Literatura

Metalezko kutxa batean

Italia faxistak Etiopiari eraso zion sasoiko gerrako krimenen eta giza tragedien oroitzapenak dira Maaza Mengisteren 'The Shadow King' nobelaren ardatzetako bat.

Maaza Mengiste idazle etiopiarra, The Shadow King eleberriaren aleak eskutan dituela. BERRIA.
2020ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Maaza Mengiste idazlearen (Addis Abeba, Etiopia, 1974) The Shadow King (Itzaleko erregea, 2019) nobelaren hasieran, Hirut izeneko emakumea Addis Abebako tren geltokian dago, zoruan eserita, eskuetan metalezko kutxa bat duela. Liburuan esaten da «ezustean harrapatzen duen horroretik» askatzeko asmoarekin heldu dela hirira. «Mamuei aurre egin eta haiek uxatzera etorri da». Kutxaren jabearen zain dago: aspaldi ikusi ez duen argazkilari italiarra, Ettore Navarra. «Luze jo du hona iristeko», pentsatzen du Hirutek. «Beste bizitza bateko ia berrogei urte igaro behar izan dira garai batean nor izan zen gogoratzen hasteko».

Beste bizitza horren nondik norakoak ezagutzeko, orainalditik, hots, 1974tik, 1930eko hamarkadara egiten du jauzi. Esaten da Hirut, gurasoak galdu dituena, haien lagun izandako Kidane eta Aster bikotearekin bizi dela; haien zerbitzari lanetan dabil, eta «kutxa bat baino txikiagoa den buztinez eta lastoz eta kakaz egindako airerik gabeko zulo» bat du logelatzat. Kidanek gogoko du Hirut, baina duela gutxi hil zitzaien semearengatik dolutan dagoen Asterrek ezin du haren presentzia jasan, eta zakar tratatzen du.

Hasieran, argi dago norekin lerratuko den irakurlea: Hirut babesgabearekin eta Kidane ulerberarekin. Baina gauzak berehala aldatzen dira, italiar tropak Eritrean eta Somalian mobilizatzen hasten direnean, Etiopia indarrez hartzeko asmoz. Lehen kolonizazio saiakera 1890eko hamarkadan gertatu zen, baina orduan huts egin zuten italiarrek. Oraingoan, bigarren erromatar inperioa eraikitzea helburu duen Mussoliniren agindupean berriro saiatzeko prest daude. Erantzun modura, armada antolatzen hasi diren Kidane bezalako gizon etiopiarrentzat beren aiten heriotzengatik mendeku hartzeko aukera da hau. Eta emakumeak? Zein da beren tokia historia honetan? Gerrari buruzko kontakizunetan, zahar zein berrietan, emakumeak zaurituak artatzen dituzten erizainak edo indarkeriaren biktimak dira. Gutxitan agertuko dira gerlari rolean. Alabaina, Italiaren eta Etiopiaren arteko bigarren gerran funtsezkoa izan zen haien parte hartzea.

Exekuzioen argazkiak

Kidanek agindutakoaren kontra, Aster guda zelaira abiatzen da, Hirut berarekin hartuta. Istorioak aurrera egin ahala, bi emakumeen arteko harremana hainbat bihurgunetatik igaroko da amankomunean uste baino gauza gehiago —eta beraz, elkar maitatzeko bezainbeste arrazoi— dituztela konturatzen diren arte. Besteak beste, Kidaneren bortxa jasan dute biek: Asterrek ezkontza gauean, ume ezkongaia besterik ez zela; Hirutek hamarkada batzuk geroago, Kidane armadako bere komandante bihurtzen denean. Hala ere, biktima baino gehiago, bizirik atera den pertsona gisa ikusten dute beren burua bi emakumeek, eta gerratik ere bizirik ateratzeko helburua dute kosta ahala kosta.«Ihesbiderik ez da», dio Hirutek. «Borrokatzea beste irtenbiderik ez dago. Soldadua izatea da aukera bakarra, [armak] hartzea, etsaiarengana zuzentzea, eta bere heriotzarengatik errukia espero izatea». Emakume gaztearen burutazioa da nekazari xume bat Haile Selassie enperadorearen itxuran mozorrotzea soldaduei kemena emateko. Benetako Selassie, Etiopia modernizatu eta herritarren bizi baldintzak hobetu zituen agintaria —eta horregatik rastafariek afrikar jendearen mesiastzat dutena—, Ingalaterran da une horretan, erbeste behartuan.

Zenbait gertaera direla medio, preso hartzen dituzte Hirut eta Aster, eta Carlo Fucelli izeneko koronel sadikoak zuzentzen duen behin-behineko kontzentrazio esparrura eramaten dituzte. Hirutek bertan ezagutuko du Ettore Navarra argazkilaria. Azken horren gurasoak Errusiatik Italiara ihes egindako juduak dira, eta, esperientzia hori tarteko, argazkilariari gustatzen zaio pentsatzea bihotz onekoa dela, ondo baino hobeto ulertzen baitu zer den jazarria izatea. Hala ere, bere koldarkeriaren esklabo da, eta Fucellik agindutakoa egiten du. Kasu honetan, bere egiteko nagusia da etiopiar presoei argazkiak egitea amildegi batetik behera bultzatzen dituzten unean. Bere buruan aitarekin dituen solasaldietan bere jarrera pasiboa defendatzen saiatzen da Navarra. «Agintzen zaidana egiten dut, aita. Obedientziak menperaturiko piztia naiz. Zerbitzatzeak bizirik mantentzen duen izakia naiz». Paradoxikoki, gurasoen berrien zain dagoela, soldadu juduek haien etnia erregistratu behar dutela jakinaraziko diote, eta etxean, Italian, antisemitismoak gora egin duela esaten duten albisteak helduko zaizkio. Horra nola ordaintzen dion erregimen faxistak Navarrari bere esanekotasun itsua.

Berrogei urte dira gerra amaitu zela —italiarrek irabazi zuten orduan, baina garaipen laburra izan zen, 1941ean kanporatu egin baitzituzten, Bigarren Mundu Gerraren harira—, baina hark eragindako zauriak osatzeko daude oraindik. Addis Abebako tren geltokian Hirutek eskuetan duen metalezko kutxa garrantzitsua da alde horretatik. Haren barruan dira Navarrak Fucelliren aginduz harturiko argazkiak, zenbait egunkari txatal eta gutun pertsonalak: gerrako izugarrikerien ebidentzia. Kutxaren jabearen zain dagoela, hilak gero eta ozenago entzun ditzake Hirutek, munduari indarkeriak irentsitakoa oroitzeko eskatuz. «Entzun behar gaituzte. Gogoratu behar gaituzte. Gure berri eman behar dute. Ez dugu atseden hartuko dolu egiten diguten arte».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.