Durangoko 56. azoka. Azokako guneak

Bat, bi, bat, bi, hiru, lau

Murrizketekin ere, aurten Durangoko Azokako guneek berreskuratu egin dituzte beren programak, eta, murrizketak murrizketa, poza azaldu dute arduradunek, berriz ere jendeari aurrez aurreko saioak eskaini ahal izateagatik.

Jende multzo bat Zugaza zinema aretoaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Inigo Astiz
Durango
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun
«Ez dago tabernarik?». Ahotsenea guneak Plateruena kafe antzokian antolatutako kontzertuetarako atarian jaso du antolatzaileen ezezkoa gizonak. Sartu ahala, sarrerarik gabe ere sartzerik baden galdetu du beste gizon batek, tarte txiki bat lehenago. Neska bat zuzenean joan da barrurantz, hark bai, sarrera erakutsita, eta lagunei audio ohar bat bidaliz. «Ni sartuko naiz; posta elektronikoz bidali dizkizuet tiketak». Barrualdean, biolontxeloa eskuetan duela, Poliedro Vol I. diskoa aurkezten hasia da Eñaut Zubizarreta Trigger mikrofonoan. «Musika klasikoarekin lotuta dago txeloa, eta ez gaude ohituta beste lekuetan eta beste plaza batzuetan ikusten, eta ondo dago beste jende eta beste leku horietara iristea». Astelehena da, eguneko lehen kontzertua, eta 60 ikusle baino gehiago ditu aurrean. Iazko Durangoko Azoka digitalaren ondoren, beren programazioa berreskuratu dute aurten azokako guneek, eta poza azaldu dute antolatzaileek horregatik. Onartu dute, halere, iazko etenak eta aurtengo murrizketek jendea despistatu dutela.

«Honek beste kolore bat du, beste soinu bat du, eta ukigarriagoa da guztiz». Handitik txikirantz jotzea izan da okerrena Miren Narbaiza Ahotsenea guneko koordinatzailearen hitzetan. «Une batean, bazirudien ohiko azoka bat egin ahalko genuela, eta gero tokatu da atzera egin beharra, eta hori izan da gogorra». Onartu duenez, oro har, zuzeneko musika aurkezpenek baino jende gutxiago mugitu dute Musika Eskolan eta Areto Nagusian antolatutako hitzaldi eta aurkezpen zikloek, baina pozik dago jasotako erantzun orokorrarekin.

Kontzertuena izan da alorrik ziurgabeena. Aurrez sarrera hartuta bakarrik sartu ahal izan da aurten Plateruenako kontzertuetara, eta maskara jantzita egon da publikoa etengabe. Ateak ireki aurreko unera arte egon dira galderak, halere: Durangoko Azoka bisitariak hartzen hasi bezperan bildu zen Labi batzordea, eta orduan erabaki zuten kontzertu aretoetan COVID-19 ziurtagiria ere eskatu beharko zela. Hainbat kontsulta egin ostean, azkenean, ez dute neurriak are gehiago murrizteko beharrik izan Durangoko Azokan. Narbaiza: «Imajinatu zenbat zalantza... Baina ziurgabetasun hori ezagun zaigu jada, eta barneratuta daukagu gertatzen den horretara egokitu behar dugula».

Plateruena barruan, lausotasunaren alde egin du Zubizarretak bere aurkezpen kontzertuan. Oroit abestia aurkezterakoan izan da. «Kanta honek ere badu inpresionismo puntu bat, baina punk-rock amerikarra dago oinarrian. Argazkiak direla, bideoak direla, trastekeria horiek inbaditu gaituzte, eta oroitzapen lauso hori apur bat aldarrikatzeko da kanta hau». Aurrez aurrekoaren defentsa bat, alegia, bere hutsune, memoria galera eta lanbro guztiarekin ere. Eta kantua gero: akorde luze eta amesti batzuk hasieran, eta punk abiadarekin ondoren, bat, bi, bat, bi, hiru, lau, Zubizarretak hatzekin txeloaren gorputzean emandako lau kolpeen ostean.

Plazera eta beharra

«Giro gutxi dago». Marina Agirre Saguganbara guneko koordinatzailea ez da oso baikor mintzo. «Aretoak 196 pertsonarentzako lekua du berez, eta, orain, ehun bakarrik sar daitezke, eta, hala ere, behin bete dugu». Landako plaza ikusten da areto sarreratik, eta, dioenez, «tristea» da bertan inor gutxi ikustea. «Horren falta sumatzen dugu». Umeentzako erosoa izan dadin atondu dute dena barruan. Lurrean esertzeko lekua dute umeek, jostailuzko saguz zipriztinduta dago gela haurrek jolastu ahal izateko, eta liburu pilo bat ere badute lasai begiratu ahal izateko ere. «Haien altuerara egindako lekua da hau».

Gutxinaka joan da desagertuz jende multzo bat, Zugaza zinema sarreratik aretoaren epeltasunerantz. Hala ere filma proiektatu dute eguerdian. Taldean heldu dira lehen ikusleak, eta sakabanatuta azkenak. Tantaka. «Sarrera hartu behar da?». Eta ezetz Joana Olabarria guneko koordinatzaileak, beste atetik joateko. Iaz streaming bidez eutsi zioten programazioari, eta, azaldu duenez, haien kasuan ezinezkoa zen horrela jarraitzea. «Tartean zeuden jabetza eskubideak, zabalpen eskubideak eta bestelakoak». Pozgarria zaio horregatik jendea berriz aretoan ikustea. «Plazera izan da euskal sortzaileen lanak pantaila handian ikustea, eta egin beharreko zerbait ere bada. Sortzaileek asko eskertu dute jende aurrean egon ahal izatea berriz ere, beren lanak aurkezten. Interakzio horretarako espazioak ematea da gure eginbeharretako bat».

San Agustin kulturgunea du egoitza Szenatokia guneak. Landako gunetik urrunen dagoen gunea da, eta baita azokako gunerik ezezagunena ere, Arantza Arrazola koordinatzaileak onartu duenez. «Hau beti izan da nahiko espazio minoritarioa», esan du. 2019an hasi ziren horri buelta ematen, ordea. «Mikroantzerki jaialdia antolatu genuen, eta aretoko hainbat espazio txiki erabili genituen horretarako. Aurten ezinezkoa da hori, osasun neurriengatik, eta eguneko ekitaldi bat izatera itzuli gara, areto handian beti, eta italiar erara». Ondo ari da erantzuten publikoa, dioenez. Astelehenean, esaterako, bete egin ziren eserlekuak. Eta besteetan ere «berotasuna» igarri dela dio koordinatzaileak. «Gure antzerkizaleak fidelak dira, eta hori eskertzekoa da».

«Eta non dago Kabi@?». Mundu digitalari buruzko gunea da Kabi@. Landako gune barruan beti izan du gune propio bat orain arte, baina aurten murrizketek ezinezko egin dute hori. Leku bat izan beharrean, horregatik, programazio bat da aurten Kabi@, eta horregatik jendearen galdera. «Esperimentu bat izan da», azaldu du Diana Franco guneko koordinatzaileak, «baina agian berrikusi egin beharko dugu hurrengo urterako». Dioenez, orain arte, elkarri aurpegira aurrez aurre begiratzeko aukera eman dio espazio propioa izateak. «Programazio oso publiko bat egin beharrean, agian egokiagoa da pentsatzea gune hau komunitate digitalen urtean behineko topagune bat dela».

Normaltasun heren bat

Maskor bat bezala, olatupean. Marearen pare egiten du gora eta behera jende multzoak Landako Gunean, kronometratutako erregulartasunez. Eta, hala, agertu eta desagertu dabil ohiko azokaren irudia aurtengo azokan. Agertu eta desagertu, bisitari txanda bakoitzaren sartu-irten bakoitzarekin. Ordu eta erdiz 1.200 pertsona, ordu erdiz hutsunea. Ordu eta erdiz 1.200 pertsona, ordu erdiz hutsunea. Erritmo konstantean. Oraingoz, behintzat. Antolatzaileek diotenez, orain arte, ateak zabaldu zituztenetik, beteta egon baitira bisitarako txanda gehien-gehienak, eta hala espero dituzte hurrengo egunetakoak ere. Eta, beraz, ordulariaren arabera, badoaz eta badatoz. Badoaz eta badatoz. Eta martxa horri jarraituz gero, eta jende joan-etorri horrekin, pandemia aurreko azokek izandako bisitari kopuru herenera iritsiko da aurtengoa.

Hori, gehienez ere. Normaltasun heren bat.

Guneetako ordezkariak pozik, heren horrek aukera eman dielako jendearekiko hartu-emana berreskuratzeko. Eta azken egunean jakingo da saltzaileen balorazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.