Lehengaien garestitzea. Mikrotxipak

Txip aldaketa autogintzan

Mikrotxipen merkatuak gainezka egin du, eta horien faltak autoen ekoizpenari eragin dio bereziki. Produkzioa iazkoaren mailan dago, eta urteko bigarren erdian okertu egin da egoera. Krisiak aldaketa garaian harrapatu du sektorea.

Autoak, pilatuta. Ibilgailu berriak, zelai batean, mikrotxipen krisiaren aurretik. MARCELO SAYÃO / EFE.
jokin sagarzazu
2021eko urriaren 3a
00:00
Entzun

Ez da lehengai bat, baina horrekiko menpekotasuna izugarria da industria gehienetan. Nonahi daude: auto arrunt batean, esaterako, 400ndik gora. Mikrotxipena azken urteetako industriarik garrantzitsuenetako bat bihurtu da, baina egun dagoen eskari handiari erantzun ezinda dabil, eta horrek ataka estuan jarri ditu beste hainbat sektore, autogintzarena bereziki.

Konfinamenduaren eraginez izugarri egin zuen gora etxeko lanerako eta aisiarako produktu teknologikoen eskariak: ordenagailuak, pantailak, bideo jokoetarako kontsolak, sakelako telefonoak... Horren ondorioz, fabrikatzaileek produktu horietarako txipen ekoizpenean jarri zuten arreta, produkzioa gelditu zuten beste sektore batzuek behar zituztenen kaltetan. Baina horien jarduna —autogintzarena, adibidez— itzuli denean, inbutu efektu bat sortu da merkatuan, eta txip ekoizleek lehenengoak lehenetsi dituzte, errentagarriagoak zaizkielako.

Urte hasieratik auto fabrikatzaileak borrokan aritu dira txipak eskuratzeko; batez ere ABS edo blokeoaren aurkako balazta sistemetarako eta aurreko paneleko pantaila digitaletarako, baina ez daude. Eskasia hori dela eta, autoen ekoizpena murrizten ari da. Acicae EAEko Automozio Klusterrak azaldu duenez, sektoreak aurten ezarritako estrategia eta hazkunde erritmoa berrikusi behar izan ditu; izan ere, fakturazioa %9 eta %11 artean handitzea aurreikusten zuen, iazko %18,5eko beherakadaren ondoren. Orain artekoa, baina, iazkoaren oso antzekoa izaten ari da, eta, klusterrak ohartarazi duenez, hilabeteek aurrera egin ahala egoera okertzen ari da.

Ziurgabetasuna

Hego Euskal Herrian, sektoreak 62.000 pertsona enplegatzen ditu, eta enpresak aspalditik ari dira neurriak hartzen. Euskal Herriko lantegi handienek, Gasteizko Mercedesek eta Iruñeko Volkswagenek —5.000 behargin bakoitzak—, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak ezarri dituzte, eta ekoizpenean ere geldialdiak ari dira egiten, bereziki udatik. Neurri horiek gutxienez urte amaierara arte mantentzea adostu dute zuzendaritzek eta sindikatuek.

Gasteizen, adibidez, 19.500 furgoneta gutxiago egingo dituzte: azken urteotan aurrekaririk izan ez duen ekoizpen maila bat da hori; iaz lortutakoarekin baino ezin da alderatu. Gertatzen ari denarekin kezkatuta daude beharginak. «Enpresak esaten diguna sinistu behar dugu, ez baitugu lehen eskuko informaziorik», azaldu du Igor Gebarak, langile batzordeko buruak (ELA).

Aldi baterako erregulazioan daude, eta astero biltzen dira zuzendaritzarekin, jakiteko hurrengo astean lanera joan behar duten ala ez, eta joatekotan, zein egunetan eta zein baldintzatan. Kexu dira, «inprobisazioa» handia delako eta «kontrolik ez» dagoelako administrazioen aldetik.

Gauza bera gertatzen da Iruñeko VWen: 23.000 auto gutxiago egingo dituzte aurten: aurreikusitakoa baino %8,8 gutxiago. Orain arte, hamasei egunetan eten dute produkzioa. Azaroan, ostiralero geldituko dute, eta abendura begira, zuzendaritzaren asmoa da jaiegunetako lan txandak etetea. Dena den, Mercedesen bezala, astero berrikusten ari dira hurrengo egunetako plangintza.

Etorkizuna «zalantza handiz» bizi dute langileek; halere, ez dute espero sektoreak neurri gogorragoak hartzea. Haien ustez, mikrotxipen krisia koiunturala da. Gebarak azaldu duenez, orain produkzioa gutxitu den arren, eskariak egon badaude, eta, beraz, lan faltarik ez dute izango. Noiztik aurrera? Ez dakite. «Konponbidea ez dago gure esku, eta, neurri batean, ezta enpresaren esku ere».

Fabrikatzaileek 2022ko udaberrirako espero dute egoera «normalizatzen hastea», baina Thierry Breton Europako Barne Merkatuko komisarioa ezkorrago azaldu da, eta ohartarazi du 2023ra arte luza daitekeela. ELAko ordezkariak argi du gertatzen ari denaren «errua» norena den: «Europako enpresek Asiako ekoizle gutxi batzuen esku utzi dute txipen fabrikazioa, ahalik eta merkeen erosteko eta etekinak handitzeko».

Domino efektua

Auto ekoizleen erabakiak domino efektu bat ari dira eragiten sektoreko enpresa laguntzaile eta hornitzaileetan: Hego Euskal Herrian 50.000 langile daude, 700 lantokitan banatuta. Hainbatetan hasi dira enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak ezartzen: besteak beste, Gestamp taldeko batzuetan. Gasteizko Michelinen, berriz, produkzio etenekin hasiko dira hil honetan. Aitortu dute pneumatikoen eskaerak gutxitu egin direla autoen produkzioa gutxitu delako; urte amaiera eta 2022aren hasiera «zailak» izatea espero dute.

Mondragon korporazioko Batz da sektoreko beste enpresa nagusietako bat. Nazioarteko berrogei auto ekoizlerentzat egiten du lan, segurtasun, arintze eta ergonomia ezaugarriak dituzten produktuen diseinuan eta fabrikazioan. 1.300 langile inguru ditu taldeak. Berez, ez dituzte txipak zuzenean erabiltzen, ezta erosten ere; haiek produzitutako osagaietan integratzen dituzte gero auto ekoizleek.

Dena den, Jokin Laspiur Batzeko proiektu zuzendariak azaldu duenez, taldearen ekoizpen bolumena %20 gutxitu da aurten. «Auto ekoizleek beren produkzioa gelditzen badute, guk ezin diegu irteera eman haiekin aurretik adostutako osagaiei; beraz, gure stockak handitzen dira, eta gure jarduera gutxitu egiten da. Horren guztiaren batuketak diru galera ekartzen du». Laspiurrek azaldu duenez, martxotik nabari dituzte mikrotxipen krisiaren ondorioak, eta, ordutik, taldeko lantegietako planifikazioa eta ekoizpena auto ekoizleenari egokitzen ari dira, «astez aste».

Batzen ere kezkaz begiratzen diote sektorearen etorkizunari. Laspiurrek azpimarratu du mikrotxipen krisiari autoak ekoizteko erabiltzen diren lehengaien garestitzearena gaineratu behar zaiola. Horrekin batera, nabarmendu du autogintza aldaketa garaian dagoela, elektrifikazioak eraginda eta ibilgailuei eman nahi zaizkien erabilera berriengatik. «Ziurgabetasun handia dago sektorean, eta balio kate osoan nabarmen handitzen ari da estres maila».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.