Albistea entzun

Katalunia. Elkarrizketa mahaia

Sanchezek eta Aragonesek eperik gabeko elkarrizketa nahi dute

Elkarrizketa mahaian biltzen segitzeko borondatea agertu dute bi presidenteek, posizioetan «urrun» daudela aitortu arren. Amnistia eta autodeterminazioa ez dituela onartuko berretsi du Sanchezek
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Pere Aragones Kataluniakoa, atzoko bileran.
Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Pere Aragones Kataluniakoa, atzoko bileran. QUIQUE GARCIA / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Julen Aperribai -

2021eko irailak 16

Posizioak berresteko balio izan zuen Espainiako Gobernuaren eta Generalitatearen arteko atzoko bilerak, eta erroko auzietan lehen bezain urrun daudela erakusteko. Horregatik, hitz egindakoari bainoago, hitz egin izanari eman zioten balioa bi gobernuburuek, eta horretan jarraitzeko borondatea agertu zuten. Bi orduko bilera bat egin zuten Generalitateko jauregian, mahaikide guztiak bildu aurretik, eta bertan hitz egindakoaz azalpenak eman zituzten, bilera amaitu berritan.

Bi aldeek euren arteko arazoei «irtenbide adostuak» emateko «borondatea» dutela nabarmendu zuen Sanchezek, eta pozik azaldu zen Generalitateak asmo bera agertu ziolako. Hala ere, «elkarrengandik oso urrun» daudela berretsi zion bilerak, azaldu zuenez, eta posizio politiko «erradikalki desberdinak» dituztela.

Desadostasun handienak dituzten gaiak azkenerako utzi, eta gertuen daudenei heltzea poposatu zuen Sanchezek. Lehenengoen kasuan, elkarrizketari luzaroan eutsi beharko diotela azaldu zuen, elkarrengana «gerturatu» ahal izateko. Zentzu horretan, uko egin zion mahaiari epemuga jartzeari: «Presarik, eperik eta etenik gabe jarraituko dugu». Gatazka konpontzeko esfortzu handia eta denbora asko beharko direla nabarmendu du: «Egun batetik bestera ez dugu konponduko duela hamar urte hondatu zena».

Gai arantzatsuenak autodeterminazioa eta amnistia direla aitortu zuen Espainiako gobernuburuak. Aragonesek bi eskari horiek plazaratu zizkiola azaldu zuen, biltzen diren «bakoitzean» egiten duen moduan, baina baztertu egin zituela, «ezinezkoak» direla esan zuen, «ez soilik konstituzioak ez dituelako baimentzen, baina baita Kataluniako gizarteak zatiketa gehiago sufritu ezin dituelako ere». Hala ere, garrantzitsuena «irtenbide adostu bat» lortzeko «borondatea» izatea dela azpimarratu zuen.

Momentuz, ez die auzi horiei heldu nahi Sanchezek. Espainiako Gobernuak «berriz elkartzeko agenda» deitzen diona hizpide izan zuen atzo ere, eta hor zehaztutakoetan «aurrera egin» dela nabarmendu zuen. 44 puntuko dokumentu bat da agenda hori, Sanchezek Quim Torra Kataluniako presidente ohiari aurkeztutakoa eta Generalitateak urteetan Madrili egindako eskariei eman beharreko erantzunak jasotzen dituena. Independentismoak hainbatetan esan izan dio Espainiako Gobernuari agenda hori eskumenen inguruko eztabaidan kokatu behar dela, eta ez gatazka politikoarenean.

Elkarrizketa mahaira itzuli izana nabarmendu zuen Aragonesek ere, eta atzoko bilera aurrez bi aldeen artean egindakoetatik bereizi nahi izan zuen, argudiatuta «negoziazio prozesua berriz hastea» esan nahi zuela. Bilerak balio izan zion berresteko Kataluniako gatazkak «elkarrizketan oinarritutako irtenbide bat» eskatzen duela, ondoren herritarrek sostengatu beharko dutena.

Hori egitetik urrun daudela onartu zuen, eta, hortaz, bi aldeek elkarrenganako «konfiantza sortzen» jarraitu behar dutela azpimarratu. Hala ere, Espainiako Gobernuak «gatazka politiko bat» badagoela aitortu izana txalotu zuen: «Gaur, bi ordezkaritzek borondatea agertu dugu negoziazio prozesua berrartzeko eta gatazka konpontzeko gaurkoa baino aldekoagoa izango den testuinguru bat sortzeko».

Legealdiko lehen bi urteen barruan egin beharko dute hori, ERC Esquerra Republicana de Catalunuyak CUPekin adostutakoaren arabera. Atzo, ordea, «epe oso zehatzak ezartzearen» aurka mintzatu zen Aragones. «ezinbestekoena irtenbideak aurkitzea» dela iritzita. Bi aldeak hurrengo bileretan jarraitu beharreko metodologia erabakitzen ari direla azaldu zuen Aragonesek, baina, edozein kasutan, azpimarratu zuen «periodikoki» eta «modu diskretuan» biltzen segi beharko dutela.

Independentismoaren batasunaren alde ere hitz egin zuen Generalitateko presidenteak. Mahaiko ordezkaritza gobernuko gainerako kideetara zabaltzeko prest agertu zen. Bilerara «Katalunia osoa» ordezkatzera eta «kontsentsu zabalak» aurkeztera joan zirela azaldu zuen, eta, zentzu horretan, proposamen «inklusiboena» independentzia erreferendum bat egitea dela berretsi zuen, zeinetan «denen ahotsak entzun» ahalko diren. JxC Junts per Catalunyako kideei atzoko bileraren xehetasunak emango dizkiela ere jakinarazi zuen.

ERC, bakarrik

Izan ere, erdibituta iritsi zen independentismoa atzoko bilerara. Hain erdibituta, ezen hura parlamentuan ordezkatzen duten hiru alderdietatik bakarra izan baitzen mahai horretan: ERC. Pere Aragones presidenteak handik kanpo utzi zituen herenegun JxC Junts per Catalunyako ordezkariak, gobernutik kanpoko mahaikideak aukeratu zituelako alderdi horrek. Krisia zabaldu zuen horrek gobernukideen artean, baina Jordi Sanchez JxCko idazkari nagusiak «leialtasuna» hitzeman zion Aragonesi ondoren, eta Espainiako Gobernuari egotzi zion mahaikideen arteko eztabaida baldintzatu izana.

CUP ere oso kritiko agertu da azken egunotan elkarrizketa mahaiarekin, eta ezker independentistako eragileek mobilizazio bat egin zuten atzo arratsaldean, mahaikideak bilduta zeuden bitartean, Ez akordiorik, ezta ukorik ere lelopean. Bartzelonako Sant Jaume plazara iristen ahalegindu ziren manifestariak, Generalitatearen jauregiaren kanpoaldean protesta egin asmoz, baina sarbidea galarazi zieten mossoek. Ciutadanseko kideei, aldiz, sartzen utzi zietela salatu zuen CUPek.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

<b>Karbono isuriak.</b> Auto pilaketa bat, ke eta behe laino artean, Nigeriako Lagos hirian. ©AKINTUNDE AKINLEYE / EFE

Egungo konpromisoekin, «klima hondamendira bidean» da mundua

Gorka Berasategi Otamendi

Nazio Batuen Ingurumen Programaren txosten baten arabera, estatuek hartu dituzten azken konpromisoak baino askoz ere ausartagoak behar dira klima aldaketa bortitz bat ez gertatzeko
Arantxa Tapiak beste sailburu batzuekin batera atzo egin zuen agerraldia. ©DAVID AGUILAR / EFE

Eusko Jaurlaritzak %30 murriztu nahi ditu berotegi efektuko gasak 2024rako

Jone Arruabarrena

Jaurlaritzak Energia Trantsizioaren eta Klima aldaketaren plana aurkeztu du. Tapiak 305 milioi euroko inbertsioa iragarri du arlo horretan
Erizain bat gizon bati txerto dosi bat jartzen, Johannesburgon (Hegoafrika). ©Kim Ludbrook / Efe

Afrikako Batasunak izurriaren aurkako 110 milioi txerto dosi jasotzeko akordioa egin du

Igor Susaeta

Moderna etxearekin egin du ituna kontinenteko 55 herrialde biltzen dituen elkarteak, AEBetako Gobernuak bideratuta. Afrikan, oraingoz  herritarren %5,23ri jarri dizkiete txertoaren bi dosiak.

Sudango Khartum hiriburuan atzo izandako protesta baten irudia. ©STRINGER / EFE

Militarrek esan dute trantsizioaren «bidea zuzentzen saiatzen» ari direla

Ander Perez Zala

Al-Burhanek adierazi du Sudanen ez dela estatu kolperik izan, eta azaldu du «laster» gobernu berri bat izango dela; Kontseilu Subiranoarentzat, hark du «autoritate legitimoa» oraindik ere. Armadak gutxienez zazpi lagun hil ditu manifestazioetan.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Julen Aperribai

Informazio osagarria

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.