ATZEKOZ AURRERA

Boz goraz kantatutako oroitzak

Baionan Kantuz taldeak 20 urte egin dituela eta, Euskal Herri osoko herri kantuen taldeak elkartu dira, Baionan. Abesten eta elkarri kontuak esaten eman dute eguna, giro ederrean.

Euskal Museoaren parean geldialdia egin zuen, atzo, Baionan Kantuz taldearen urteurreneko ekitaldiak; jendetza elkartu zen abestera. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Baiona
2017ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Zapi morea dakarte santurtziarrek, urdina tolosarrek, gorria baionarrek, miarriztarrek, angeluarrek... Geroz eta beteago dago Baionako Espainiako atea. Kafea eta jatekoa banatu bitartean, iristen ari dira plentziarrak, sopeloztarrak, iruindarrak... Bilbotik hiru talde, eta Gasteiztik beste hainbat. Musikariak hasiak dira ingurua girotzen, eta 11:00k jotzerako igo da oholtzara Guillaume Irigoien, Baionan Kantuz taldeko kidea: «Hemengo denek anitz oroitzapen ditugu, onak eta txarrak, eta gaur guziak elkarrekin kontatuko ditugu, eta gozatuko dugu».

Kantu ibilbidea Agur Jaunak abestuz hasiko dutela iragarri du, baina zuzenketa egin du segituan: «Agur jaunak ez, agur denak, zeren badira andereak ere!». Baionan Kantuz-ek 20 urte egin ditu, eta, urteurrenaren aitzakian, Euskal Herri osoko taldeak batu dira, larunbatez, kantatu eta elkarrekin eguna pasatzeko. Biharamuna Frantziako hauteskundeetan boza emateko eguna dela gogoratzen dute paretetako kartelek, baina bihar biharkoak: boz gora aritzeko eguna da gaurkoa.

Nahi gabe, bi ahotsetara doa bigarren kantua: batzuk Gora ta gora beti dabiltzan bitartean, beste hainbat Gorantza doa. Kantu eta, kantu artean, denetarikoak entzuten dira: euskara, gaztelera, frantsesa... Lau haizetara izenburuak zer esan nahi ote duen galdetu du Sophie Lautardek. Baionan bizi da duela hiruzpalau urtetik, baina ez du euskara ikasi. Dena den, elkartu egiten da Baionako kantu taldea kalean ikusten duen aldiro: «Sortzen den giroa asko gustatzen zait, eta pixkanaka ari naiz ikasten». Baratze bat, John Zaharra, Haizea... jarraitu du kantu zerrendak. Eta mugitzeko garaia da.

Auzitegi Zaharrerantz, zapi morea jantzita doa Josu Aranbarri. Santurtziko (Bizkaia) taldeko kidea da, eta gustura hartu du Baionara etortzeko gonbidapena. «40 lagun inguru etorri gara, egun-pasa». Hileko azken larunbatetan atera ohi dira Santurtzin, eta lauzpabost tokitan egiten dute geldialdia. Aurretik, ordea, entseguak egin behar: «Astearte eta larunbatetan elkartzen gara. Urte eta gutxi daramagu, baina 50 lagun ibiltzen gara batez beste». Tarteka, Bilbo Kantari taldean ere parte hartzen dute.

Berriro kantatzen hasteko unea da: Loretxoa, Athenryko zelaiak, Muga gainetik... Itzaletik begira ari dira Jon Gartzia eta Iker Aristi gipuzkoarrak. Landetan (Okzitania) egin duten oporralditik bueltan, geldialdia egin dute Baionan: «Polita da ikustea, baina han ez gara animatzen; gazteok normalean...». Bat dator Tolosatik (Gipuzkoa) etorri den Jose Kruz Irastorza: «Sanjoanetan, festetan, egin izan ditugu ahalegin batzuk; gazteak eguerdian Plaza Berrian egoten dira, eta hara joan izan gara, ea animatzen ziren, baina ez...». Irastorzaren arabera, ohitura galdu da. Beste modu batera gogoratzen ditu bere gazte garaiak: «Guk, bazkari edo afari bat egin, eta abesten bukatzen genuen. Orain hori ez da egiten normalean». 96 bat lagun etorri dira Tolosatik, bi autobusetan. Zazpi-zortzi urte daramatzate herriko kaleetan abesten, eta, Irastorzak dioenez, eguraldiak eragin handia du elkartzen den jende kopuruan: «Azkeneko larunbatean, adibidez, txarra egin zuen, hotza, eta nabaritzen da. Gaurkoa ez da kexatzeko modukoa».

Euskal Museorantz doa ibilbidea, postuz beteta dagoen Marengo zubitik. Eguzkiak gogor jotzen du, eta lepoko zapi batzuk buru gainetara pasatu dira. Itsasontzi baten ibili ondoren, Azken dantza hau egin dute, eta Ixil-ixilik kantatuta joan dira Xaho kairantz. Handik Lauga gelara, eta, gero, bazkaltzera. Txartel guztiak salduta daude: seiehun.

Halako jendetza ikusita, gustura dago Gilles Parot Baionan Kantuz-eko kidea: «Azpimarratzekoa da gu izan ginela lehendabizikoak horrelako talde bat antolatzen. Hogei urteren buruan, pozik gara ezker eta eskuin sortu dituztelako hainbat talde». Baionan Kantuz-en sorrera «istorio eder» modura gogoratzen du. «Garai hartan, denak ginen Baionako ikastoletako gurasoak, eta bi xede genituen: euskal kantuak ukan zezala bere lekua Baionan, eta ikastolaren promozioa egitea. Lehenbiziko hilabeteetan ez ginen anitz, baina urtez urte handitu da gure taldea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.