Ezkerreko batasunaren kimera 2022rako

Frantziako presidentetzarako bozetarako urte eta erdi falta dela, FI, PS eta EELV hasiak dira hauteskundeetarako mugimenduak egiten. Oinarrietan bada hautagaitza bateraturako nahia, baina gidaria nor izango den, horretan izango da gatazkarik handiena.

Ezkerrean, Melenchonek jaso zuen babes handiena 2017ko bozetan. I. L. / EFE.
ander perez zala
2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urte eta erdi barruko presidentetzarako hauteskundeetarako hautagaitza aurkeztuta, FI Frantzia Intsumisoko Jean-Luc Melenchonek berriz mahaigaineratu du auzia: Emmanuel Macron-Marine Le Pen duopolioaren aurrean, batasuna dela ezkerrak Frantzian boterera itzultzeko edo gutxienez bigarren itzulirako sailkatzeko duen aukera bakarrenetako bat. Bakarra ez esatearren.

Kontsentsuak, ordea, erakutsi ohi du ez duela beti bat egiten denen nahiekin eta beharrekin; teoria gauza bat delako, eta praktika beste bat, lotuta egon arren bata bestearengandik urruti egon daitezkeelako. Paradoxa horren erakusle dira Frantziako ezkertiarrak: bada batasunerako eskaririk, programa adostu baterako oinarri sendorik, baina azkenean aurpegiek, izen-abizenek, interesek hartzen dute pisu handiagoa. Eta bakoitzak bere interpretazioa du horiei begira.

Hauteskundeen logikatik begiratuta, bi gertakarik azaleratu dute ezkerraren batasuna behar dela: batetik, 2017tik hona egonkortu egin dela Macronen eta Le Penen arteko lehia, eta, oraingoz bada ere, ez dela eraiki beste alternatiba sendo eta sinesgarri baterako espaziorik; bestetik, duopolio hori sendotu ahala ezkerreko indarrek behera egin dutela, ekologistek izan ezik. Eta, horri lotuta, herriko bozetan ezkerreko zerrenda bateratuek emaitza onak lortu dituztela, hiri askotako alkatetzak eskuratuta. Horrek, noski, poza eta itxaropena sortu ditu.

Baina ezkerrean denek badakite udal hauteskundeak ez direla presidentetzarakoak, eta joerek ez dutela zertan errepikatu. Gauza bera iragan urteko Europako Parlamenturako hauteskundeekin; ezkerreko bost zerrenda aurkeztu ziren, eta denera botoen herena bildu zuten, eskuin muturrekoen (%24), zentrokoen (%22,4) eta eskuinekoen aurretik (%14,5).

Hortaz, galdera bakarra geratzen da. 2022ko hitzorduari begira, zer da garrantzitsuagoa: ideologiek eta proposamenek izatea pisu handiagoa, ala irabazteko gai izango den hautagai bat aurkeztea? Bigarren aukera horrek pisu handia izan zuen 2017an, Melenchonen boto emaileen bigarren aukera Macronen alde egitea baitzen; baita alderantziz ere.

Ekonomia eta ekologia

Hautagaitza bateratuaz, ezkerreko boto emaileek profil hau nahi dute, Ifop eta Ipsos etxeen azken inkestek agerian utzi dutenez: arlo ekonomiko, sozial eta ekologikoei garrantzia ematen diena. Izan ere, horiek dira oinarri elektoralak dituen kezka eta lehentasunak, eta, Macronen agintaldiaren aurrean, aldatu beharreko joerak, are gehiago koronabirusak sorturiko pandemiaren harira.

Inkestek, gainera, agerian utzi dute desberdintasun gutxi daudela PS Alderdi Sozialistaren, EELV Europa Ekologia-Berdeak-en eta Generations mugimenduaren boto emaileen artean; erronka, hortaz, horiek eta FIrenak elkartzea litzateke. Eta, horretan, Melenchonek izango du pisurik handiena, ekologistek gora egin duten arren, gaur egun hark baitu politikoki indarrik handiena ezkertiarren artean.

Intsumisoen, sozialisten eta ekologisten hautagaiei ematen dizkieten babesak gehituta, ezkerrak %24ko babesa lortuko luke hauteskundeak gaur egingo balira, nahikoa Macron-Le Pen duopolioa hausteko. Baina baturek ez dute zertan islatu hautagaitza elkartu batean, hirurak batuta %13-15 artean lortuko bailukete, Ipsosen arabera. Melenchonek jasoko luke babesik handiena, Parisko auzapez Anne Hidalgoren (PS) eta Yannick Jadot EELVren europarlamentariaren aurretik.Anne Hidalgo Parisko auzapeza (PS), iragan ekainean, herriko bozetako garaipena ospatzen. C. Petit Tesson / EFE

FIren buruzagiak, ordea, badu arazo bat, emaitza onenak lortu arren: boto emaileen artean arbuio handia eragiten duela, bai ezkertiarren artean, baita lerro ideologikoan eskuinerago daudenen artean ere; eta horien babesa lortzea ezinbestekoa da, batez ere bigarren itzuliari begira.

Halere, Melenchoni ez zaio arrotza errealitate hori, 2012an eta 2017an egoera berei egin behar izan baitzien aurre. Gora egitea lortu zuen, 3,9 milioitik 7 milioi botoraino —620.000 falta izan zitzaizkion bigarren itzulirako sailkatzeko—, berez haren jarraitzaileak ez direnen botoak jaso baitzituen. Ia bikoiztu egin zuen haren aldeko babesa.

Beste hautagaitzetan, batasunerako keinua egin zuten ekologistek, Jadotek lasterketatik ateratzea erabaki zuenean, garai hartan PSren hautagai eta egun Generations mugimenduaren buruzagi Benoit Hamon babesteko —soilik botoen %6,4 bildu zituen—.

Alde horretatik, egungo indar oreka desberdina da, ekologistak baitaude sozialisten gainetik; eta, halere, Hidalgo da ezkerreko boto emaileen artean babes handiena izango lukeena, nahiz eta ekologisten balizko hautagaiak ospe handia lortu duen.

Datorren urtetik hasita

2022aren aurretik, alderdiek eskualdeetako eta departamenduetako hauteskundeak dituzte; berez datorren urteko martxoan dira, baina baliteke ekainera atzeratzea koronabirusak eragindako osasun pandemiaren ondorioz.

Ezkerrarentzat beste aukera egoki bat izango da batasunaren auzia lantzeko, batez ere hautagaiei eta programari begira; desberdintasun sozialak, soldatak, pentsioak, zergak, osasungintza, feminismoa eta migrazioa, hainbat dira adostasuna erakusteko eta lotzeko auziak alderdi horientzat guztientzat.

Aldiz, bada gai bat presidentetzarako hauteskundeetan gatazkatsua izango dena: Europako Batasuna eta Europako integrazioa. Parisen jarrerak berebiziko garrantzia du Bruselan, talde komunitarioko bigarren ekonomia izanik, eta Alemaniarekin batera hartu duen protagonismoagatik, baina Frantziako ezkerrean denek ez dute iritzi bera horretan.

Alde handia dago intsumisoen, ekologisten eta sozialisten artean; izan ere, Melenchonen oinarriak nahiago du bere estatuaren indarrak handitu, nahiz eta horrek praktikan EB ahuldu. Antzeko gauza bat estatu kide izatearekin: erdiak txartzat jotzen du, eta ekologisten eta sozialisten oinarriek, aldiz, egokitzat.

Alderdiek galdera, arazo, hipotesi eta lan asko dute aurretik 2022ari begira, baina jada hasiak dira mugimenduak egiten. Hamonek iradoki du batasunak Melenchonen inguruan izan behar duela; Parisko alkateak adierazi du hauteskunde horiei begira «garrantzitsua» izan nahi duela, asteon Le Nouvel Observateur aldizkariari emandako elkarrizketan; eta ikusteko dago komunistek zer egingo duten —FIren presidentegaia babestu ohi dute—, eta zer asmo dituen Arnaud Montebourg PSren 2017ko primarioetako hautagai eta Ekonomia ministro ohiak.

Finean, dena dago airean, eta dena dago adosteko Frantziako ezkerrean presidentetzarako bozei begira: badute nahikoa denbora aurretik eta, oraingoz bada ere, ez dago adostasunik inoren inguruan. Batasunak kimera bat dirudi, baita 2022rako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.