Zientzia. Carlos Matute. Achucarro zentroko ikertzailea

«Garuna gero eta ezagunagoa da, baina ezezaguna da oraindik»

Naturak sortutako organorik «konplexuena» ikertzen du: garuna; zehazki, neuronen eta glia zelulen arteko harremanak, bai garun osasuntsuetan, bai gaixotasunen bat dutenetan.

ARITZ LOIOLA / @FOKU.
jakes goikoetxea
Leioa
2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Carlos Matute (Zaragoza, Espainia, 1956) Achucarro Basque Center of Neuroscience ikerketa zentroko (Neurozientziaren Euskal Zentroa) zuzendari zientifikoa izan da zentroa sortu zenetik, 2012. urtean, aurtengo urte hasierara arte —Ignacio Torresek ordezkatu du—. Neurobiologia laborategiko arduraduna da Matute.

Ezagunak dira neuronak. Ez dira hain ezagunak, ordea, neuronek funtzionatzeko —informazioa jasotzeko, prozesatzeko eta transmititzeko— beharrezkoak diren beste zelula batzuk: glia zelulak. Neuronen eta glia zelulen arteko harremanean espezializatutako zentroa da Achucarro.

Achucarro ikerketa zentroa 2012an abiatu zen. Neuronen eta glia zelulen arteko harremanean oinarritzeko apustua egin zenuten. Asmatu zenuten?

Bai, hazten ari da ikerketa arlo hau. Azken urteetan, garrantzi eta tamaina handia hartu du, eta sekulako potentziala du. Oso gutxirekin abiatu ginen, eta, gaur egun, ehun ikertzaileko zentro bat eta nazioarteko marka bat dauzkagu.

Arlo horretan espezializatutako munduko zentro bakarra da?

Ideia planteatu genuenean eta sortu ginenean, bai. Gaur egun, zentro gehiago daude, bai AEBetan, bai Europan.

Nerbio sistemari buruz hitz egitean, garunaz zehatzago, neuronak aipatu ohi dira; ez glia zelulak. Hain ezezagunak dira?

Bai. Normala da garunaz hitz egitean jendeak neuronetan pentsatzea, garuneko zelula nagusiak baitira; baina garuna ez litzateke halakoa izango glia zelulak egongo ez balira

Glia hitzak kola edo lotura esan nahi du grezieraz. Neuronak batu edo heldu egiten zituela uste zuten, baina ez da masa hutsa.

Mikroskopia teknikak hobetu ziren neurrian, ikusi zuten modu orokorrean glia deitzen zuten horrek abizen asko zituela, zelula mota ezberdinak zeudela, eta konturatu ziren haien lana funtsezkoa zela garunak lan egiteko, garunak ondo funtzionatzeko. Neuronak baino glia zelula gehiago daude.

Neurona bakoitzeko bederatzi glia zelula inguru?

Proportzio ezberdinak daude. Giza garunak beste espezie batzuek baino glia zelula gehiago ditu. Badira esaten dutenak gizakiak garela beste espezie batzuek baino glia zelulen multzo landuagoa eta handiagoa dugulako.

Zenbatekoa da aldea primateekiko, esaterako?

Garuneko eremu batzuetan, primateek halako hamar glia zelula ditugu; beste eremu batzuetan, parekatuago daude.

Hainbat glia zelula mota daude. Azal ditzakezu batzuen eta besteen funtzioak? Hasteko, ugarienak: astrozitoak.

Astrozitoak oso garrantzitsuak dira, batez ere funtzio metabolikoagatik: erregaia eramaten diete neuronei. Horrez gain, neuronen arteko komunikazioan parte hartzen dute. Neuronak elkarrekin komunikatzen dira, sinapsi deitutako kontaktuen bidez. Astrozitoek inguratu egiten dituzte kontaktu horiek, eta haietan eragiten dute. Neurona bat besteari transmititzen ari zaiona modulatzen dute.

Astrozitoek neuronak entzuten dituztela esan izan duzu.

Bai, baina entzun bakarrik ez: elkarrizketan parte hartzen dute.

Oligodendrozitoak.

Oligodendrozitoek mielinarekin biltzen dute neuronen zati bat, axoia, seinalea batetik bestera transmititzen duena. Horrela, axoia bakartu egiten dute, eta seinalea azkarrago eta eraginkorrago bideratzen dute. Kable elektrikoen bilgarriaren moduko zerbait litzateke. Axoietan mielina bilgarri hori egongo ez balitz, garunak askoz ere handiagoa izan beharko luke iristen zaion informazioa prozesatzeko eta ekintzak egiteko hain eraginkorra izateko.

Mikrogliak zaborraren kamioiarekin alderatu izan dira.

Mikrogilaren funtzio klasikoetako bat da garunaren funtzionamendu arruntean edo patologikoan sortzen diren hondakinak deuseztatzea. Irentsi egiten dituzte; fagozitosia deitzen dugu. Hildako neuronak, edozein eratako detrituak eta abar izan daitezke. Beti patruilatzen eta ordena ezartzen ari dira, polizien moduan. Istripuren bat gertatzen denean, egoera konpontzen saiatzen dira.

Ikerkuntzan gutxietsi egin da glia zelulen garrantzia?

Betidanik jakin da hor zeudela, antzinako histologoek bazekiten hor zeudela; baina fisiologoak eta histologoak gehiago zentratu ziren neuronetan, neuronak baitira garuneko zelula nagusiak eta informazioa prozesatzen dutenak. Jaso, landu eta transmititu egiten dute. Hori ez da aldatu. Baina ñabardura asko ditu. Neuronek laguntzaileak behar dituzte, funtzio horietan lagunduko eta babestuko dituzten zelulak, glia zelulak.

Nola ikertzen dituzue neuronen eta glia zelulen arteko harremanak?

Oinarrizkoena zelula hazkuntzetan egitea da. Galderak egin ditzakezu, informazioa lortu, eta gero gaixotasunen animalia ereduetan baieztatu. Hildakoen garunak ere aztertzen ditugu, eta gaixo daudenen jariakinak: odola, likido entzefalorakideoa...

Gainera, teknologia berriak lantzen ari gara, giza jatorriko organoideak sortzeko, zelulen birprogramazioaren bidez. Beste modu batera esanda, minigarunak sortzen ari gara pertsona osasuntsuen azaleko zeluletatik. Giza garuna hobeto ezagutzea da helburua, bai osasuntsu dagoenean, bai gaixo dagoenean.

Eta irudi teknikak?

Neurozientzietako ikerketa gero eta sofistikatuagoa eta konplexuagoa da. Jakina, azken belaunaldiko irudi teknikak erabiltzen ditugu, eta garuna ikus dezakegu, bai hilda, bai bizirik.

Glia zelulen funtzioa garrantzitsua da garun osasuntsuetan, baina baita gaixo dauden garunetan ere. Zein da glia zelulen inplikazioa gaixotasun neurodegeneratiboetan —alzheimerra, parkinsona, esklerosi anizkoitza...—?

Jakina da glia zelulak aztoratuta egoten direla gaixotasun neuronaletan, neurodegeneratiboetan bereziki. Alterazio horiek dezente ezagutzen ari dira. Oraindik ez dago argi ea neuronen asaldatzearekin batera gertatzen diren edo bigarren mailakoak diren. Edo biak. Guk uste dugu batera asaldatzen direla, inguru patologikoak neuronak eta glia zelulak asaldatzen dituela. Gure ikerketek erakusten dute glia zelulek lehen mailako parte hartzea dutela.

Jakina da oligodendrozitoek eragin zuzena dutela esklerosi anizkoitzean.

Esklerosi anizkoitzean, immunitate sistemak elementu arrotz gisa hartzen ditu mielinaren elementu propioak. Ondorioz, eraso egiten dio mielinari, eta kalte egiten die oligodendrozitoei. Erronketako bat da lesio horiek konpontzea, oligodendrozitoak babestuz eta inguruan dauden oligodendrozito heldugabeen bidez berriro mielinizatuz, gaixotasunak sortutako kaltea konpontzeko.

2018an jakinarazi zenuten mikroglien errezeptore batek handitu egiten zuela hanturaren kontrako gaitasuna animalia ereduetan, eta horrela esklerosi anizkoitzaren kaltea txikitu zitekeela. Zertan da ikerketa?

Giltza molekular bat aurkitu genuen, esklerosi anizkoitzaren kalteak konpondu zitzakeena. EHUko kimikariekin elkarlanean ari gara, botika eraginkorragoak eta indartsuagoak garatzeko.

Beraz, ez dira pentsatu behar neuronetan soilik oinarritutako terapiak, baita glia zeluletan oinarritutakoak ere?

Bai. Glia zelulak helburu izango dituzten botikak, esaterako.

Glia zeluletan gaixotasun neurodegeneratiboen biomarkatzaileak aurkitzea al da ikerketa lerroetako bat?

Horretarako erabiltzen ari da azken belaunaldiko teknologia: gaixo daudenen odolean edo beste jariakin batzuetan glia zelulekin zerikusia duten markatzaileak aurkitzeko. Indarra hartzen ari da ildo hori, detekzio goiztiarrerako.

Zientzian mugarri bat lortzen denean, normalean ia beti lotzen da gaixotasun neurodegeneratiboekin, eta esaten da haiek sendatzen lagunduko duela. Urteak pasatzen dira, eta ez dago sendabiderik. Horrek ez al du gizartean etsipena sortzen?

Oso garrantzitsua da egiten diren aurrerapenak zabaltzea, baina egia da testuingurutik ateratzen badira gero etsipena sor dezaketela. Ikertzailea, berez, eraman handikoa da, badaki batzuetan garapenak hamarkadak behar dituela. Agian, komunikabideok gehiago neurtu beharko zenukete nola zabaltzen duzuen mezua, itxaropen faltsuak ez sortzeko.

Zer aurrerapen egin dira azken urteetan gaixotasun neurodeneratiboei aurre egiteko?

Ezagutza handia sortu dugu, eta oso garrantzitsua da, baina ez gara gai izan ezagutza hori tratamendu eraginkorragoetan gauzatzeko. Oso garrantzitsua da, esaterako, biomarkatzaileen garapena, gaixotasuna garatu aurretik atzemateko. Horrez gain, sekulakoa da neuroirudietan izan den aurrerapena: gaur egun, askoz ere errazagoa eta eragabakigarriagoa da bizirik dagoen pertsona baten garuna irudi tekniken bidez ikertzea.

Estimulazio teknikak ere asko aurreratzen ari dira. Gaixotasun batzuetan, sintomatologia gutxitzen lagundu dezakete. Parkinsonean bai, eta badirudi alzheimerrean ere baietz. Sintoma batzuk arindu egiten dira, eta horrek gaixoaren bizi kalitatea hobetzen du. Teknika horiek esperimentazio klinikoan daude.

Garunaren ikerketari eskaini zaion denbora eta baliabide guztiak eskainita ere, ezezaguna da oraindik ere?

Gero eta ezagunagoa da, baina ezezaguna da oraindik ere. Ez da erraza, ikuspegi kontzeptual batetik, jakitea zer gertatzen den garunean, emozionatzen garenean, pozten garenean... Izugarri daukagu aurkitzeko. Oraindik ez dakigu nola geratu garunari eragiten dioten gaixotasun gehienak.

Gorputzaren gainerako atalak ikertzeak errazagoa dirudi.

Naturak sortu duen organorik konplexuena da, eta, izaki bizidun guztien artean, gizakiaren garuna da landuena eta harrigarriena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.