Albistea entzun

Literatura

Dena atera da Marcel Prousten te kikaratik

XIX. mende bukaerako eta XX.aren hasierako frantziar gizartea agertzen du Marcel Proustek 'Denbora galduaren bila' nobelan: xehetasunez josia dago, eta oroitzapenak berreskuratzeko ahalegina da. Gaur 150 urte bete dira Proust jaio zenetik.
Marcel Proust idazlea, gaztea zeneko argazki batean.
Marcel Proust idazlea, gaztea zeneko argazki batean. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Amaia Igartua Aristondo -

2021eko uztailak 10

Uste dugu gure barneko ondasun guztiak, igarotako atseginak eta oinazeak gureak direla beti. Joan eta etorri egiten direla esatea ere ez da zehatza, akaso. Edozein kasutan, gugan irauten badute, domeinu ezezagun batean egoten dira ohiz, non ez zaizkigun ezertarako balio». Hildako amonaren oroitzapen lausotua baino ezin izan du gogoratu urtebetez Marcel narratzaileak; bat-batean, ordea, zapata eranzteko makurtzean, amona ikusi du bizi-bizi; araztu zaio memoria, gogora etorri zaio, xehe, hilabeteetan ezkutuan egon den irudia.

Behialako bizipenak orainaldira ekartzeko ahaleginek eta oztopoek josten dute Marcel Prousten (Paris, 1871-1922) lanik entzutetsuena: À la recherche du temps perdu (Denbora galduaren bila). Obra osatzen duten zazpi aleetan, belle époque-ko giroa deskribatzen da: bi gerren arteko bizimodu ustez bukolikoa agertzen du ñabardurarik txikienari ere erreparatuta.

Nobleen eta burgesen saloiak, ekitaldi sozialetan arinki eztabaidatutako aferak, baina baita desiraren esnatzea ere, eta, halaber, teoria artistiko eta literario zorrotzen planteamendua: Prousten lanik gogoangarrienean alde asko daude gogoratu eta iruzkintzeko. Idazle frantziarra jaio zela 150 urte betetzen dira gaur, eta efemerideak balio lezake, halaber, nobelaren eraberritzea kronologikoki kokatzeko, gutxi-asko: Proust izan baitzen, beste zenbait izenekin batera, generoaren mugak lehertu zituztenetako bat.

Introspekzioan bermatzen da kontaketa. Prousten sintaxia puzten eta kiribiltzen doa, proposizioak korapilatu egiten dira aurpegiera bat deskribatzeko, lore baten egiturak eragiten dion zirrara adierazteko edo Guermantes familiaren historia luzeaz zein Balbeceko elizaren fatxadaz jarduteko. Ezer ez da hutsala, zilegi da txikikeriatzat jotakoak erakusteko lerroak eta lerroak —eta orriak eta orriak— hartzea: zainzuri baten morfologia artelan baten pare dago azalduta; errezel soil batek erakar dezake haren arreta, eta, ondorioz, baita irakurlearena ere, ezinbestean.

Oinarri autobiografikoa du Denbora galduaren bila-k: Proust bera goi klasekoen ekitaldi andana batean izan zen gaztetan; Dreyfus kasuak eta hura eragin eta hark hauspotu zuen antisemitismoak ere amorrarazi zuten —Proust ere judua zen—; idazleak ere sufritu zuen maitale baten galera, maitearen desagerpenak eragindako ezinegona eta, aldi berean, baita distantziak pixkanaka eragindako ahanztura ere.

Orobat, aurretik garatutako gai, molde eta ikuspuntuetako asko jorratu zituen zazpi aleotan: kaleratu zuen lehen liburuan, Les Plaisirs et les Jours-en (1896; Proustek ordaindu zuen argitalpena) prosa poetikoa darabil; XIX. mendearen azken hamarkadan, saloiak hizpide zituen liburu bati ekin zion, idazlearen heriotzaren ondoren publikatu zena: Jean Santeuil. Gogoko zituen idazleen estiloak imitatuz, pastiche batzuk ere ondu zituen, eta John Ruskinen zenbait lan itzuli zituen bere amak lagunduta.

1907an hasi zuen Denbora galduaren bila, eta bertako narratzaileak bezala, oroitzapenak berreskuratu behar izan zituen idazleak ere, hein batean: izan ere, gurasoen heriotzek eta, bereziki, amarenak —1905ean hil zen— betidanik zuen asma gaiztotu eta, gainera, depresio sakon bat eragin zioten. Ondorioz, pisu batean itxita egon zen hainbat urtez, —hormak kortxoz estali zituen are bakartuago egoteko—, eta bakardadea baino ez lagun sortu zituen irudi bizi horiek: etengabe idazten eta, era berean, idatzitakoa etengabe zuzentzen, ezabaketak egiten eta eranskin mordo bat txertatzen —azken lau liburuak ezin izan zituen nahi beste orraztu, eta, ondorioz, ohar luze horiek han-hemenka eteten dute narrazioa—. 1913an argitaratu zuen lehen alea, Du côté de chez Swann —Joxe Austin Arrietak euskaratu zuen: Swann-enetik, Alberdania & Elkar, 2010—, eta 1927an argitaratuko zen azkena, Le temps retrouvé, autorea hil eta bost urtera.

Desiraren oinazea

Laugarren alearen hasieran Sodome et Gomorrhe—, Guermantesko dukearen zain dago Marcel: hirugarren alearen bukaeratik dago hala, baina berariaz atzeratu du bitartean jazotako pasadizo bat. Lore bat ikusi du irekitako leiho baten aurrean, eta, haren edertasunak txundituta, hurbildu egin da; gela horretan, Charlus baroia eta haren lagun Jupien daude, lagunarteko solasaldi batean, agerian; ustekabean, baina, elkar gorteatzen hasi eta leihoa itxiko dute; gelaren barruan gertatzen dena entzun baino ezingo du egin Marcelek.

Harriduraz jabetzen da narratzailea Palamede baroia, nobleziako kide boteretsu eta diruduna, homosexuala dela. Baina, narrazioan aurrera egin ahala, euren desira ezkutuki asetzeko baliabideak aurkitu dituzten gizon eta emakume andana batekin egingo du topo; ohitu egingo da, eta jada ez da harrituko ezta jakitean ere baroiaren amorante gaztea seduzitzeko ahaleginetan ari dela printze ezagun bat.

Bizipenetatik abiatu zen, era berean, kontakizun horiek taxutzeko: gizonezkoekin izan zituen harremanak Proustek, ezkutuan edo erdi-ezkutuan gordeak, baina dena den gauzatuak; narratzailearen homosexualitatea ere ezkutuan utzi zuen, baina, orobat, hura ondorioztatzeko heldulekuak ere kokatu zituen nonbait. Gerora, Albertine estrategia deitu izan diote horri: Marcelen maitalea da Albertine, eta emakume gisa irudikatzen du autoreak, baina protagonistaren sexu orientazioa agerian ez uzteko eginiko tranpa litzateke, hainbat adituk azaldu dutenez.

Edonola ere, desira eta maitasuna mingarriak dira Denbora galduaren bila-n, eta, oroz gain, min emaileak: hiru harreman nagusiak —Swann eta Odette, Marcel eta Albertine eta Palamede eta Morelen artekoak, hain justu—, bikotearen kontrolean oinarrituta daude: Marcelek, Palamedek eta Swannek, jelosiak jota, une oro nahi dute jakin beren maitalea zer egiten ari den eta norekin; bestearen faltak desesperatu egiten ditu, baina presentziak ere bai; azken batean, maitearekin bainoago, haren absentziaz maiteminduak dirudite, eta, kasu guztietan, sufriarazten dien harremanak dira.

«Goiz oheratu izan naiz luzaroan». Hala hasten da Swann-enetik: Combrayko garaietan, Swannen bisitaren erruz gurasoek lokartzera bidaltzen zuten Marcel gaztea, eta helduaroan ere ohitura bera hartu du. Igarotako garaiak oroitzeko ahalegina egiten ari da, baina oroitzapen herrenak baino ez datozkio. Alabaina, amonaren irudiarekin gertatu bezala, ezustean agertuko zaio gaztetako Combray: zehazki, tean bustitako madalena zati bat ahoratzen duenean ikusiko du herria, orduko hartan zituen xehetasun denekin. Usainak, zaporeak eta ahosabaiaren kontra antzemandako testurak: zentzumenek dakarkiote gogora ahaztutzat zuena. Orainaldiko sentsazioetatik tiraka osatuko du galdutako paradisuaren erretratua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Albiste gehiago

Txaber Altubek irabazi zuen Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU

Soto, Sanjurjo eta Gorosterrazu, Nafarroako finalaurrekoetan

Erredakzioa

Donezteben jokatutako azken kanporaketarekin erabakita gelditu dira finalerdiak. Altube nagusitu da Bizkaian
 ©BERRIA

KOMIKIRA HURBILTZEKO MAPA TXIKIA

Gorka Arrese

Urriaren 3an amaitu ziren Getxoko XIX. Komiki Azoka eta Nafarroako XII. Komikiaren Azoka. Euskarazko argitalpenak aurkezten izan ziren marrazkilariak, gidoilariak eta argitaratzaileak. Litekeena da laster beste jaialdi bat sortzea Gipuzkoan. Inoizko kemen eta ospe handienez dihardute komikigintzan
 ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Paparra erakusteko moduan dago komikigintza»

Gorka Arrese

Marrazkilaria, gidoilaria eta editorea da Dani Fano (Donostia, 1968). 'Sasi artean Elgeta' albuma argitaratu du berriki, Ekaitz Agirre 'Garluk' margolariarekin eta Koldo Izagirre gidoilariarekin batera. Ikastolen Elkartearen 'Xabiroi' komiki aldizkaria gidatzen du 2005etik hona.
Amets Arzallus ofizio guztietan nabarmendu zen, atzo, Maulen. ©BOB EDME

Amets Arzallus, lehen finalista

Hodei Iruretagoiena

526 puntu eskuratuta, Xilabako finalera pasatu da Maulen jokatutako lehen finalerdian, ariketa guztietan beretik emanda. Maddi Ane Txoperenak egin du bigarren

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna