Oihana Elduaien Uranga.
HIZPIDEAK

Zergatik ez?

2022ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Ez dute nahi. Trantsizio garaian Espainiako Gobernuak hartutako erabakiak jakin eta erantzukizunak argitzerik ez dute nahi. PSOEk, PPk, Voxek eta Ciudadanosek atzera bota zuten atzo Martxoaren 3ko gertaerak ikertzeko batzorde bat osatzea. Gertatutakoak argitzeko «beste mekanismo batzuk» bilatu behar direla argudiatu du PSOEk. Zein, baina? PSOEk eskura ditu nahi dituen mekanismo guztiak, baina bat bera ere ez baliatzeaz gain, saiatzen direnei oztopoak jarri besterik ez du egiten. Bere esku dago gertatutakoa argitzea, baina ez du argitzen. Auzia ikertu nahian ari den Argentinako epaileari, Maria Serviniri, ez dio laguntza handirik ematen; batzordeei ateak ixten dizkie; ez ditu garai hartako dokumentuak desklasifikatzen...

Zergatik ez? Galdera batzuek begi bistako erantzuna dute. PSOEk ez du nahi bere ustez eredugarria izan zen trantsizioan «lan» egin zutenek desprestigiorik izatea bizitzaren azken hondarrean. Alegia, absoluzioa eman nahi diela egindako delituengatik. Absoluzio prebentiboa. Epaiketarik egin gabe, epaiketa egiteko egon daitezkeen datu, gertaera eta dena delakoak argitara eman gabe. Garbi. Baina garbi dagoena da erakutsi nahi ez badute badagoela ikustea komeni ez den zerbait. Epaiketa egitea zailduko dute, eta Rodolfo Martin Villa ofizialki ez da errudun izango. Baina gauzak argi uzteko modu asko daude. Gertatutakoa nabarmenegi ezkutatzen saiatzea da bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.