Albistea entzun

Gradu erregresioa salatu du Sarek Durangoko kaleetan

Manifestazioa egin dute Giza Eskubideen Nazioarteko Egunean. «Sektore politiko eta judizial gogorrenen jarduna» kritikatu dute
Durangon atzo egindako manifestazioa.
Durangon atzo egindako manifestazioa. MONIKA DEL VALLE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko abenduak 11 - Durango

Ehunka lagunek manifestazioa egin zuten atzo, Durangon (Bizkaia), Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren karietara, Etxerako bidean oztoporik ez, gradu erregresiorik ez lelopean, Sarek deituta. Sareko eledunek Espainiako Auzitegi Nazionalaren jarrera salatu zuten, eta «mendekuan oinarritutako erabaki judizialak» hartzea eta «eskuin mutur politikoaren postulatu politikoak» bere egitea leporatu zioten.

Sareko bozeramaile Bego Atxak eta Joseba Azkarragak gogorarazi zuten Eusko Jaurlaritzak erabaki zuela 33 preso hirugarren gradura pasatzea, eta kalera ateratzeko aukera izan zutela, baina Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak 23ri helegitea jarri zion. Horren ondorioz, sei presok espetxera itzuli behar izan dute, eta beste hamahiru Espetxe Zaintzako Epaitegiaren erabakiaren zain daude.

Sareren ustez, erabaki horiekin Auzitegi Nazionalak «boikota» egiten die espetxeetako profesionalen irizpideei, «haiek baitira presoen bilakaera ezagutzen dutenak». «Mendekua oinarri duen politika Auzitegi Nazionaleko ateetatik sartzen denean, justiziak leihotik alde egiten du», erantsi zuten.

Joseba Arregi Erostarbe presoaren kasua gogorarazi zuten. Arregik 76 urte ditu, 30 urte egin ditu preso, eta kalera irten zen hirugarren gradura igaro ondoren, baina fiskalak jarritako helegitearen ondorioz espetxera itzuli da. «Baten batek defendatu ahal du, justizia irizpideak baliatuta, haren espetxeratzea justua dela?», galdetu zuten Sareko eledunek.

Sareren aburuz, badago «bilbe juridiko-politiko oso indartsu bat», erabaki judizialen bidez presoen ibilbidea oztopatzen saiatzen ari dena: «Espainiako sektore kontserbadore eta gogorrenak ditugu aurrez aurre, arlo politikoan ez ezik, arlo judizialean ere».

Hori ikusirik, Euskal Herriko gehiengo politiko, sindikal eta sozialaren adostasuna eta mobilizazioa gakoak direla uste dute Sarekoek: «Gobernuak eta estatuak ez dira berez mugitzen, kaleetan baketsuki mobilizatzen garen pertsonok mugiarazten ditugu». Horregatik, dei egin zuten Bilbon egingo den manifestazioan parte hartzeko, urtarrilaren 7an.

Manifestazioa Landako gunetik abiatu zen, eta, inguruak zeharkatu ostean herrigunera sartu zen, Francisco Ibarra kaletik. Ezkurdia plazara iritsita, alde zaharrera egin zuen, «Euskal presoak etxera», «Salbuespen legerik ez» eta antzeko oihu artean. Santa Ana plazan egindako ekitaldi politikoarekin amaitu zen mobilizazioa.

Etxerat Gasteizen

Etxerat elkarteak elkarretaratzea egin zuen Gasteizen, Ajuriaenearen aurrean, eta salatu hainbat euskal presori galarazten ari zaizkiela baimen arruntak, hirugarren gradua eta behin-behineko askatasuna. Espainiako Auzitegi Nazionala egin zuten «blokeo» horren arduradun: «Gizarteratzeko eskubidea gailendu beharko litzateke edozein mendeku asmoren gainetik», azaldu zuten.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Bozkaleku bat Andexan, Gasteizen, joan den igandeko hauteskundeetan. ©ENDIKA PORTILLO / FOKU

Botoa, trinkoago eta egonkorrago

Jon O. Urain

Bizkaia eta Gipuzkoa alderdi biko sistema baterantz hurbildu dira azken hamarkadan. Araban eta Nafarroan, boz batetik bestera gero eta gutxiago aldatu dira emaitzak
 ©IDOIA ZABALETA / FOKU

«Alde bakarrekoa da blokeoa; guk ez diogu PSNri betorik jarri»

Joxerra Senar

Bi aste eta erdi geratzen dira Iruñeko alkatea hautatzeko, eta Asiron saiatuko da PSNk jarrera alda dezan: «Merezi du saiatzea». Azken lau urteetako lana goratu du, eta «zakarrontzira» ez botatzeko eskatu du.
 ©BERRIA

Kontagailu bat itzali eta hamaika piztu

Iosu Alberdi

Datozen aste eta hilabeteetan bat egingo dute udalak, foru aldundiak, Nafarroako Gobernua eta Espainiakoa osatzeko negoziazioek

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...