AEBetako hauteskundeak. Herritarren ikuspegia

Boto paper adina argudio

Florida da, 29 ordezkarirekin, AEBetako bozetan jokoan dauden estatu garrantzitsuenetariko bat. Iparraldea nagusiki errepublikanoa den arren, hegoaldean, eta batez ere Miamin, gora egiten ari dira demokratak. Inkestek iragartzen duten lehia estuaren erakusgarri dira herritarren iritziak.

Boto emaileak Miamiko Coral Gablesko hauteslekuan, botoa emateko ilara egiten, iragan larunbatean. ARANTXA ELIZEGI EGILEGOR.
arantxa elizegi egilegor
Miami-Coral Gables
2020ko urriaren 27a
00:00
Entzun
Dagoeneko 60 milioi hauteslek bozkatu dute AEBetako presidentetzarako hauteskundeetan. 1908tik ez zen halako daturik ikusi. Hori dela eta, adituek iragarri dute parte hartzea inoizko handiena izango dela aurtengo bozetan. Koronabirusak zuzeneko eragina izan du aldez aurretik bozkatzeko erabakian, baita posta bidezko botoaren aurka Trumpek egindako kanpainak ere. Hautesleak kutsatzeen beldur dira, eta hauteskunde eguneko jende multzoak saihestu nahi dituzte; baina, aldi berean, posta bidezko botoaren ustezko iruzurrak errepublikano asko eraman ditu aurrez aurre eta aldez aurretik bozkatzera. Hala, Floridan, non 29 ordezkari dauden jokoan eta bi hautagaien arteko aldea bi eta hiru puntu artekoa den, bost milioi hauteslek baino gehiagok bozkatu dute dagoeneko, erregistratutako hautesleen %40 inguruk. Oraingoz, eta erregistratutako botoa kontuan harturik, %7ko aldea aterako liekete demokratek errepublikanoei.

[youtube]https://youtu.be/tVKuGQAqVJY[/youtube]

Ordezkari gehien dituzten estatuetako bat izanik, hautagaiek ahalegin berezia egin dute azken asteetan Floridan. Joan den larunbatean bertan, Barack Obama presidente ohia izan zen Miamin, Joe Biden hautagai demokrataren aldeko boza eskatzen; egun berean, Florida iparraldeko Palm Beach konderrian izan zen Donald Trump, aldez aurretik bozkatzen. Baina, hautagaiak ez ezik, haien inguruan lan egiten duten boluntarioak ere kanpaina betean daude. Coral Gables barrutian, elkarrengandik metro gutxira kokatu dituzte euren guneak demokratek eta errepublikanoek, hautesleku baten bi aldeetan.

Biden Harris dioen kartel bat eskuan duela, gerturatzen den edonori demokraten alde egiteko eskatzen dio Cindyk. «AEBak berreskuratu behar ditugu. Trumpek berriz irabazten badu, ez dugu demokraziarik gehiago izango. Diktadore bat da. Obamacare ere kendu egin nahi digu. Sistema hobe bat jarriko duela dio, baina ez du ezer egin lau urtean». Osasun sistemaz baliatu diren milaka estatubatuarretako bat da Fernando; jatorriz kolonbiarra da, eta duela urte batzuk lortu zuen herritartasuna: «Duela gutxi emazteari ebakuntza bat egin behar izan zioten, eta Obamacarera jo genuen. Horri esker egin zioten ebakuntza; bestela, ezin izango genuen ordaindu».

Josh hauteslekuaren beste aldean dago, errepublikanoen gunean. Familia kubatar-estatubatuar bateko hirugarren belaunaldia da hura, baina sozialismoarekiko gorrotoa jaso du oinordetzan: «Demokratak ezkerrera lerratuz joan dira azken urteetan. Ez dut uste Biden bera sozialista denik, baina alderdia Bernie Sanders eta [Alexandria] Ocasio-Cortezen gisako jendearen esku dago, eta horiek esaten diote Bideni zer egin behar duen».

Kubarekiko harremana

Little Havanan gehiengoa diren kubatar-estatubatuarren artean nagusi den kezketako bat da zer gerta litekeen Kubarekiko harremanekin Biden agintera heltzen bada. Garai batean uhartetik ihesi joandakoen artean, errepublikanoak dira nagusi, baina hurrengo belaunaldiek bestela ikusten dute errealitatea. «Ez du zentzurik bahimenduari eusteko eskatzeak. Egungo Kuba ez da garai bateko bera. Aldatuz joan da. Orain negozio pribatuak nonahi ikus daitezke; jendeak etxeak erosten ditu. Bahimenduak haien bizimodua zaildu besterik ez du egiten», dio Julio Legaerretak. Kuban jaioa da, Camaguey herrian.

Kubatar-estatubatuarra da Elena ere. Hark, Juliok ez bezala, Trumpek irabaztea nahi du, ez horrenbeste bahimenduari eusteko, baina bai «legez kanpoko» migratzaileek lanik ken ez diezaieten. «Ni paperekin heldu nintzen, baina orduan Obama zegoen agintean, eta jendeak paperik gabeko migratzaileei ematen zien lana, merkeago egiten zutelako eskatutakoa. Bi urtez lanik gabe egon nintzen, baina Trumpekin, aldatu egin zen egoera; esan zuen legez kanpokoei ateak itxiko zizkiela, eta bete egin du. Hari esker, lana dut orain. Ahal izan banu, haren alde bozkatuko nukeen».

Kontraesana dirudien arren, migratzaileen artean asko dira Trumpen aldekoak, ez bakarrik kubatar-estatubatuarrak. Fabiola venezuelarra da, eta duela bi urte heldu zen AEBetara, hogei urteko semearekin. Asilo prozedura hasia du, eta, bitartean, janaria banatzen egiten du lan: «Aurrez nuen lana galdu egin nuen, koronabirusaren ondorioz. Baina Trumpek iragarritako diru laguntza jaso nuen, eta horri esker egin nuen aurrera. Jendeak leporatzen dio COVID-19aren kontuarekin oker jokatzea, baina ez zaio arrazoirik falta. Koronabirusak milaka hildako eragin dituela diote, baina nork daki benetan zeren ondorioz hil zen jende hori».

Coral Gablesko hauteslekutik irten berria da Sonia. Urteak daramatza AEBetan bizitzen, baina duela bi urte lortu zuen herritartasuna, eta bozkatzen duen lehen aldia da. «Arrazista izatea egozten diote Trumpi, baina ez da hala. Hemen jende asko heldu da paperik gabe, tartean kriminalak ere bai. Herrialde bakar batek ere ez lituzke horiek onartuko, zergatik onartu behar ditugu guk?».

Iritzi berekoa da Jamie ere. Familiarekin joan da bozkatzera, eta harro dio denek eman diotela botoa Trumpi: «Amerika handi egin du. Amerikarrok jarri gaitu besteen aurretik, eta hori ona da. Obamak kargua hartu zuenean egin zuen lehen gauza barkamena eskatzea izan zen. Ez dugu nahi makurtuko den presidente bat, defendatuko gaituen norbait baizik. Ez dut sozialistarik nahi Etxe Zurian. Ondo dakit zer gertatzen den dena doan izango duzula esaten hasten direnean. Askatasunak galtzen hasten zara, eta, ohartzerako, diktadurapean bizi zara».

Oso bestelako iritzia du Ceciliak. Perutik heldu zen AEBetara, 12 urte zituela, eta han bizi da geroztik. «Sozialismoaz hitz egiten dizute deabruaz ari balira bezala. Baina gero, gaixotzen direnean, ez dute dirutza bat ordaindu nahi osasun arreta jasotzeko, edo haurrak eskola publikoetara bidali nahi dituzte. Biden agintera heltzen bada hau Sobietar Batasuna bilakatuko dela uste dute, hori sinetsarazi dielako Trumpek. Ez dio axola zer eta nola esaten diezun: ez dute arrazoitzen, eta horrela goaz. Trumpek esan dizkien gezurrak barruraino sartu zaizkie, eta komunikabideek ere mezu horiek berak errepikatzen dituzte etengabe. Zail da horren aurka egitea».

Ceciliak hitz egiten duen bitartean, bi auto gurutzatu dira hauteslekuaren parean. Trumpen aldekoa da lehena, eta Bidenen aldekoa bigarrena. Bozgorailuetatik Bidenen eta Trumpen aurkako mezuak entzuten dira, eta horiek boluntarioen txalo eta oihuekin nahasten. AEBetako hauteskunde kanpainako irudi ezin hobea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.