Albistea entzun

KRITIKA. Antzerkia

Noiz eta nola ez, ordea

Agus Perez -

2018ko abenduak 18

'Manifestu bat'

Konpainia: Beheko Larraine. Egilea: Gaizka Sarasola Iarzabal. Zuzendaria eta aktorea: Miren Tirapu Goikoetxea. Argiak: Andoni Mendizabal Andonaegi. Txalaparta: Arkaitz Lasarte Olano, Ander Zabaleta Barberena. Lekua: Irurtzungo kultur-etxea. Eguna: Abenduak 14.

Abenduko hotza zegoen Irurtzungo kultur etxearen kanpoaldean, baina Beheko Larraine konpainiaren azken sorkuntza ikusteko prest geundenok elkarren berotasuna sentitu dugu, euskarazko estreinaldi batera zenbat jende zetorren ikusita. Gainera, sorpresa polita izan dugu hango baselizako atea zabaldu eta arduradun adeitsuak barrura sartzeko gonbita egin digunean. Izan ere, antzokia da egun baseliza, eta ikusle gogotsuek azken lerroraino bete dituzte aulkiak.

Eta leku ezin egokiagoa suertatu da baseliza, gaualdiko protagonistak bertan nahi duelako bere hileta egin. Kaletik etorri da bera ere, gu guztiok barruan geundela. Atea indartsu jo eta eztulka sartu da barrura bere itxura guztiz xelebrearekin eta esanez gauza jakina dela denok hilko garela. Noiz eta nola ez, ordea.

Gaizka Sarasola lesakarra da antzezlanaren oinarrian dagoen testuaren egilea, eta uste dut ez dagoela soberan gogoratzea Edo! argitaletxean atera zuen Erleak, satorrak, beleak liburua (2016). Zilegi bekit liburu hartaz Alex Gurrutxagak BERRIAn idatzitako kritikaren esaldi bat hona ekartzea, harekin ezin hobeto definitzen baitira bai liburuko hiru antzezlanen estiloa bai gaur estreinatu denaren izaera, absurdoaren eremutik hurbil egon daitekeena, baina hala ere, Ionesco eta enparauen mundutik urrun dabilena. Horra hor: «Absurdoaren teatroaren ezaugarri asko dauzka: akzio gutxi, tempo pausatua, ironia, errepikapenak, [...] hitz jokoak, esaldi kontraesanezkoak, zentzu biko adierazpenak, metateatroa —bizitza espektakulu bihurtua—, estatikotasuna... eta Sarasolaren kasuan azpimarratzekoa, hizkera poetikoa».

Beraz, ohiko parametroetan definitu ezinean gaude, eta nik behintzat «absurdo garaikidetzat» hartuko nuke proposamen berri hau, beraren hileta prestatzen dagoen protagonistak gaurko mundua ekartzen digulako gogora: emakumea da, zahar itxura dauka, bazterrekoa da, etxegabea ziurrenik, txikitatik egin du lan —esnea saltzen bere gurditxoarekin—, eta beldur apur bat ere ematen digu bere bat-bateko aldarteak direla medio. Zer dira, bestela, une batetik bestera aldatzen diren ahots eta jarrera horiek? Pertsonaia desberdin batzuk bizi ote dira bere baitan, edo barne-ahotsak entzuten ditu eta guri helarazi? Absurdoa baino gehiago artegagarria egiten zaigu bere pertsonaia, eta hasiera batean barre-algaraka hartu dugun arren, gero eta serioagoa egin zaigu bere presentzia, gero eta kezkagarriagoa, geure isla ere izan litekeen neurrian.

Aipa ditzagun azkenik emanaldiaren euskarri fisiko izan diren elementuak, funtsean bi baino ez direnak: egurrezko kaxa eta alboko faroltxoa. Haiekin, argiekin, amaiera aldiko txalapartarekin eta antzezlearen presentziarekin eratu da —antzerki txiroaren bidean— absurdo garaikidearen aldarria izan daitekeen manifestu hau.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JAIZKI FONTANEDA / @FOKU

Rockaren suak piztuta dirau

Aitor Biain

Gasteizko Azkena Rock jaialdian eskainitako emanaldiaren ondotik, Euskal Herrira itzuliko da Patti Smith; Donostiako Kursaal auditoriumean ariko da gaur iluntzean. Punk-rockaren ikur handienetako bat da, eta Donostian emango dio amaiera Europa osoan egindako kontzertu birari.
Alex Sanvi eta Unai Iturriaga, atzo, Elkarreko komikiaren txokoan, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Mundura atera dira H.B. eta Lo-li-ta

Itziar Ugarte Irizar

Unai Iturriagak eta Alex Sanvik 'Haur Besoetakoa. Itsasoan urak handi' komikia eman dute, Ikastolen Elkartearen eta 'Xabiroi'-ren eskutik. Orain arteko albumik «sendoena» dela uste dute
Alexei Volodin pianista, artxiboko irudi batean. ©EUSKADIKO ORKESTRA
Anari Alberdi. ©JABOGA MANTEROLA / FOKU

Prosaz haragoko udazken bat

Iñigo Astiz

Anari Alberdiren liburua da udazkeneko literatur nobedaderik deigarrienetako bat, baina Agirreren, Epaltzaren eta Ibarzabalen nobelak, Zalduaren ipuinak eta komiki esanguratsuak ere badira tartean

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...