Maite Elizondo.
Koronabirusa. PSIKOLOGIA PENTSALDIAN

Adimen egokitzailea

2021eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Stephen Hawking zientzialariak ez zuen COVID-19 garaia ezagutu, baina aro gatazkatsu honetan ezinbestean garatzen eta erabiltzen ari garen adimen baten inguruan hausnartu zuen: egokitzapenerako adimena, arlo pertsonalean eta gizartean sortzen diren aldaketetara modu eraginkorrean egokitzeko gaitasuna. Gaur egun badakigu adimen mota aunitz daudela; pertsona batzuk gaitasun handiagoa izan ohi dute adimen mota batean bestean baino. Ezagunenen artean, planteamendu logiko-matematikoei erantzuteko adimena, adimen emozionala, adimen musikala edo literarioa, harreman interpertsonal eta intrapertsonal osasuntsuak eraikitzeko adimena, etab. Jakina da, neurri batean norberak duen adimen mota bat modu egokian entrenatuz gero, arlo horretan garatu dezakeen gaitasuna areagotu daitekeela.

Azken urte honetan entrenamendu izugarria daramagu egoera eta neurri berriei ahalik eta hoberen egokitzeko saiakeran: beharrezkoak diren baliabiderik gabe gaixoen bizitza zainduz, ezin agurtutako senideen doluaren mina sentituz, eskoletan adostu gabeko neurriak irakatsi eta betez, ospakizunak sareen bidez modu deskafeinatuan konpartituz... Azelerazio mental izugarria bizitzen ari gara, batzuetan koherentzia urriarekin ezarritako neurri aldakorretara egokitzeko esfortzua eginez, estresa, ziurgabetasuna eta etsipena gehiegitan sentituz.

Inguruan, nekea da gehien entzuten ari naizen sentsazioa: nekatuta gaudela. Ulerkorra da, une oro bi errealitate paralelo kudeatzen ari baikara: aurrez aurre bizitzen ari garena (ondorio psikologikoak, harremanen urruntasuna, laneko ziurgabetasuna, heriotzaren itzala...) eta mentalki nahi gabe astintzen dugun hori (noiz arte?; nazkatuta nago; berriz ere...). Osasun egoera honek eta haren kudeaketak aldiro neurri aldakorretara egokitu gaitezen behartzen gaitu. Kanpo mugimendu aldakor hau hausnarketarako eta autozaintzarako oztopo izan daiteke, autoerregulazio emozionala garatzeko bidetik urruntzen baikaitu, zer egin behar dudan horretan arreta fokalizatuz eta nola eragiten didanaren eremua mututuz.

Charles Darwinek aipatu zuen inguruneko aldaketetara egokitzeko gaitasunak garatu zituzten espezieek biziraupen luzeagoa eta hobea lortu zutela. Psikologikoki tresna eraginkorrak garatzeak adimen egokitzailea elikatzeko aukera eskaintzen digu. Honetarako euskarrietako bat geure burua subjektu parte-hartzaile bilakatzea izan daiteke, gure zaintzaren gidari, gertatzen ari zaigun eta sentitzen ari garen gertaeren aurrean norberaren iritzia entzunez, txotxongilo harietatik aske sentituz, barne elkarrizketa esna mantenduz.

Distopia bat irudikatu ordez, saia gaitezen mentalki jarrera proaktibo bat pizten, hausnartu dezagun zerk eragiten didan onura eta zerk murgiltzen nauen barne zurrunbilo kutsatuetan; unean unekoan arreta jarriaz eta garatzen ari garen adimen egokitzailearen laguntzaz gainditutako zailtasunengatik norberaren burua zorionduz!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.