HILBERRIA. Andre Darraidou

Aitortzaren aldeko figura

GAIZKA IROZ.
Ekhi Erremundegi Beloki.
2019ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Atzo zendu zen Andre Darraidou Ezpeletako (Lapurdi) auzapez ohia, eritasun luze baten ondotik; 72 urte zituen. Azken hamarkadetan aktualitatea markatu duen figura politikoa izan da, eta Ipar Euskal Herriaren aitortza instituzionalaren alde egindako lana azpimarratu dute bere ibilbidea jarraitu dutenek. Heldu den astelehenean eginen diote azken agurra, Ezpeletan, 10:30ean.

«Auzapez gisa gurutzatzen ginen, baina, 2002tik aitzina, Batera plataforma sortu genuen, hautetsien eta gizarte zibileko jendeen artean», oroitu du Sauveur Bacho Arberatzeko auzapezak (Baxenabarre). Departamenduaren aldeko hautetsien elkartearen ordezkari izan ondotik, Auzapezen Biltzarreko presidente izan zen 2003 eta 2008 artean. 2005ean, Paueko prefetak auzitan ezarri zituen Lapurdi eta Baxenabarreko 25 herriko etxe, euskal departamenduaren aldeko hautetsien elkarteari diru laguntza emateagatik. Auzipetuen artean zen Darraidou, eta horrela azaldu zuen BERRIAk egin zion elkarrizketa batean: «Egin duguna ez da desobedientzia zibila. Diru laguntza hori eman dugu, gure eskubidea dela uste dugulako. Prefetak XIX. mendeko kodea erabiltzen du gu auzipetzeko».

2005ean kontsulta bat antolatu zuten hiru probintzietako auzapezen artean, eta gehiengoa aitortza instituzionalari buruzko erreferendum bat egitearen alde agertu zen. Izenpedura kanpaina bat abiatu zuten ondotik aldarrikapena babesteko. «Kontsulta honek indarra ematen dio 46.000 izenpetze biltzeko kanpainari», adierazi zuen BERRIAn.

Gizon «goxoa» zela gogoan du Bachok.«Balio humanistak zituen, Euskal Herria oroz gainetik maite zuen, baita justizia soziala eta elkartasuna ere. Iragan bilkura batez erran nuen gisan, gaur egun Euskal Elkargoa baldin badugu, Andre Darraidou eta halako pertsonei esker dugu».

1980an, Hemen-Herrikoa elkartearen sortzaileetarik izan zen, Ramuntxo Camblong eta Patxi Nobliarekin batera, eta 1987 arte izan zen elkarteko lehendakaria. Ezpeletako piperra nazioartean aitortua izatearen alde militatu zuen, eta Merkataritza eta Industria Ganberako hautetsia eta turismo saileko burua ere izan zen.

2004an, Elgar-Ensemble alderdi zentristaren sortzaile izan zen. «Ez ezkerreko, ez eskuineko, ez abertzale», aurkeztu zuten beren burua Euskaldunak Frantzian, frantsesak Euskal Herrian lelopean.

«Euskaltzalea zen, baina ez zegoen aldarrikapenean, gogatzen zuen. Bururaino izan da gai horiez interesatua», Christine Bessonart Senpereko auzapez eta auzapezen Biltzarreko buru ohiaren hitzen, azken urteetan gatazkaren konponbidean inplikatu dela gogora ekarrita. 2017ko martxoan, ETAren armagabetzean laguntzeko prest agertu zen, eta François Hollande Frantziako presidenteari idatzi zion Jakes Esnal eta Frederic Haranbururen zigorrak kommutatzeko eskaera eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.