Katalunia. Carla Vall. Abokatu penalista

«Judizializazioa dela medio, ez dugu arazoa konpontzeko alternatibarik»

DANI CODINA.
Saioa Baleztena Rudi.
Bartzelona
2018ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Zigor legeetan aditua da Carla Vall abokatua (Vilanova i la Geltru, Katalunia, 1989). Giza eskubideetan eta indarkeria matxisten prebentzioan espezialista ere bada. Giza eskubideen aldeko Iridia zentroko kidea da, eta politika publikoetarako aholkularia. «Euskal Herrian urte askotan gertatu dena bizitzen ari gara gurean, eta, seguruenik, arretaz ibili izan bagina, ikusiko genuke Euskal Herrian gertatuak baduela antzekotasunik gurearekin ».

Anna Gabriel CUPeko parlamentari ohiak erabaki du Auzitegi Gorenean ez deklaratzea eta Suitzan gelditzea. Zer deritzozu haren erabakiari?

Erabaki kementsua iruditzen zait, eta, aldi berean, eskuzabala. Gabrielek azaleratu du ez duela prozesu penal justurik izango Espainian, eta, era berean, gatazka nazioartekotzen ari da ahal duen neurrian. Suitzak estradizio eskaera aztertzen duenean, zalantzan jarriko da berriz ere Espainiako sistema judiziala.

Auzibideek markatu dute aste hau. Zer iruditzen zaizu Espainiako justiziak Kataluniako ordezkari politikoak judizializatzeko duen joera?

Demokraziaren gainbeheran bizi gara, eta, seguruenik, orain arte hitzartuta genuen kontratua agortzen ari da. Espainiako Gobernuak epaileen bitartez eta 155. artikulua aplikatuta lortu du PPk Katalunian gobernatzea eta, aldi berean, demokraziaren pobrezia Kataluniatik haratago hedatzea. Argi dago Espainiako Estatuan botere banaketa oso ahula dela, edo, zuzenean, ez dagoela. Dena judizializatzen dute, eta, ondorioz, ez dugu arazoak konpontzeko baliabide alternatiborik.

Pablo Llarena Goreneko epaileak aske utzi ditu Marta Rovira eta Marta Pascal, eta lehenari 60.000 euroko bermea eskatu dio.

Garai hauskorretan gaude: abokatu batzuk hasi dira epaileen prebarikazioaz ere hitz egiten. Larriena preso politikoak giltzapetuta edukitzea da, zalantzarik gabe. Ez dute preso egon behar. Epaileen ebazpenetan irakurketa politikoak egiten ari dira, inolako lotsarik gabe.

Bartzelonako Udalak eskatu die Espainiako auzitegiei presoak Kataluniako espetxeetara eramateko. Egingarria al da eskaria?

Egingarria bai, noski. Eta, horregatik, hein batean arrazoia dute preso politikoak bahituta daudela errepikatzen dutenek. Etxetik urrun dauzkate, apropos. Euskal Herrian badakizue dispertsioak zer eragin dituen. Eta hori bereziki larria da, Kataluniakoak, gainera, behin-behineko atxiloaldian daudelako espetxeratuta.

Iridia lanean ari da urriaren 1eko indarkeria salatzeko. Erantzukizun politikorik egongo al da?

Crowdfounding bidez, bederatzi egun baino gutxiagoan lortu genuen behar genuen gutxieneko dirua, eta, beraz, oso pozik gaude herritarren kolaborazioarekin. Badakigu zaila izango dela erantzuleak topatzea, Kataluniatik kanpoko arduradun politiko eta polizialak direlako; Madrilgoak, zehazki. Baina ez hori bakarrik, urriaren 1eko erasoetan parte hartu zuten poliziak Espainiako Estatu guztikoak zirelako. Horrek bilaketa zailtzen du, baina seguru gaude lehenago edo geroago agertuko direla urriaren 1eko indarkeriaren arduradunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.