Nafarroako Bertsolari Txapelketa otsailaren 9an hasiko da, Tuteran

Txapelketaren aurkezpena, atzo, Barañainen.
Txapelketaren aurkezpena, atzo, Barañainen. NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA

Miren Garate -

2019ko urtarrilak 27
Nafarroako Txapelketak «Nafarroaren berdeak, horiak eta gorriak» zeharkatuko dituela nabarmendu dute antolatzaileek. Tuteran, Urdazubin, Iruritan eta Lizarran izango dira final-laurdenetako saioak; finalaurrekoak, Atarrabian, Etxarri Aranatzen eta Lesakan; eta azkenik, finala, Iruñean. Otsailaren 9an hasiko da txapelketa, eta martxoaren 23an amaituko da. 24 bertsolarik hartuko dute parte, eta horien artean daude 2017ko txapelketako finalista guztiak, bat izan ezik: Ander Fuentes, Itturri. Bertsolariekin batera, zazpi epaile, hamabost gai jartzaile eta dozenaka laguntzaile ariko dira txapelketako saioak prestatzen.

Bertso Egunaz baliatuz, urteko batzarra egin zuen Nafarroako Bertsozale Elkarteak, atzo, Barañainen, eta hura amaitu ostean eman zuen txapelketaren nondik norakoen berri. Han izan ziren, besteak beste, txapelketan parte hartuko duten bertsolari, gai jartzaile eta epaileetako batzuk. Antolatzaileen esanetan, lau helburu nagusi ditu txapelketak: zaletasuna dagoen tokietan bertsolaritza sustatzea, eta ez dagoenetan, bertsolaritza ezagutaraztea; Nafarroako bertsolariei goi mailako plazak eskaintzea; Nafarroako bertsolaritzaren ekosistema elikatzea eta saretzea; eta bertsolaritza prestigiozko adierazpide gisa egonkortzea.

Hasiera batean, 30 lagunek eman zuten izena aurtengo txapelketarako, eta urtarrilaren 18an eta 19an bi aurrekanporaketa egin ziren, zein 24 bertsolarik egingo zuten aurrera ikusteko. Saio horietan, txapelketa batean sekula parte hartu gabeko sei bertsolari eta duela bi urteko txapelketako azken sei sailkatuak aritu ziren, hamabi bertsolari guztira. Horietatik, Joana Zigandak, Xabat Illarregik, Endika Legarrak, Saats Karasatorrek, Diego Rian?ok eta Sahats Alemanek lortu zuten txartela.

Guztiak, hasieratik

Final-laurdenetatik hasiko dira kantuan bertsolari guztiak, baita Julio Soto azken txapelduna ere —beste txapelketa batzuetan, finalaurrekoetarako edo finalerako sailkatuta egoten da zuzenean azken txapelduna—. Lehen fase horretatik, hemezortzi bertsolari sailkatuko dira finalaurrekoetarako. Hiru saio izango dira bigarren fase horretan, eta hortik zortzi pasatuko dira finalera. Irun?eko Anaitasuna kiroldegian izango da azken saio hori, eta puntu gehien eskuratzen duten bi bertsolariek buruz burukoa jokatuko dute.

Txapelketa urte osoan bertsolaritza transmititzeko egiten den «lan isilaren fruitua» dela azaldu dute elkarteko ordezkariek. Bertsolaritza irakaskuntzan egitasmoaren bidez, urtero 2.400 ikasle baino gehiagok lantzen dituzte bertsolaritza nahiz ahozkotasuna eskolako orduetan. Bertso eskolen sareak, berriz, herrietan eta auzoetan egiten du transmisio lana, eta horiekin batera, aisialdiaren eremuan antolatutako egitasmoek osatzen dute transmisioaren alorra. «Txapelketa, beraz, bertsogintzaren eta euskararen aldeko lan horri bultzada emateko aukera ederra da». Urtero, berrehun bertso saio inguru egiten dira Nafarroan, nahiz eta horietako batzuetan ez den herrialdeko bertsolaririk aritzen kantuan. «Horiei protagonismoa ematea da txapelketaren helburua».

Saio guztietarako sarrerak aurrez Internetez erosteko aukera izango da, www.bertsosarrerak.eus atariaren bitartez. Saioen aurretik ere irekiko dituzte leihatilak, 16:00etatik aurrera (15:30etik aurrera finalean). Era berean, saioak egingo diren herrietan ere salmentarako guneak egongo dira.

2011ra arte, urtero jokatzen zen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. Ordutik, bi urtean behin egiten da, eta banakako txapelketarik ez dagoen urteetan Bardoak izeneko taldekako lehia izaten da. Bertso eskolen sarea indartzea da egitasmo horren asmoa, eta auzolana eta talde lana ditu ardatz. Joan den urtean, adibidez, 113 parte hartzaile aritu ziren hamasei taldetan banatuta.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Miren Garate

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna