'Kaibutsu' / 'Monster'
Zuzendaria: Hirokazu Koreeda. Herrialdea: Japonia.Iraupena: 126 minutu.
Hiru begirada. Hiru bizipen. Hiru istorio. Edo istorio bakarra, hiru ertzetatik bizitutakoa. Saori ama. Hori irakaslea. Minato haurra. Puzzle eran kontatutako filma.
Saorik 12 urteko haur bat du, Minato. Urteak dira haren aita hil zela, eta ama-semea bakarrik bizi dira. Konfiantzazko harremana dute, baina Minato zerbait ezkutatzen ari dela konturatuko da Saori: gauzak kontatzeari utzi dio, etxetik ihes egiten du, eta belarrian zauri bat du.
Hori irakasle berria da Minatoren eskolan. Pazientzia duen gizona da, eta bere ikasleengatik kezkatzen da. Ikasgelan zerbait gertatzen ari dela ohartuko da, haurrak aztoratuta dabiltza, baina batek eta besteak kontatzen dizkioten istorioek ez dute egoera argitzen.
Minato hazten ari den haur bat da. Eskolan bere lekua topatu nahian dabil, klasekideen artean gehiegi nabarmendu gabe. Laguntasun berriek bere buruari galderak eginaraziko dizkie.
Hirokazu Koreedak hiru pertsonaien begiraden bidez kontatu du Monster. Lehenik amarena, ondoren Hori irakaslearena, eta, azkenik, Minato haurrarena. Begirada bakoitzak istorioa berreraikitzen du, aurretik ikusitako guztia aurreiritzi bat besterik ez zela azaleratuz, eta azken begirada arte, Minatorena, ez dugu gertatutakoa bere osotasunean ulertuko. Horrela, filmean zehar ikusitako gako guztiak bere lekuan kokatuko ditugu, eta kontakizunaren %75ean oker geundela ohartuko gara.
Hiru istorio hauekin bezala, nik ere hiru erantzun izan ditut japoniarraren filmarekin. Lehena, asetasun sentipena izan da, milimetrora neurtutako gidoi batek ematen duena. Ezer ez da ausazko, eta puzzlea eraikitzen doan heinean, Yuji Sakamotoren gidoiaren eta Koreedaren zuzendaritzaren maisutasunak liluratu nau: misteriozko film batean hiltzailea begien aurrean izan arren nor zen ohartu ez izanak ematen dizun sentsazioa. Ondoren, Minatoren bizipena ikusitakoan, eta filma amaitu eta berehala, hunkitu egin naiz. Japoniarraren istorioekin gertatzen den bezala, haurraren kontakizuna gogorra eta tristea da, baina esperantza apur bat zabaltzen du guztiz iluna zirudien filmaren gainean.
Azken erreakzioa filma ikusi eta pare bat ordutara iritsi zait. Desengainua izan da. Monster-en muinean dagoen istorioak, Minatorenak, jolas eta trikimailu horiek merezi ez dituela uste dut. Estruktura aldetik, pertsonaien garapenari dagokionez oso interesgarria da, gidoiaren eraikuntzari buruz ikasteko baliabide bikaina. Baina Minato eta bere inguruak bizitakoak film oso baten sakontasuna behar du, eta gurekin jolasean ibili ondoren, bide ezberdinetatik nahieran gidatuz, azken sorpresa bezala erabiltzea sentsibilitate urrikoa iruditzen zait.