KRITIKA. Musika

Amerikaren oihartzunak

Philippe Quint biolin jotzailea, artxiboko irudi batean.
Philippe Quint biolin jotzailea, artxiboko irudi batean. PHILIPP JEKKER

Jesus Mari Begoña -

2019ko otsailak 5

Bilboko Orkestra Sinfonikoa

Zuzendaria: Carlos Miguel Prieto. Bakarlaria: Philippe Quint, biolinean. Egitaraua: Aaron Copland, Leonard Bernstein, George Gershwin eta Alberto Ginasteraren lanak. Lekua: Bilboko Euskalduna jauregia. Eguna: Urtarrilaren 31.

Bilboko Orkestra Sinfonikoak askotariko mamia duen egitaraua aurkeztu du bere denboraldiko hamargarren kontzertuan, ibilbide amerikarrean barrena bidaia eginez. Izan ere, ikusgarriak bezain arinak izan dira egitarauaren bi muturretako piezak —hasiera eta bukaerakoak— eta kalitate hobekoak, berriz, erdialdekoak. Bestalde, Carlos Miguel Prieto mexikar zuzendariak ez du lortu, kasu guztietan, orkestrak duen potentzialtasuna ateratzea: zehaztasun eta azentu falta txikiak eta denbora pasa batzuk izan dira joaldi orokorrean zuzenaren akats arinak.

Aldiz, gozagarria izan da Philipe Quint biolin bakarlariaren joaldia Bernstein polifazetikoaren Serenata-n (Platonen Sinposioa lanean oinarritua). Bertan, biolin bakarlaria elkarrizketan aritzen da orkestrarekin, Platonen obrako sei pertsonaiek oturuntza batean amodioaren inguruan dituzten gorabeherak azaltzeko. San Petersburgoko artistak garbitasuna atera zion Stradivarius biolin gardenari: fraseatze txukuna, hari bikoitzak, portamento goxoak, stacatto-ak... tartekatu ziren orkestraren eta bakarlariaren arteko elkarrizketa amaigabean. Zaleen txalo zaparrada eskertzeko, egitarautik kanpoko pieza bat oparitu zuen, Porgy and Bess operaren zati dotore bat, hain justu.

Aaron Coplanden Mexiko aretoa —hasieran jo zutena— ez da konpositore estatubatuarraren piezarik onenaren, ezta BOSek jotako onena ere. Coplandek mexikar doinua zatikatzen du, ohikoan haren lanetan ageri diren perkusio kolpeak tartekatuz.

Bestalde, publiko zabalarentzat erakargarriak dira Gershwinen doinuak, are gehiago bere lanik onenaren gainean egindako SuiteaPorgy and Bess operatik hartua, Robert Russell Bennettek egin zuen konponketa dotorea—. Zuzendariak eta orkestrak azentua landu dute bederatzi edo hamar zatitan banatzen den suitean. Oso estimatuak izan dira zatikien arteko bitartekoak, partituraren musikalitatea, eta sentimendu lirikoa ateratzeko zuzendariak egindako ahalegina.

Alberto Ginasteraren Egonaldia, dantza-suitea iritsi zen kontzertuaren bukaeran. Lau zatitan banaturik, hirutan perkusioaren erakustaldia egiten da, amaigabeko ritornello-an amaieran. Argentinako gautxoen bizimodua agertzen da obran, indiarren dantzak oinarri hartuta; sinkopak eta kontra erritmoak dira nagusi, marinbek eta familia guztietako danborrek lagundurik. Hunkigarria bigarren dantza Gariaren dantza deritzona; dantza geldoa eta lirikoa.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna