ATZEKOZ AURRERA

Zirujau diren igerilari onen bila

Hondartzan Gurutze Gorriko sorosle izateko hautaprobak egin dituzte ehun bat lagunek, Donostian. Itsasoa eta eguraldia alde izan dituzte; fisikoki ondo egotea, ordea, ez da nahikoa.

Sorosle izateko hautagaiak Donostiako kaitik atera ziren, atzo, Santa Klara uharterantz; handik, Ondarretaraino joan ziren igerian. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Maite Alustiza.
Donostia
2017ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Kaian paseoan dabilen bikote bat gelditu egin da, neopreno jantzian dagoen jende multzoari begiratzeko. Gizon bat batu zaie aldamenera, eta bi emakume gero, argazki kamera batekin. Neoprenodunen arreta gunea, ordea, itsasoan dago. Larunbat goiza da, eguzkitsu dago Donostia, eta Gurutze Gorriaren salbamendu gunea ohi baino beteago. Bare dago itsasoa, eta mareabehera. «Itsasoaren egoera askoz ere hobea da; iazko proba izugarria izan zen. Gaurkoa abiadura eta teknika hobea dituztenen aldekoa izango da». Antxon Gonzalez andoaindarra prest dago Gurutze Gorriak antolatutako proban parte hartzeko. Guztira, ehun lagun inguru bildu dira kai ingurura, udan Gipuzkoako bost hondartzatan sorosle izateko proba fisikora: 1.500 metro egin beharko dituzte igerian, eta 1.600 metro korrika. Aukeratuak Donostian, Orion, Zumaian, Deban eta Mutrikun ariko dira sorosle; 80 lagun, gutxi gorabehera. Marcelo Perutxena Gipuzkoako hondartzetako koordinatzaileak zehaztu duenez, uretan zein lurrean ondo moldatuko den talde bat osatu nahi dute: «Ez zaizkigu interesatzen bakarrik igerilari bikainak direnak, ezta bakarrik zirujau bikainak direnak ere».

Jende gaztea da gehiengoa; hala ere, askok badute esperientzia. Gonzalezek, adibidez, Zurriolako hondartzan eman zuen iazko uda. Olatu eta itsaslaster handiko hondartza izanik, are arreta handiagoz ibili beharra tokatu zitzaion. «Batez ere, surflarien kontuarekin egon behar da adi; olatu gehieneko hondartza da, eta gainean egon behar da». Oro har, esperientzia oso positiboa izan zitzaion, eta horregatik animatu da errepikatzera. Alde negatiborik ateratzekotan, bainulari batzuen jarrera aipatu du: «Sentitzen duzu batzuek ez dutela gure lana ulertzen; jendeak etsaitzat gaitu, baina gu laguntzeko gaude, ez izorratzeko».

Gutxi falta da proba hasteko, eta motxilak kontsignan uzten dabiltza parte hartzaileak. Han inguruan dabil Elisabet Zuñiga. Probetara aurkezten den hirugarren aldia da, eta bitan sorosle izandakoa da, Kontxan. Gonzalezek bezala, esperientzia oso aberatsa izan zela dio: «Asko ikasten da osasun arloan, lan egiteko moduan, eta taldeko lana oso garrantzitsua da». Uretaratzera doan neska gutxienetako bat da, mutilak baitira gehienak. Zuñigak baieztatu duenez, neska gutxi dabil sorosle modura, eta pausoa ematera animatu ditu: «Pixka bat entrenatuz gero, lor daiteke. Posible da, eta hondartzek neska gehiago behar dituzte».

Lehen aldia da, berriz, Manu Risquezentzat. Malagan (Espainia) sortua da, eta Euskal Herrian bizi da. Ez da inoiz ere sorosle aritu, baina osasun larrialdietako teknikaria da, eta, 2000. urtetik, Gurutze Gorriko boluntarioa. Proba fisikoaren aurretik, azterketa teorikoa eta beste hainbat proba ere izan zituzten, ostiralean, eta alde fisikoa ez ezik, teoria ere lantzen jardun du. Lau bat hilabetez aritu da prestatzen, ikastaroak egiten, eta uretako sorosle izateko ziurtagiria atera du.

Tituluak eta esperientzia

Proba fisikoak eta teorikoak. Biak hartuko dituzte kontuan ebaluatzean. Baita beste hainbat aldagai ere, Perutxenak azaldu duenez: «Titulazio jakin batzuk izan behar dituzte, eta, horrez gain, esperientzia ere kontuan hartzen dugu, baita Gurutze Gorriko boluntario izatea ere». Lan egiteko gogoa ere garrantzitsua da; mugitzeko orduan, adibidez: «Denek nahi izaten dute Donostian egon; Deba eta Mutrikuko lekuak betetzea, berriz, zailagoa da. Baina lan egin nahi badute, batzuek mugitu egin beharko dute». Pare bat aste barru jakingo dituzte emaitzak.

Txano gorriak buruan jarri dituzte parte hartzaileek, eta, uretaratu aurretik, ibilbidearen inguruko argibideak eman dizkiete. «Denak arranpatik jaitsi, eta itxaron hor behean, kai muturraren azpian. Santa Klara uhartera iristean, igo eskailerak; garbiak daude, baina kontuz». Handik Ondarretara joango dira igerian, Loretoperaino, eta, gero, korrika, Nautikora, Kontxako pasealekutik barrena. Atera aurretik, azken oharra egin die Juan Ramon Barrenak, Gurutze Gorriko osasun eta sorospen zerbitzuko zuzendariak: «Proba garrantzitsua da hau, baina ez da bakarra. Lehenengoa iristea ez da inportantea; beraz, lasai hartu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.