Begiratu luze bat munduaren anabasari

Luis Garcia Berlanga Espainiako zinemagilerik entzutetsuenetako bat da. Bere garaiko gizartearen satira garratzak egin zituen, zinema modernoaren moldeak baliatuz, eta muturrera eraman zituen bere estiloa eta ikuspegia. Gaur ehun urte dira jaio zela.

Berlangari buruzko erakusketa bat, Valentzian, mendeurrena kari. BIEL ALIÑO / EFE.
Andoni Imaz.
2021eko ekainaren 12a
00:00
Entzun
Iazko azaroan, gaur-gaurko zenbait hitzekin batera —COVID, desescalada eta abar—, RAE Espainiako Errege Akademiak berlanguiano adjektiboa sartu zuen hiztegian. Luis Garcia Berlanga zinemagilearen (Valentzia, Herrialde Katalanak, 1921 - Madril, 2010) obra enblematikoa da Espainiako kulturan, eta haren lanen trazuak dituzten egoerak izendatzeko erabilitako hitzak gauza asko bildu ohi ditu, hipokrisia moraletik eta ekintza esperpentikoetatik hasi, eta orokorrean Espainiako idiosinkrasiaren barruan dauden askotariko aldrebeskeria ironikoetaraino.

Hitzaren azpian, Europako zinemaren modernitatearen islak sumatzen dira, hala ere. Askotan nabarmentzen dute haren filmen izaera espainiar agerikoa, Ramon Maria del Valle-Inclanen esperpentotik hurbil dagoena; hainbestetan, non arriskua baitago alde batera uzteko hortik harago doan eszeptizismo bereizgarri bat, zalapartaria bezain hotza. Hasierako garaian, bere arorik xaloenean, Valentziako saineteek bezainbesteko eragina izan zuten harengan Frank Capraren idealismoak, Rene Clairren errealismo poetikoak eta Cesare Zavattiniren neorrealismoak.

Bere kasa zuzendu zuen lehen filma, ¡Bienvenido, Míster Marshall! (1953) —aurretik Esa pareja feliz (1951) egin zuen Juan Antonio Bardemekin—, bere talde istorioen abiaburua izan zen. Hori eta hurrengo lanak, Novio a la vista (1954), Calabuch (1956) eta Los jueves, Milagro (1957), parabola garratz eta maleziatsuak dira, garatu gabeko Espainiaren satirak; eta, bide batez, orduan nagusi zen zinemaren gainazpikatzearen isla.

Berlangaren zinemagintzako zenbait elementu finkatu egin ziren: talde izaera, kritika soziala, umore garratza eta plano sekuentzia. Harentzat, plano sekuentzia ez zen benetakotasuna lortzeko bide bat, ezta ikusleengan denboraren esperientzia moldatzeko era bat ere; kontatzeko modu bat zen: pertsonaiak elkartu, identitateak nahasi eta iskanbila hori biltzekoa. Gizabanakoa baliogabetzen zuen gizarte bat enkoadratzeko tresna bat zen, finean.

Kritikak zinemagilearen maisulantzat ditubi film hauek: Plácido (1961) eta El verdugo (1963). Francoren diktadura garaiko pobreziari buruzkoa bata; heriotza zigorraren kontrakoa bestea. Baita hori baino gehiago ere: bizitzak astindutako pertsonen istorio latzak dira. «Nire filmen amaieran, pertsonaiak miserableak dira; inoiz ez dute beren posizioa hobetzen», azaldu zuen Berlangak. Plácido-n, 30 urtez iraun zuen kolaborazio bat hasi zuen Rafael Azcona gidoilariarekin.

Ingelesez besteko film onenaren Oscar sarirako izendatu zuten Plácido, eta Veneziako Zinemaldian aurkeztu zuen El verdugo. Bi komedia beltzek ez zieten graziarik egin Espainiako agintariei, baina; Francok berak «espainiar txarra» deitu zion Berlangari.

Ordurako, nouvelle vague sortua zegoen, eta Michelangelo Antonionik eta Ingmar Bergmanek eginak zituzten inkomunikazioaren eta isiltasunaren trilogiak, hurrenez hurren. Zinemagintza modernoaren ikurrak guztiak. Berlangaren zineman, inkomunikazioa iskanbila da; gizarte asaldatu batek pertsona jaten du.

1970eko hamarkadan bestelako tonu eta giro batzuetara jo zuen. Bolada horretan, muturrera eraman zituen bere obsesio nagusiak: sexua, bakardadea, misantropia eta misoginia. Jose Luis Garcia Berlanga semeak «misoginiaren trilogia» deitu izan dio La boutique-k (1967), ¡Vivan los novios!-ek (1969) eta Grandeur nature-k (1973) osatzen dutenari. Bere diskurtso anbiguoa gero eta labainagoa bihurtu zen.

Garratza, mintzen

Zuzendariaren arrakasta komertzialik handiena La escopeta nacional (1978) izan zen, Franco hil osteko bere lehen filma. Bi milioi lagunek baino gehiagok ikusi zuten, eta Leguineche familiaren ibilerak aletu zituen Patrimonio nacional (1980) eta Nacional III (1982) lanetan. Hasiera bat zen, diktadurarik eta zentsurarik gabeko aro berri bat, baina gainbehera kutsu bat ere sumatzen zen.

Espainiako diktadura osteko kultur giroko irakinaldian, izen berri batzuk finkatzen hasi ziren, orduko ikuspegi progresistari lotutakoak: Pedro Almodovar, Fernando Colomo, Fernando Trueba... Berlangak, bere izaera transgresore eta libertarioaz gain, 60 urte ere bazituen ordurako.

Jatorrira itzuli zen, nolabait. Hamarkada batzuk lehenago hasi zuen proiektu bat amaitu ahal izan zuen: La vaquilla (1985), 36ko gerrako komedia bat. Eta Valentzian filmatu zituen azken hiru filmak: Moros y cristianos (1987), Todos a la cárcel (1993) eta París-Tombuctú (1999). Zakarkeria bat erakusten dute, egokitu ezinarekin lotu izan dena.

Mendeurrenaren harira, hainbat ekitaldi antolatu dituzte, instituzioek bultzatuta —Espainiako Filmategiko lehen presidentea izan zen, baita Zinema Akademiaren sortzaileetako bat ere—. Egunotan hizpide da bere lan batzuen gaurkotasun bizia, eta irudikapen zaharkitu batzuen alde irristakorra ere bai. Ez zuen alferrik bildu mende erdi bat iruditan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.