Olatz Arrieta
LEKU-LEKUTAN

Europarren eta estatubatuarren lehia berdea

2023ko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Europako Batasunak beste hozkada bat eman dio Estatu Batuen teknologia berdeentzako diru publikoen urrezko sagarrari: Europako Batasunean prozesatu edo egiten diren bateriek ere Etxe Zuriaren laguntza publikoak jaso ahal izango dituzte. Ursula Von der Leyenek Joe Bidenekin Washingtonen bilera egin eta gero iragarri dute neurria. Dena den, EBko enpresek Etxe Zuriaren IRA izeneko ekimenaren —Inflation Reduction Act— diru laguntza milioidunak eskatu aurretik, ibilgailuen bateriak egiteko behar diren mineral kritikoen inguruko merkataritza akordioa adostu beharko dute Bruselak eta Washingtonek, AEBekin merkataritza askeko akordio bat edukitzea ezinbestekoa baita Etxe Zuriaren laguntzak eta onura fiskalak jaso ahal izateko. Akordio hori azkar ixtea aurreikusten dute bi aldeek: Batzordeak eskumenak ditu merkataritza itunak sinatzeko, eta Estatu Batuen aldetik akordioak ez luke Ordezkarien Ganberaren oniritzirik beharko. Bruselan presa handia dute akordioa lehenbailehen adosteko; AEBetako Gobernuak jada 90.000 milioi dolar banatu baititu teknologia berdeentzako, guztira aurreikusiak dituen 369.000 milioi dolarretatik. Europako teknologia berdeen industriarentzat Atlantikoaren beste aldean oztopo burokratiko gutxirekin diru laguntzak azkar jasotzeko tentazioa oso handia da; are gehiago, dolarretan edo eurotan jaso, doako dirua baldin bada.

Bidenen IRA plana onartu zenean, Bruselan haserrea eta kezka nagusitu ziren; Europako Batasuna traizionatuta sentitu zen bere merkataritza bazkiderik garrantzitsuena diren AEBek teknologia berdeen laguntzen borroka pizteagatik, eta Europako Batasuneko teknologia berdeak AEBetara ihes egiteko pizgarriak emateagatik. Bruselak kezkatuta jarraitzen du, eta, haserrea gaindituta, estrategia bikoitza jarri du martxan: batetik, Estatu Batuen diru laguntzen sagarrari ahalik eta hozkada gehien eman; bestetik, etxean teknologia berdeentzako inbertsio planak handitu. Azken helburu hori lortzeko, estatu laguntzak malgutzeko erabaki garrantzitsua hartu berri du Batzordeak. Esaterako, lehenengo aldiz Europako Batasuneko gobernuek ez dute mugarik izango baldin eta diru laguntza horiek bertako enpresak Estatu Batuetara edo EBtik kanpoko beste herrialde batera alde ez egiteko erabiltzen badira.

Txina tartean

Europarren eta estatubatuarren lehia berdearen tentsioak baretu dira, baina ez dira desagertu; tentsioak berriro pitz litezke teknologia berdeen mundu lehian aurrea hartu duen herrialdea dela eta: Txina. Bai EBk, baita AEBek ere, Txinarekin diru laguntza publikoen aurka gerra elkarrekin egin nahi dute. Halere, Txinarekin merkataritza eta teknologia alorretan izan beharreko harremanen inguruan iritzi ezberdinak dituzte Bruselan eta Washingtonen: Washingtonek deskonexioa bultzatzen du, Bruselak desarriskua, ordea, de-risking delakoa; hots, dependentzia teknologikoaren arriskua gutxitzea, baina harremana moztu gabe. Hala ere, Estatu Batuak presioa oso handia egiten ari dira Txina Mendebaldetik teknologikoki deskonektatzeko. Hain justu,joan den astean, hainbat hilabeteko kanpainaren ondoren, Bidenen gobernuak azkenean lortu zuen Herbehereek, EBko botere teknologikoak, Txinara eroalek egiteko makinen esportazioetan murrizketak ezartzea. Erabaki horren ondoren, EBk estatubatuarren teknologia berdeentzako diru laguntzen sagarrari beste hozkada bat ematea lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.