Donostiako 53. Jazzaldia. KRITIKA.

Mitikoa

2018ko uztailaren 31
00:00
Entzun

Chick Corea Akoustic Band eta Curtis Stigers



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailak 29.

Jazz munduan izar bat dugu Chick Corea jauna, Donostian sarritan aritua. Oraingo honetan, beste bi maisu handiekin aspalditik osatua duen hirukotearekin jardun du: John Patittucci baxuarekin eta Dave Weck bateriarekin. Musika elektronikoarekin lortu zuten sona, baina oraingoan akustikoan etorri dira. Kontzertu antologiko horietako bat izan da, Jazzaldiari amaiera emateko aproposa. Jazz zaleak gustura eta miresmen osoz, adi izan dituzte. Duke Ellingtonen In a Sentimental Mood klasikoa jo dutenean, swing ezin hobe bat entzuteko parada izan da. Domenico Scarlatiren doinuekin ausartu dira, hasieran jatorrizko bertsioa eginez, duela hiru mendekoa, eta ondoren, eurek obraren inguruan sortutako jolas bikaina emanez. Spain mitikoa azaltzean, Coreak aitortu du Joaquin Rodrigoren El concierto de Aranjuez-en oinarritu zela, eta gehitu maisuaren kontzertuaren hasiera joko zuela, eta ondoren, oraingoan ere, berak sortutakoa. 70eko hamarkadako fusioaren gailur izandako doinuak plazer handiz entzun ahal izan dira. Esan daiteke historikoa izan dela kontzertuaren zati hau, ahaztezina. Patitucci jauna, beti bezala, bikain, eta are hobeto kontrabaxua arkuarekin jotzen aritu denean, erromantizismo kutsu dotore bat emanez kontzertuari. Dave Weckl baterian entzutea zoragarria da, bikaina.

Kontzertu ederra eskaini du, halaber, Curtis Stigersek. Boiseko abeslariak «kaixo» esan du taulagainera igo bezain pronto. Lagun dituen musikariak aurkeztu, eta ahots ederrarekin abestu ditu Tom Waitsek, Bod Dylanek, John Lenonek nahiz berak sortutako kantak. Bi kantu jo ondoren «ongi etorri» ere esan du.

Musikari onak ditu lagun. Aipatzekoa John Scrapper Sneider tronpetarekin; hainbat giro berezi sortu ditu, oso alaiak gehienetan, jolasean askotan, eta bikain dramatismoa behar izan denean. Cliff Schmittek ere, baxuarekin, zenbait une zoragarri eskaini ditu. «Eskerrik asko» esan du Curtisek beste une batean. Ez da ohikoena Jazzaldira datozen musikariek euskara erabiltzea. Eta amaiera aldera, festa giroa epeltzen eta martxa areagotzen ari zenean, aitortu du txikitatik ezagutzen dituela euskaldunak, bere herriko euskaldunak, Boisekoak alegia, eta pintxoak, eta jatekoak, eta... Harrotasunez azaldu du ezagutza hori, eta ikusleek eskertu diote detailea. Ahots sendo eta atsegina du Curtisek, ondo landua. Estilo oso amerikarra du, klasikoa, ez abesten soilik, baita saxo tenorrarekin, eta aspaldian entzun gabeko saxo amerikar indartsu eta kementsuarekin doinu distiratsuak jo ditu. Zoragarria. Sekulako plazera da Donostiako 53. Jazzaldia horrela amaitzea. Ondo baino hobeto joan dira Trinitate plazako kontzertuak, eta bi tanta txoro kenduta, giroa zoragarria izan da; eguraldiarena eta jaialdiarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.