Albistea entzun

Gaitzaren edertasunean

Berrehun urte bete dira Charles Baudelaire poeta frantziarra jaio zela. Poesia modernoaren aitatzat hartua da, eta, hark utzitako itzala handia den arren, bere garaian gogor epaitu zuten, orduko moralarekin bat egiten ez zuen bizimodua izateagatik.
Charles Baudelaire poeta frantziarra.
Charles Baudelaire poeta frantziarra. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2021eko apirilak 9

Sinbolismotik surrealismora; etikatik estetikara; erromantizismotik modernitatera; dekadentziatik edertasunera. Kontrako joeren artean kulunkan eta bere garaiko morala eta literatura asaldatuz, Charles Baudelairek XIX. mendeko itzal handieneko idazleetako bat izatea lortu zuen, eta eragin ukaezina izan du gerora. Jules Barbey d'Aurevillyk idazleak «dekadentzia garaiko Dante» deitu zion, eta Paul Verlainek Frantziako poeta madarikatuen zerrendan sartu zuen. Beti bere buruaren jabe, alde batera utzi zuen beragandik espero zena, eta jakin-min aseezinak eskatzen zionaz idazten igaro zuen bizitza. Gaur berrehun urte dira jaio zela.

Nobleziarekin lotutako inguru batean jaio zen, Parisen. 6 urterekin aita hil zitzaion, eta arrasto sakona utzi zion horrek. Bere ama, Caroline Dufayis, Jacques Aupick militarrarekin ezkondu zen, eta Baudelairek inoiz ez zuen onartu. Gaztaroan bizimodu bohemioan murgiltzen hasi zen, eta kalea, drogak eta prostituta etxeak ezagutu zituen. Horrek senideen haserrea eragin zuen, eta aitaordeak bidaia luze bat egitera bidali zuen 1841ean. Kalkutaraino (India) heldu behar zuen, baina laster itzuli zen Parisko bazterreko auzoetara.

Itzuli aurretik hasi zen arte kritika lanak idazten, eta hasieratik erakarri zuen beste kritikarien arreta. Lehen lanean, Le Salon de 1845, orduan zalantzak sortzen zituzten bi artistaren lanak txalotu zituen: Manetena eta Delacroixena. Musika kritikan ere jardun zuen, eta Richard Wagnerren lana goraipatu zuen: arte berri baten sintesitzat jo zuen. Literaturan, E.T.A. Hoffmann eta Edgar Allan Poe definitu zituen modu horretan. Poeren lan ugari itzuli zituen.

Parisera bueltan, 1857an, Gaitzaren loreak poesia liburua eman zuen, bere lanik entzutetsuena, eta baita kritikatuena ere. Sinbolismoaren eta dekadentziaren obra hori mugarritzat jotzen da. Iluntasunaren poemak biltzen ditu, baina baita edertasunarenak ere, ez baitzuen edertasuna baztertu. Lanerako hitzaurre baten zirriborro batean, adierazi zuen «gaitzaren edertasuna erauzi» nahi izan zuela. Balea Zuriak euskarara ekarri zuen iaz lan hori, Patxi Apalategik itzulita. Aurretik, liburuko zenbait olerki zeuden euskaratuak, aldizkarietan argitaratuak gehienak.

Liburuak poetaren inguruan sortutako polemikaren sua piztu zuen. Olerkiak moral publikoaren eta ohitura onen aurkako iraingarritzat jo zituzten, eta egilea epaitu egin zuten. 300 liberako isuna jartzeaz gain, sei poema kentzera behartu zuten. Argitalpen osoa hurrengo hamarkadan agertu zen. Baina, zigorraz gain, poesia modernoaren aitaren kategoria ere eman zion lanak.

Garai hartan hasi zen Petits poèmes en prose (Le Spleen de Paris) bilduma ontzen, osorik 1869an argitaratu zena. Ordukoa da, halaber, Les paradis artificiels artikulu sorta (1858-1860).

Euskarara ekarri dizkioten lanen zerrenda zabala da; olerki solteak ez ezik, baita liburuak ere. Iokin Zaitegik itzuli zuen lehen aldiz, 1927an, Gaitzaren loreak-eko Zaharra eta itsasoa poema. Juan kruz Igerabidek La Fanfarlo (Erein, 1991) liburua euskaratu zuen; Oier Alonsok, Haxixaren poema (Infomart, 1998) eta Wagner Parisen (Infomart, 1999), eta Jean Baptiste Orpustanek, Poema xipiak laxoan (Atlantica, 2007).

Iraultzarekin engaiatua

Frantziako Bigarren Errepublika aldarrikatu zuen 1848ko iraultzan aktiboki parte hartu zuen Baudelairek, eta gero, Luis Napoleon Bonapartek estatu kolpea eman zuenean, berriro irten zen kalera, iraultzaren alde. Baina Frantziak, plebiszitu bidez, Napoleonen kolpea eta Bigarren Inperioaren ezarpena babestu zituen, eta errepublikanoen itxaropenak zapuztu, eta langileen traizio horrek sakon eragin zion poetari. Napoleon III.aren buruzagitzarekin, Paris metropoli handi bat bihurtu zen: merkataritzan, industrian, kapital finantzarioan eta hedapen kolonialean oinarritutako gizartea finkatu zen. Baudelairek hori guztia gaitzesten zuen.

1864an jaioterritik ihes egin zuen. Belgikara bidaiatu zuen, bere lanak publikatuko zituen editore baten bila; alferrik. Hitzaldiak ematen saiatu zen, baina horretan ere porrot egin zuen. Han igaro zituen bizitzako azken urteak, ohean geldirik egotera behartzen zuten gaitz ugarik jota. Azken urte osoa Parisko klinika batean pasatu zuen, eta 46 urterekin zendu zen. Diotenez, maleta bat gordetzen zuen, poema berriekin; uste denez, Gaitzaren loreak-en behin betiko ediziorako, baina galdu egin zen.

Eragina ondorengoengan

Haren heriotzaren ondoren, Arthur Rimbaud izan zen goretsi zuen lehen idazleetako bat: hil eta lau urtera, Baudelaire «poeten errege, benetako jainko» izendatu zuen. Kritikoak bat datoz Baudelairek formalki poesia modernoaren bidea ireki zuela esatean; lehen «kontrakulturala» izan zela esaten duenik ere bada.

Edertasunaren, sublimearen, idealaren, eta zakarraren, groteskoaren, ilunaren artean aritu zen, gizakiaren esperientzia gorenak eta ezkorrenak islatuz poesietan. Gaitzaren loreak lanaren hitzaurrean, Felipe Juaristik honela gogoratu zuen idazlea: «Modernitatearen aurkako modernoa, aurrerapenaren aurkako aurrerazalea, kontraesanez jositako gizona, bizi izan zuen garaia bezalaxe, ez gehiago ez gutxiago, dandy bat, hil eta bizi dena ispilu baten aurrean bezala». Literaturan izan zuen eraginak arrastoa utzi zuen hurrengo idazleengan, eta nabarmena da, baita berrehun urteren ondoren ere.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Artozkiko artelanen aurkezpena

'Artezki'-ko hamalau lan erakutsita, falta direnak itzultzeko eskatu dute

Ainhoa Sarasola - Iker Tubia

Itoizko urtegiaren kontra aritu zirenek azalpenak eskatu dizkiote Nafarroako Gobernuari. Artozkin galdutako hamazazpi lan falta dira oraindik. Agertu direnak Iruñean eta Agoitzen ikusgai izanen dira

Xabier Mendiguren Bereziartu, iazko azaroan. ©Izaro Andres / Foku

Xabier Mendiguren Bereziartu itzultzailea eta idazlea hil da, 78 urte zituela

Arantxa Iraola - Ekhi Erremundegi Beloki

Ikastolen mugimenduan ibili zen. Euskalgintzaren Kontseiluko lehen idazkari nagusia izan zen eta euskaltzain urgazlea

Itoizko urtegiko irudiak, kanoa batetik eginak, Irati ibaia zena zeharkatzen, Artozki inguruan. ©JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Itoizko oroitzapenak igerian

Iker Tubia

Hogei urteko borroka izan zen Itoizko urtegiaren kontrakoa. Duela hogei urte, Itoitz eta Artozki herriei eusten saiatu ziren ekintzaileak. Bide guzietatik saiatu arren, ez zuten proiektua gelditzerik izan.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Etengabeko prozesu baten emaitza da gure lana»

Olatz Enzunza Mallona

Nahiz eta ziurgabetasuna ofizioaren parte izan artearen arloan, funtsezkoa da egiten den horretan tematzea, Susana Talayero artistaren ustez. Gure Artea saria jasoko du bihar, ia 40 urteko ibilbide artistikoagatik.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.