandako sexu abusuen salaketak argitzeko asmoz, eta hark abiatuko du gertakariei buruzko ikerketa. «Ikerketa zehatza izango da, betiere esku artean dauzkagun aukerak eta eskumenak kontuan hartuta», zehaztu du.

Ikerketa zabalagoa

Gertakariak argitzeko abiatuko duen ikerketa ahalik eta gehien osatua izan dadin, Bizkaiko Elizbarrutiak ateak zabaldu dizkio «eraso horien inguruan informazioren bat eman dezakeen edonori». Hala, gertaera horien edo Bizkaiko Elizarekin zerikusirik duen beste edozeinen berri izan duten herritarrei dei egin die elizbarrutiarekin harremanetan jartzeko, posta elektroniko bidez.

Ildo horretan, Bizkaiko Elizbarrutiak konpromisoa hartu du ematen zaizkion datuak «modu konfidentzialean» tratatzeko, eta, beraz, salaketak egiten dituenaren edo informazioa ematen duenaren nortasuna babesteko. Halaber, azpimarratu du konpromiso osoa duela elizaren barruan gertatu diren erasoak argitzeko, biktimei laguntza eskaintzeko eta kasuak berriro errepika ez daitezen «beharrezko neurriak» hartzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.