Egoera gaitza, irtenbidea gaitzagoa

Bihar beteko dira bi hilabete Nikaraguan krisiak eztanda egin zuenetik. Gizarte Segurantzaren erreforma baten aurkako protestak tiroka erreprimitu zituen Poliziak. Ordutik, ia 200 pertsona hil dira. Herritarrak matxinatuta daude, baina Daniel Ortega presidentea ez dago etsitzeko.

Hainbat lagun auto baten gainean asteon Managuan, Ortegaren aurkako manifestazio batean. JON ARTANO IZETA.
Jon Artano Izeta.
Managua-Bogota
2018ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Boterearen gatibu da Ortega. Aginteak bizi du, eta ez dakusa alternatibarik hortik kanpora... preso dago». Sergio Ramirez Nikaraguako presidenteorde izan zen sandinistek boto kutxetan irabazitako lehen gobernuan. Daniel Ortegaren gertukoenetako bat izan zen, beraz. «Izan nintzen, bai… mende laurdena joan da, ordea, aldendu ginenetik... zer duen orain buruan? Auskalo! Baina, nirekiko, bai Daniel eta bai Rosario —Murillo, presidenteordea eta Ortegaren emaztea— errealitatetik kanpo bizi dira».

Ramirezen bulegoan milaka liburu daude; apaletan, idazmahaietan, besaulkietan... azken urteotan sorkuntzan aritu da, Nikaraguako idazlerik oparoenetakoabaita. Denetik argitaratu du: nobela beltza, ipuinak, haurrentzakoak... ordenagailuko pantailan irekia duen testua, baina, beste genero bat da... «Egunotan gertatzen ari den guztiaren akta jasotzen ari naiz. Zurrunbilo hau taxuz azaltzeko premia izango dugu; bai nikaraguarrei bai munduari».

Galtzada-harrizgaltzada-harri

Hogeita lau zentimetro luze eta hogeita bi zabal. Pisuan ia hamar kilo eta erdi. Galtzada-harriz eraiki dute Nikaraguako historia modernoa. Anastasio Somozaren ustelkeriaren sinbolo dira: 1972an Managua suntsitu zuen lurrikararen ondotik, diktadoreak erabaki zuen galtzada-harriz berreraikitzea kaleak. Familiarena zen galtzada-harriak ekoizten zituen fabrika bakarra, eta familiako beste enpresa batek ekoitzitako zementua erabili zuten. Sandinistek galtzada-harri horiek harrotuz egindako barrikadak erabili zituzten garaipen militarra lortzeko. Eta askapenaren ikur bihurtu zituzten. 40 urte geroago galtzada harriak lehen bezain estrategikoak dira erreboltarako. Barrikada-labirinto bat da Managua. Ortega-Murillo agintarien aurkako herritarrek jarri dituzte protesta egiteko eta errepresiotik babesteko.

Hain justu, tranque-ak (barrikadak) dira Ortega-Murilloren obsesioa. «Tranque-ek giza eskubideak urratzen dituzte eta gatazka honen sorburu dira». Agintari bikoteak barrikada horiek lehenbailehen kentzea nahi du, eta gai horixe baino ez zuen eztabaidatu nahi elkarrizketa mahaian. Azkenean, baina, gertatutako hilketa eta giza eskubideen urraketak argitzeko NBE Nazio Batuen Erakundea, EB Europako Batasuna, eta AEE Amerikako Estatuen Erakundea Nikaraguara gonbidatzea onartu dute. Eliza bitartekari dela, gobernuko eta gizarte zibileko ordezkariek eztabaidan jarraitzea adostu dute bortxatzailea geratzeko neurri bila. «Zinismoa» leporatu dio Marlin Sierra-k Ortegari. «Hildakoen omenez minutu bateko isilunea eskatzen zuten une berean poliziak eta paramilitarrak gaztetxo ehizan zeuzkaten, egunero bezala». Cenidh Nikaraguako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria da Sierra, eta egunotan gertatzen ari direnak Somozaren garaiko gehiegikeriekin konparatu ditu: «Torturak, bahiketak, exekuzio estrajudizialak... Costa Rican izan ginen abenduan, eta hangoei iragarri genien: presio heltze bat da Nikaragua, eta, eztanda eginez gero, ez dugu jakingo nola geratu».

«Manifestariei tiroka ekitea, gure etxeetan indarrez sartzea, jazarpena... Aspalditik ezagutzen ditugu guk». Francisca Ramirez nekazarien mugimenduko liderra da, eta urteetan ia bakarrik aritu da Ortegaren agintekeria salatuz. «Managua erdigunean, eta egun-argiz, egiten ari diren berbera egiten aritu zaizkigu 2014tik; hirigunetik urrun, ordea, komunikabiderik ez zen gure kontrakoak grabatzeko». Ozeanoen arteko kanala eraikitzeko landa lurrak desjabetzeari ekin zion gobernuak, eta, ordutik, laborarienak izan dira Ortegaren aurkako protesta nagusiak... Apirilaren 18ra arte. «Nazioartetik esku-hartzerik ez badago, zerbait beldurgarria gerta daiteke hemen».

Denak dira kontziente egoera oso beltza izan arren are beltzagoa izan daitekeela, arma asko baitago herritarren esku 1980ko gerraz geroztik. «Hori da azkena nahi nukeena: gerra zibila» azpimarratu du Sergio Ramirezek, «Ia 50.000 hildako behar izan genituen diktadura eraisteko... Uste dut nahikoa odol isuri dela. Aldaketa bai, baina armarik gabe izan dadila». Orain arte armada gatazkatik at mantendu da, errepresioan parte hartu gabe. Askoren ustez, atzera bueltarik gabeko pausoa litzateke Ortegak armada kalera ateratzea lortuko balu.

Nola askatu korapiloa?

Carlos Alberto Perez analista politikoa da, eta, haren ustez, nekeza izango da aterabide adostu bat: «Ortegak erabat desaktibatu du oposizioa agintean daramatzan hamaika urteotan. Hauteskundeetako aurkariak txotxongiloak dira; horregatik ez dago orain alternatiba politiko egituratu bat. Herria ia osorik altxatu da zapaltzailearen aurka, baina norekin negoziatu behar du Ortegak? Botere guztia zentralizatu du familiak, eta orain ez du parekorik aurkitzen». Hauteskundeak aurreratzea da manifestarien eskaera; Ortegak, ordea, ez du horrelakorik onartu gaur-gaurkoz. Julio Lopez Campos FSLNko agintari historikoak La Prensa Managuako egunkariari esan dio presidentea ez dagoela etsitzeko, hori pentsatzen duenak ez duela «Daniel ezagutzen», eta «luze» euts diezaiokeela dagoenean: «Herritarren gehiengoa beldurtia dela uste du,eta erresistentzia ahultzen saiatzen ari da izua ezarriz kaleetan».

Barrikadetan, ordea, ez dute amore emateko asmorik. «Gaudenok erabakimen osoz eta kontzienteki gaude», azaldu dio BERRIAri UNAN unibertsitatean gotortutako ikasleetako batek. Zapi batez estali du aurpegia argazkirako. Psikologia ikaslea da, baina erizain gisara ari da boluntario, eta «drama handiak» ikustea egokitu zaio. Auzoek ezkutuka emandako botikak txukun-txukun ditu apailatuta, «jakiak ere ekartzen dizkigute, baina azkenaldian geure aurrean probarazten diegu dakartena, jenero pozoitua iritsi izan baitzaigu». Campusetik atera gabe hilabete t'erdi daramate, «estresa oso handia izan arren inork ez du atzerapausorik emango. Hildako gehiegi izan dira dagoeneko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.