Albistea entzun

Amatasuna, gaur eta bihar

Nola baldintzatzen duen amatasuna gaur egungo «sistemak», eta nola pentsatu hura bizitzeko modu berriak. Horri buruz ari dira jardunaldietako bigarren mahai inguruan.
Uzuri Aboitiz, Lore Lujanbio, Marta Luxan, Iosune Fernandez eta Metxi Bogino, atzo, Tabakaleran.
Uzuri Aboitiz, Lore Lujanbio, Marta Luxan, Iosune Fernandez eta Metxi Bogino, atzo, Tabakaleran. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Jone Arruabarrena -

2022ko azaroak 13 - Donostia

Donostia argitzen zuen zeru urdina atzealdean zuela hasi zen atzo (Ez) amatasunak feminismotik lantzeko helburua duten jardunaldien bigarren eguna, Donostiako Tabakalerako Prisma aretoan. Goizeko hamarretan zuten lehen hitzordua bertan bildu ziren berrehundik gora emakumek; eta aretoa lepo bete zuten solasaldi horretan ere. Amatasunen arrastoei segitzea zen eguneko lehen mahai inguruaren helburua; aztarna horiei heldu zieten demografiatik eta historiatik, betiere feminismotik begiratuta.

«Desira» izan zuten hizpide, beste behin. Hain zuzen, Uzuri Aboitizek, moderatzaile lanetan, zehaztu zuen ama izateko desira ez dela zerbait «naturala eta purua»: «Sistemaren baitan sortzen dugun desira bat da». Bat etorri zen Lore Lujanbio ikerlaria ere: azaldu zuenez, «botere mekanismoek» arautzen dute, hura ekoiztu eta naturalizatuz, «patriarkatuaren eta kapitalismoaren mesedetan». Mekanismo horiek gorputzetan edo emakumetasunean ere ezartzen direla ere zehaztu zuen. «Sofistikatu egin dira mekanismo batzuk: esaterako, sexualitatea eta ugalkortasunak jada distantzia bat hartu dute beraien artean, eta baita emakumetasunak eta amatasunak ere».

Galdera bat ere bota zuen han bildu zirenen aurrean: «Gaur egun amatasuna erabakia eta desiratua izateak feminista bihurtzen du?». Lujanbiok argi zeukan erantzuna ere: «Ez». Ondoren, ama izatea erabakitzen ez dutenen gainean dauden estereotipoez aritu zen: «Haurrak ez izatea berekoia izatearekin lotzen da. Aldiz, haurrak izatea erabakitzen baduzu, ardura osoa zure gain jausten da, beraien kargu egin eta ama izateko. Horrek, pisu guztia amaren gain utzi eta erabakia despolitizatzen du». Gehitu du, gainera, ama izatearen espektatibak «handitu» egin direla azken urteetan, eta horrek are pisu handiagoa ezartzen diela: «Sistemak zaintza lanak merkeak eta feminizatuak izatera bultzatzen ditu. Adibidez, haurra jangelara eraman beharrean etxean bazkaltzera bultzatzen duenean».

Marta Luxan demografiako doktoreak, berriz, demografiaren arlotik begiratu zion ardura horri: «Ugalkortasunaren ardura emakumeei egozten zaie; jaiotza tasa jaisten denean, adibidez». Gehitu zuen «eskuzabaltasunarekin» lotzen dela erditzea: «Badirudi gurasoek ekarpen bat egiten diotela gizarteari, eta ama ez direnek, ez». Iosune Fernandez antropologoa ere bertan izan zen, eta amatasun eredu ezberdinak ikusaraztearen garrantziaz aritu zen: «Normatiboak ez direnak, eta ertzetan daudenak: ama bakarra izatea, aniztasun funtzionala duten haurren ama izatea, edo ama eta migrantea izatea, adibidez».

Bigarren itaun bat bota zien hizlariei Aboitizek: «Zeintzuk dira mugimendu feministak amatasunera hurbiltzeko kontuan hartu beharreko oinarriak?». Lujanbiok bota zuen lehen erantzuna: «Nik amatasunaren eta gurasotasunaren abolizioaren alde egiten dut». Amatasunaren alternatiba gisa, «zaintzeko beste modu batzuk» proposatu zituen; besteak beste, gurasotasuna «bikote sexu-afektiboetan oinarrituko ez den eredu bat»: «Bestelako ahaidetasunak eta munduak pentsatu behar ditugu». Luxanek ere esan zuen «helburu nagusietariko bat» izan beharko litzatekeela «familia eredu hegemonikoa deuseztatzea». Iraganera begiratzea proposatu zuen, eta, horretarako, betaurrekoak «egokitzea»: «Iragana, amatasunari dagokionez, uste dugun baino askotarikoagoa izan da; horrek era ematen digu etorkizun askotarikoago bat irudikatzeko».

Metxi Bogino ikertzaile eta laugarren hizlariak, berriz, «ezinezko amatasunetan» arreta jarri beharra adierazi zuen: «Ama izan ezin direnak, hori onartzen dutenean, eta beraien identitatea hortik berreraiki behar dutenean».

«Ahizpatasunaren» beharra

Mahai inguruaren bukaeran, Oihane Llorente Parean Elkarteko kideak, Estitxu Fernandez eta Erika Lagoma sortzaileek, eta June Fernandez kazetariak beren ekarpenak egin zituzten. Parean-ek egindako inkesta baten inguruan aritu zen Llorente: azterlanean parte hartu duten emakumeek ama izateko sentitzen duten presioa azaldu, eta amatasunean ere «ahizpatasunaren» beharra dagoela nabarmendu zuen. Lagomak eta Fernandezek, berriz, indarkeria obstetrikoaren auziari «urgentziaz» heltzeko beharra aldarrikatu zuten, Osakidetzako kasua gogora ekarrita. Eta Fernandezek «amatasun bolloek» auziari egin diezaioketen ekarpena nabarmendu zuen: «Lotura biologikoa zalantzan jartzea da egin dezakegun ekarpen garrantzitsu bat».

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Albiste gehiago

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek egindako agerraldia, atzo, Donostian. ©JON URBE / FOKU

«Harreman asimetrikoak» hausteko eskatu diote Jaurlaritzari

Edurne Begiristain Iosu Alberdi

Donostialdeko ESIko zerbitzuburuek kontsultarako mahai bat proposatu diote Gasteizi, bitartekari lana egiteko
Jonan Fernandez, atzo, gazteen emantzipaziorako estrategia aurkezten. ©IREKIA

Emantzipatzeko laguntzak jasoko dituzte 25 eta 29 urte artekoek

Edurne Begiristain

Jaurlaritzak gazteen emantzipazioa sustatzeko estrategia ondu du. 2030erako 29 urtera jaitsi nahi du gurasoen etxea uzteko adina
Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea, artxiboko argazkian. / ©Endika Portillo, Foku

Zupiriak esan du Osakidetzaren lan ildoarekin «erresistentzia» agertzeagatik egin direla kargugabetzeak

Edurne Begiristain

Gotzone Sagarduik Eusko Legebiltzarrean agerraldia eskatu du, Donostialdeko ESIaren egoera azaltzeko.

Antton Kurutxarri EEPko lehendakaria agerraldi batean ©Guillaume Fauveau

EEPko ordezkariek Parisen isiltasuna deitoratu dute

Garazi Aduriz Zuñeda

Irailean egin zuten bilkura Frantziako Hezkuntza Ministerioarekin. Azterketak euskaraz egiteko eskubidea aipatu zuten nagusiki.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...