Urtea biribildu nahi dute

Jakak eta Altunak lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Urte bereko banakako bi txapelak eskuratu nahi ditu Jakak; Altunak, berriz, buelta eman nahi dio finaletan duen ibilbide txarrari

Jokin Altuna eta Erik Jaka elkar agurtzen, buruz buruzko finala amaitu berritan. Jakak irabazi zuen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
jon eskudero
2020ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Urte guztian ez bezala, Gabonetan ohikoa bihurtu da kalean baserritarren txapela ikustea. Urte osoan baserri bat usaindu ere egin ez duenak ere pozik jantzi ohi du txapela. Gabon ospakizun handirik egiteko baimenik ez zuten izango Erik Jakak eta Jokin Altunak, baina haiek ere jantzi nahi lukete txapel beltza. Ez baserritarrena, baliotsuagoa baizik. Izan ere, bi gipuzkoarrek gaur jokatuko dute lau eta erdiko finala, Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:45, ETB1), eta titulu preziatua irabazita biribildu nahi dute urtea. Duela hiru aste pasatxo neurtu zituzten indarrak buruz buruko finalean, eta orduan Jaka nagusitu zen (22-20). Ordea, beste distantzia batean lehiatuko dira oraingoan, eta ez dago faborito argirik. Olatu aparretan da Jaka, baina Altuna III.a ez da edozein. Partida orekatua bezain bizia espero da.

Aspalditik dira lagun minak bi gipuzkoarrak. Bi urte zaharragoa da Jaka, eta Lizartzan (Gipuzkoa) hasi zuen pilota ibilbidea. Jauzi bat egin nahian, Amezketara (Gipuzkoa) jo zuen 10-11 urte zituela, eta han ezagutu zuen Altuna III.a. Berehala egin ziren lagun min, eta txapelketaren batean ere osatu zuten bikotea. Irakasle rola hartu zuen Jakak Altuna III.arekin, eta orduak egiten zituzten elkarrekin entrenatzen. Profesionaletarako jauzia egin arte. Behin Aspeko kide zirela, enpresaren aginduetara hasi baitziren entrenamendu saioak egiten, Tolosan batez ere (Gipuzkoa).

Ez ziren konforme, ordea, eta aurrera egiteko beste bide bat aukeratu zuten. Entrenatzaile fisiko propio bat hartu zuten, eta geroztik Amezketan bertan osatzen dituzte saio fisikoak. Psikologikoki ere lagungarri zaie entrenatzailearen ekarpena. Lanaren fruituak aspalditik ari da jasotzen Altuna III.a, eta gaur bosgarren urtez jarraian jokatuko du lau eta erdiko finala. Historian estreinako pilotaria izango da hori lortuko duena, eta 24 urte baino ez ditu.

Jaka, berriz, oraintsu hasi da bere berri ematen onenen artean, baina kasualitatetik gutxi du haren agerpenak. Denbora zeraman toki eske Asperen lehen lerroan, eta, enpresak haren aldeko apustua egin duenetik, ez du huts egin pilotariak. Pronostiko guztiak hautsiz, buruz buruko txapela jantzi zuen, eta ez du olatutik jaitsi nahi. Urte berean banakako bi txapelak eskuratu nahi ditu.

Hain zuzen ere, historian soilik sei pilotarik lortu dute banakako bi txapelak urte berean irabaztea. Miguel Soroa izan zen lehena. 1954an, Barberito I.a menderatu zuen buruz buru (22-4), eta Ogueta handia kaiolan (22-14). Garai hartan, 1953tik 1957ra bitartean soilik jokatu zen lau eta erdiko txapelketa. Hiru hamarkadako etena heldu zen gero, eta 1989an heldu zioten berriz lehiaketari. Ordutik, urte berean bi txapel eskuratuak dira Retegi II.a (1990), Eugi (2000), Olaizola II.a (2005, 2012 eta 2013), Martinez de Irujo (2006, 2010 eta 2014) eta Urrutikoetxea (2015). Zerrenda horretan sartzeko aukera izan zuen Altuna III.ak orain dela bi urte, baina ez zuen lortu. Bada, Jakak ez dio aukerari muzin egin nahi, eta, gaur irabazten badu, pilotaren historian letra larriz idatzirik geratuko da haren izena.

Badu motiborik horretan sinesteko. Pilotazale gehienak harriturik utzi ditu lizartzarraren jokoak, eta orain arteko bideari eutsi beharko dio Altuna III.a garaitu nahi badu. Tantoa amaitzeko gaitasuna aspalditik datorkio, baina defentsan egin du gorakada nabarmena. Dena den, badaki bere jokoa erasoan oinarritu beharko duela txapeldunak. Finalerako bidean Peio Etxeberria (22-21) eta Ezkurdia (22-16) kanporatu ditu. Batez ere, finalerdietako garaipenak konfiantza eman dio, eta bere buruarengan konfiantza izugarria duela iritsiko da finalera. Sakea baliatzen badu, profesionaletako koadroan dagoen pilotaririk arriskutsuena da.

Baina, gaur-gaurkoz, lau eta erdian pilotaririk erregularrena da Altuna III.a, eta garaipen gosez dago. Lau final ditu jokatuak kaiolan, eta txapel bakarra dauka. Datu horiek hobetzen saiatuko da. Azken bi urteetan, Ezkurdia izan du borrero nagusi finaletan, Iruñeko pilotaleku berrian. Alde horretatik, gaurko partida Bilbon izateak mesede egin diezaioke. Hori bai, gakoa haren jarreran egongo da. Orain arteko partidetan, gaizki hasi da, nahiz eta gero emaitza irauli. Elezkano II.ari irabazi zion final-laurdenetan (22-11), eta Bengoetxea VI.ari finalerdietan (22-13).

Sasoirik onenean dauden bi pilotariak lehiatuko dira, beraz. Gainera, historian bigarrenez gertatuko da urte bereko banakako bi finalak pilotari berberen artean jokatzea. Azkenekoz 2013an izan zen hori, Olaizola II.ak eta Irujok elkar ikusi baitzuten buruz buruko eta lau eta erdiko finalean. Bi txapelak goizuetarrak jantzi zituen.

Haritz Saez Aspeko pilotari ohiaren analisia: 'Erasora jokatzeko beharra dute'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.