Zientzia. Maira Aguiar. BCAMeko ikertzailea

«COVID-19aren dinamikak ondo deskribatzen ari gara»

Biologia matematikoko adituak COVID-19aren bilakaera deskribatzeko eta aurreikusteko eredu bat sortu du. Jaurlaritzari jakinarazten dizkiote datuak. Tresnak funtzionatzen duela dio.

MAIRA AGUIAR.
jakes goikoetxea
2021eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
SARS-CoV-2 birusa agertu aurretik Ikerbasquek fitxatu zuen, BCAMen, Matematika Aplikatuen Euskal Zentroan lan egiteko. Ikasketaz biologoa da, eta biologia matematikoan espezializatu da. Maira Aguiarrek (Belo Horizonte, Brasil, 1980) gaixotasun infekziosoen dinamiken ikerketan —denge sukarrean batez ere— pilatutako eskarmentua oso baliagarria izan da COVID-19aren bilakaera neurtzeko eta aurreikusteko eredu matematiko bat sortzeko. Brasilen, Portugalen eta Italian ikertu izan du —Mari Curie beka batekin—, eta, orain, Euskal Herrian.

Euskara ikasten ari da, eta «egun on» gozo eta indartsu batekin hasi du elkarrizketa, baina bere ohiko hizkuntzara, ingelesera pasatu da berehala. 350 laguneko konferentzia birtual bat antolatzen aritu da egunotan.

SARS-CoV-2 birusa agertu zenean, hasieratik jabetu al zinen haren garrantziaz?

Ez. Beti geunden erne; bagenekien Txinan zerbait gertatzen ari zela, eta datuak aztertzen genituen, baina herrialde gehiago hasi zirenean birusa identifikatzen, orduan klik egin genuen: estuago aztertzen hasi ginen.

Koronabirusak Italian harrapatu zintuen, baina ordurako Ikerbasque ikertzailea zinen, eta BCAMentzat lanean hasita zeunden. Zein izan zen lehen urratsa?

Birus berria zenez, ikustea ea zer aprobetxatu genezakeen aurretik genuen eskarmentutik, beste gaixotasun infekziosoen dinamiketatik.

Hainbat gaixotasun infekziosorekin lan egina zinen, denge sukarrarekin batez ere. Dengea eta koronabirusa ezberdinak dira; dengea eltxo batek transmititzen du. Zer ezagutza zen aprobetxagarria?

Eredu matematiko bat garatzeko, gaitzaren dinamikak deskribatzeko, haren ezaugarri biologikoak eta haren dinamika epidemiologikoak aintzat hartu behar dira. Ikasi egin behar izan genuen giza koronabirusez, eta ereduan aintzat hartu SARS-CoV-2 birusari buruzko informazio guztia: kutsatze epea, asintomatikoen proportzioa, biztanlerik ahulenetan duen eragina... Ezin da dengearen eredua besterik gabe COVID-19arentzat erabili, baina, dinamiken ikuspegitik, eredu bat garatzeko kontzeptu matematikoak erabiltzeko, informazio asko baliatu ahal izan genuen aurretik dengearekin eta beste gaixotasun infekzioso batzuekin genuen eskarmentutik.

Biologia matematikoa lehen mailako ikerketa arloa bihurtu du COVID-19ak. Urteetako lanaren aitortza da?

Biologia matematikoak bazuen aitortza; ez dut uste itzalean ari ginenik lanean. Betidanik izan da ezaguna, eta urtetik urtera gero eta garrantzitsuagoa eta sendoagoa da. Orain gertatzen ari dena da biologia matematikoan jartzen ari dela arreta guztia, eta horrek ez nau pozten.

Zergatik?

Erantzukizun handia sentitzen dut. Ikertzaile gisa nire onena ematen ari naiz, gainerako gaixotasun infekziosoak ahaztu gabe, horiek ere garrantzitsuak baitira.

Datuak oso garrantzitsuak ziren, beraz. Azkar lortu zenituzten?

Zorionez, Osakidetzak datu oso onak zituen, eta oso azkar partekatzen zituen gurekin.

Zer da eredu matematiko bat?

Tresna matematiko bat baino ez da, errealitatea deskribatzeko garatua. Kontzeptu matematikoak erabiltzen ditugu, baina informazio biologikoari lotuta, eta datu enpirikoek baliozkotu behar dute. Ez dira guztiz zehatzak, baina zehatzak izan daitezke, eta baliotsuak dira egoera batzuetan.

Nolakoa da zuen eredua?

Arnas aparatuko beste birus batzuen eskarmentutik abiatu ginen, nahiko ondo deskriba zitezkeenak eredu sinple baten bidez, SIR ereduaren bidez. SIR ereduak aintzat hartzen ditu kutsatzeko arriskua dutenak [S, susceptible], kutsatuak [I, infected] eta sendatu direnak [R, recovered]. Datu berriak iritsi ahala eta eredua baliozkotzeko gai ginen neurrian, eredua zabaltzen hasi ginen, SHARUCD eredua sortu arte. Kutsatuak bi taldetan banatu genituen: alde batetik, ospitaleratzeko arriskua zuten kutsatu larriak [H] eta, bestetik, kutsatu arinak eta asintomatikoak [A]. Baita ZIUetan ospitaleratuak [U] eta hildakoak ere [D]. Konpartimentuak gehitzen genizkion ereduari.

Zuena ez da BCAMek garatu duen eredu matematiko bakarra.

Ez, BCAMek hiru talde ditu, hiru eredu ezberdinekin lanean. Gurea, SHARUCD, eredu epidemiologiko estokastikoa da; bigarrena eredu estatistikoa da, SEIR motakoa, eta hirugarrena, gausiarra: iraganeko informazioa erabiltzen du etorkizuna iragartzeko. Beti hiru hurbilketekin egiten dugu lan, eta hori oso garrantzitsua da, hiru ereduen emaitzak bat baitzetozen, eta horrela aurreikuspenak baliozkotu ahal izan baikenituen.

Zuk esana da zuen eredua egonkorra eta sendoa dela. Nola lortu duzue? Ez al da eredua etengabe egokitu behar errealitatera?

SHARUCD eredua egokitu egiten dugu, gai ez denean garaiko egoera deskribatzeko. Aurten, esaterako, kontrol funtzioak gehitu behar izan dizkiogu, itxialdien eragina deskribatzeko. Ez du parametroen beste egokitzapenik behar izan. Horrek esan nahi du ondo deskribatzen ari garela COVID-19aren dinamikak.

Errealitatea oso aldakorra da.

Bizitza errealari buruz hitz egiten ari gara, eta gorabehera estokastikoak izan ditzake, ausazkoak. Ez dakigu zer gertatuko den, eta, horregatik, oso garrantzitsuak dira ereduak ematen dituen zenbaki tarteak, bizitza errealean ezin baititugu zenbaki zehatzak eman aldagai bakoitzari buruz.

Giza portaerak modelizatu behar ditu. Nola modelizatzen dira giza portaerak?

Banakoetan oinarritutako eredu bat oso zaila da. Oraingoz, giza portaera ereduan txertatuta dago, transmisio ratioaren bidez: gora edo behera egiten du mugikortasuna handitzen edo gutxitzen bada. Kontrol funtzioak ere gehitu dizkiogu, itxialdiak azaltzeko. Faktore asko ulertu behar dira: tenperaturaren eta giza portaeraren arteko konbinazioa, adibidez.

Txertaketa prozesua aintzat hartzen du? Eragiten dio?

Eredua prest dago datuak edukiko ditugun momentutik aintzat hartzeko, baina txertaketa oso motel doa, eta oraindik ez du eraginik populazioan.

Eta koronabirusaren aldaera berriak?

Eredu honek ez ditu aintzat hartzen; ez daukagu datu askorik horri buruz.

SHARUCD ereduak luze gabeko eta luzera begirako aurreikuspenak egiten ditu?

Lehen olatuan luze gabeko eta luzera begirako aurreikuspenak ematen genituen; orain, hamabost egunekoak.

Eusko Jaurlaritzari eta Osakidetzari esan diezaiekezue osasun eremu bakoitzean zenbat pertsona kutsatuko diren, zenbat ospitaleratu, zenbat ZIUn sartu, zenbat hil…?

Orain ez gara ari lanean osasun eremuentzat; lurralde osorako egiten dugu aurreikuspena. Ereduak beti hiru zenbaki ematen ditu, tarte baten barruan. Bizitza errealari buruz hitz egiten ari gara; oszilazioak gertatzen dira, eta ezin dira aurreikusi. Oraingoz, datuak ereduak emandako konfiantza tartearen barruan daude. Eredua ondo ari da lanean.

Harreman zuzena daukazu Eusko Jaurlaritzarekin?

Ez. Harreman estua daukat Osakidetzarekin: egoerari buruzko alderdi biologikoei buruz hitz egiten dut haiekin, eredua hobetzeko. BCAMeko zuzendari zientifikoak hitz egiten du Eusko Jaurlaritzarekin, eta hark ematen dizkie aurreikuspenak.

Gomendioak egiten dizkiezue?

Ereduaren emaitza zientifikoak ematen ditugu, ez aholkularitza. Ez dugu erabakietan parte hartzen. Erabakiak hartzeko tresna bat ematen dugu.

Gabonen aurretik agerikoa zen kutsatuek, ospitaleratuek eta hildakoek gora egingo zutela Gabonen ostean. Ereduarentzat ere bai?

Bai. Kutsatzeak handituko zirela ikusi genuen Gabonen aurretik neurriak lasaitu zirenean. Baina ez mugikortasuna handitu zelako bakarrik, baita eguraldiagatik ere, hotz egin baitzuen; orduan jendeak barrurako joera izaten du, aireztapenik gabe, eta kutsatzeak errazten dira.

Eta zer dio ereduak hurrengo egunetako bilakaerari buruz?

Kasuen kopurua udan baino handiagoa da, baina ez dugu espero kasuen leherketarik edo igoera esponentzialik. Itxialdiak daude indarrean; mugikortasuna mugatu da, eta guretzat zaila da neurtzea ea gaitzaren dinamiketan inpakturik izango duen edo gaitzak dinamika natural bat izango duen. Datuei oso adi gaude.

Kurbak goia jo du?

Egonkortzeko joera ikusten da. Baina astebetean gora edo behera egin dezake. Konfiantza tarte zabala daukagu.

Bateren batek pentsa dezake kristalezko bola bat daukazuela.

Modelizazioa oso zehatza da, datuetan oinarritua. Datuak ez badira onak, ereduak ezin du errealitate hori azaldu. Ereduak ez dira bizitza erreala. Ez gara gai erabateko zehaztasunez azaltzeko. Agertokiak eskaintzen ditugu.

Brasilgo eta Portugalgo herritartasuna duzu. Brasilen, Bolsonaro presidenteak gutxietsi egin du izurritea. Bi herrialdeetan daude oso larri. Zer sentitzen duzu?

Sentitzen dut brasildarrengatik. Daukaten presidentea ez dago prestatuta herrialde bat zuzentzeko. Espero dut hurrengo urteetan bidaliko dutela. Espero dut herritarrek, zientzialariekin batera —Brasilek sekulako ikertzaileak dauzka—, pandemiaren eboluzioa hobetuko dutela, txertoarekin, ezagutzaren transmisioarekin...

Portugalek lehen olatua oso ondo pasatu zuen, eta orain oso gaizki dago. Ez da kasu bakarra. Biologikoki espero daiteke: kutsatzeak atzeratu egiten dira, batez ere pertsona ahulenetan eta zaurgarrienetan, eta Portugalen hori gertatzen ari da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.