Musika sortzaileen kolektibo berri bat sortu dute: Mukuru

itziar ugarte irizar
2018ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Musika industria hegemonikoari «alternatiba bat» eskaintzeko gogotan jaio da Mukuru. Euskal Herri guztiko 11 taldek osatzen dute gaur-gaurkoz: Paxkal Irigoien, Hatxe, Txost, Kaskezur, Klak!son, Muskulo, Peru Galbete, Seitan, Isuo ta Kezman, Nigara Zuek eta Iturria. Txosteko eta Isuo eta Kezman taldeko Josu Isaiasek azaldu du asmoa: «Musika industrian ikusten dugunaren aurrean, sortzailearen eta publikoaren arteko harreman gertukoago eta horizontalago bat izan nahi dugu. Guk sortua izatea, musika industrian mugitzen diren multinazionaletatik kanpo». Euren musika zabaltzeko «bestelako bide batzuen aldeko apustua» egin nahi dutela azpimarratu du Isaiasek, egungo industrian nagusi diren «Youtube, Spotify, Facebook eta antzeko bideen» ordez. Kaskezur izan zen Mukuru zigilupean diskoa ateratzen lehena, eta gainontzekoek ere hala egingo dute aurrerantzean.

Musika sortzaileen arteko harremanean ere sakondu nahi dute, «elkarlanean, bakoitzak bere bailara ere gainditu dezan».Musikarien arteko kolaborazioak jada sortzen hasi dira, Isaiasen arabera.

Mukuru festak

Kolektiboa eta berau osatzen duten taldeak «jende gehiagorengana» iristea da orain Mukururen lehen asmoa. Web orria sortua dute horretarako —www.mukuru.eus—, eta zenbait «Mukuru festa» antolatzen ari dira han-hemen. Antzuolan (Gipuzkoa) egin zuten lehena, eta Itsasuko (Lapurdi) Goxoki gaztetxean izango da hurrengoa, hilaren 31n, ostegunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.