Siria. Gatazka bidegurutzean

XXI. MENDEKO GERRA NAGUSIA

Joan den urrian Turkiak Rojavako inbasioa hasi zuenetik, Siriako gerra bertze fase batean sartu da. Zortzi urte baino gehiago bete ditu gerrak. Gatazkaren berezitasunen artean daude hagitz fase ezberdinak eduki dituela bilakaeran, eta munduko potentzia militar nagusiek esku hartu dutela.

XXI. MENDEKO GERRA NAGUSIA.
mikel rodriguez
2019ko abenduaren 15a
00:00
Entzun

Zortzi urte baino gehiago bete dira Sirian gerra hasi zenetik. Martxoaren 15a hartu ohi da urteurrentzat, 2011ko egun horretan egin baitzuten Baxar al-Assad presidentearen aurkako lehenbiziko manifestazioa. Turkiak joan den urrian Siriako Kurdistanen (Rojavan) hasi zuen inbasioaren ondoren, lorpen diplomatiko handi bat beharko litzateke gerrak bederatzigarren urteurrena ez betetzeko. Siriakoa XXI. mendeko gerra nagusia dela erran liteke, nahiz eta ez den hil gehien eragin dituena, ezta gehien iraun duena ere. Baina bertze dimentsio bat du. Arrazoiak argiak dira: Ekialde Hurbilean dago, munduko petrolio erreserben %48 eta gas naturalaren erreserben %38 dituen eremuan, eta gatazka guztiek plano geopolitikoa astintzen duten tokian. Zer erranik ez munduko potentzia nagusiak sartzen badira; izan ere, Bigarren Mundu Gerraz geroztik lehenbiziko aldiz (1945), AEBek eta Errusiak zuzenean parte hartu dute gerra berean.

Mundu gerra txiki horren ondorioek apokalipsia eragin dute Sirian. Masa hilketak, hiriguneen bonbardaketak, desplazamendu uholdeak, populazioaren ordezkapen etnikoa, exekuzioak —anitzetan ikuskizun mediatiko bihurtuak—, desagerrarazteak eta hobi komunak, esklabotza, sexu indarkeria, eraso kimikoak, muturreko islamismoaren hedapena, ekonomiaren eta oinarrizko zerbitzuen hondoratzea... Ia kontatzen ezinezkoa da Siriako herritarrek pairatu dituzten sufrikarioen zerrenda. Ondorioak zenbatzea hagitz lan zaila izan da urteotan, Siriako eremu anitz bakartuta egon baitira, eta alde guztiek kontrol zorrotza ezarri nahi izan baitiote informazioari.

Gerrak desegituratuta utzi du herrialdea. UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, iheslarien krisiaren unerik okerrenean Siriako 24 milioi biztanleen erdiak zeuden etxetik alde eginda. Horietako 6,6 milioi Siriako bertze eremu batzuetan babestu dira, eta bertze 5,6 milioi inguruk atzerrira egin dute ihesi. Atzerrian zeuden batzuk itzuli dira; alde batetik, eremu batzuetan segurtasun egoera hobetu delako, eta, bertzetik, babeslekutzat zituzten herrialdeak itzulera sustatzen hasi direlako, baina ez dirudi mugimendu handirik gertatu denik.

Izan ere, gerran jarraitzen du herrialdeak, eta etorkizuna ez da ziurra. Jeremy Bowen Erresuma Batuko BBC kateko berriemaileak 2016an Damaskora egin zuen bidaia batean idatzi zuen armadako jeneral batek erran ziola gerrak «hamar urte gehiago» iraun zezakeela. «Defentsa Ministerioan, Siriako jeneral batek erran zidan ongi baino hobeki zekitela Libanon gerrak hamasei urte iraun zuela».

MATXINADA

Urruti gelditu da 2011ko martxoko testuinguru hura. Herrialde arabiarrak eltze bat bezala borborka ari ziren, 2010eko abenduan Tunisian piztu zen matxinadak sortu zuen erreakzio katearen ondoren. Testuinguru horretan deitu zuen protestara Siriako Iraultza izeneko ekinbide batek, Facebook bidez. Damaskon antolatu zuen deialdia. Ehunka lagun elkartu ziren, eskatzeko bertze herrialde arabiarretan eskatu zituzten antzeko erreforma politikoak, eta ken zezatela 1963tik indarrean zegoen larrialdi egoera. Handik hiru egunera, Poliziak lau manifestari hil zituen tiroz Daraa hirian. Oraindik bukatu ez den biolentzia soka luzearen hasiera izan zen.

Siria berehalakoan murgildu zen krisi eta ezegonkortasuna politikoan. Lehenbiziko hilabeteetan, bertze herrialde arabiarren matxinaden testuinguruari lotuta egon zen, eta, gehienbat, Libiako gerra bihurtu zen ispilu. Afrika iparraldeko herrialde horretan NATOk esku hartu zuen Muammar Gaddafiren aurka eta haren kontra matxinatu ziren talde armatuen alde. Talde horiek 2011ko abuztuan Tripoli hiriburua konkistatu zuten, eta, urrian, Gaddafi harrapatu eta hil egin zuten. Gaddafi bezala, Al-Assad estu hartu zuten Mendebaldeak eta haren aliatuek, baina, espekulatu arren, ez zuten esku hartze militarrik egin, Siria Libiaren arrunt ezberdina baitzen: lau aldiz biztanle gehiago zituen, etnikoki eta erlijiosoki plurala zen, Ekialde Hurbilean aliantza sistema baten parte zen —Iranekin, Libanoko Hezbollah alderdi xiitarekin eta hainbat mugimendu palestinarrekin batera—, eta Errusiaren base militar bat zuen —Tartus portuan—, potentzia horrek herrialde sobietar ohi batetik kanpo zuen bakarra.

Hain zuzen, Errusiak, ahalegin diplomatikoan, Siriako Gobernua aktiboago defendatu zuen Libiakoa baino, eta esku hartze eta zigor proposamen guztiak blokeatu zituen NBEren Segurtasun Kontseiluan —Txinarekin batera—. Barrenean, berriz, 2011ko udaberrian, Al-Assadek zenbait neurri hartu eta erreformak agindu zituen protesta mugimendua baretzeko, matxinada kutsua hartu baitzuen, baina ez zuen egoera onbideratu. Gainera, gobernuak hiri batzuk militarizatu zituen egoera kontrolpean hartzeko —Daraa, Homs, Hama...—, eta boterearen aurkako ekintzek manifestazio soil izateari utzi zioten. 2011ko ekainean, talde armatuak erasoak eta inbasioak egiten hasi ziren ipar-mendebaldeko Idlib probintzian. FSA Siriako Armada Askea siglekin jarduten zuten brigada multzo ezezagun bat ziren. Paraleloan, SNC Siriako Kontseilu Nazionala sortu zen atzerrian, Libiako kontseiluaren antzera oposizioa bateratu eta indarrean zegoen erregimenaren alternatiba izanen zen aginte bat osatzeko. Gaur egundik begiratuta, urrutian gelditu diren sigla ahantziak.

GERRA IREKIA

2012rako, Sirian ez zegoen ez herri matxinadarik, ez manifestazio mugimendurik; gerra irekia zen nagusi. FSA siglak errealitate lauso bat bihurtu ziren, eta talde armatuen sail bat agertu zen; gehienek muturreko islamismo sunita zuten ideologiatzat. Muturreko biolentzia ekintzak eta sarraskiak ugaritu egin ziren; hilak dozenaka milaka hasi ziren kontatzen, eta errefuxiatuak, berriz, ehunka milaka. 2012an hasi ziren mendebaldeko hirietako bataila eta setio handiak: Alepon, Damaskoren kanpoaldean, Darayan, Homsen...

Nazioarteko lehenbiziko ahalegin diplomatikoak gerraren hastapeneko aro honetan sortu ziren. Arabiar Ligaren bake plana hilabete baten buruan zapuztu zen. NBEk eta Arabiar Ligak bitartekari izendatu zuten Kofi Annan, NBEko idazkari nagusi ohia, baina 2012ko abuzturako dimisioa eman zuen, etsita. Nazioarteko eragileak bertze modu batera ere inplikatu ziren. Siriako Gobernuak behin eta berriz salatu zuen Golkoko monarkiak talde armatuak finantzatzen eta antolatzen ari zirela. Turkia ere salatu zuen, bertzeak bertze, horietako talde anitzek ez baitzuten arazorik muga zeharkatzeko. Gainera, Turkiako armadak bonbardaketak egin zituen, eta Patriot misilak ezartzeko eskatu zion NATOri. Israelek ere 2012an egin zituen Siriaren aurkako lehenbiziko bonbardaketak, eta, ordutik, urtero egin ditu hainbat. Baina Siriako Gobernua ez zegoen bakarrik, eta, haren larritasuna ikusita, Iranek eta Hezbollahk gerran sartzea erabaki zuten 2013an.

Gerrak izan dituen gertakari handietako bat hasierako fase horretan gertatu zen: 2012ko uztailean, FSA eta matxino islamistak Rojavako hiriak hartu nahian hasi zirenean, armadak alde egin zuen kurduen lurraldeetatik, eta YPG Herriaren Babes Unitatearen miliziek hartu zuten haren tokia. PYD Batasun Demokratikoaren Alderdia buru zela, Kurduen Batzorde Gorena sortu zuten, eta horrela jaio zen Siriako kurduen eremu autonomoa.

Gerraren lehenbiziko fasea 2013ko udan bukatu zen. Damasko ondoko Duma hirian eraso bat egin zuten arma kimikoekin, eta ehunka zibil hil zituzten. AEBek Siriako armadari leporatu zioten erasoa egin izana, eta hango gobernuaren aurkako esku hartze bat prestatzen hasi ziren. Errusiak makineria diplomatikoa martxan paratu zuen orduan, eta akordio bat egin zuen Washingtonekin: Siriak armategi kimikoa deuseztatuko zuen, AEBek erasoaldia bertan behera uztearen truke. OPCW Arma Kimikoak Debekatzeko Erakundea arduratu zen armategiaren deuseztatzea gainbegiratzeaz eta Dumako erasoa ikertzeaz. Bakearen Nobel saria jaso zuen horregatik. Frogatutzat jo zuen Damaskok armategia desegin zuela, baina ezin izan zuen frogatu nork egin zuen Dumako erasoa. Arma kimikoen erabileraren inguruko salaketa anitz egin dira urteotan, eta AEBek iaz Siriako armadaren aurka bonbardaketa batzuk egiteko justifikaziotzat erabili zuten.

KALIFA HERRIA

Gerra irekiaren lehenbiziko fasearen bukaera markatu zuen bertze gertakari nagusia muturreko bi talde islamistaren hazkundea izan zen: Al-Nusra Frontea, eta, nagusiki, ISI Irakeko Estatu Islamikoa.

2013an, Siriako armadak herrialdearen ekialdeko hiri nagusiak galdu zituen, eta 2014ko urtarrilean ISIk bertze talde armatuei gailentzea lortu zuen, Raqqa hiria konkistatuta. Urte hartako ekainean, berriz, Irakeko Mosul hiria konkistatu, eta kalifa herria aldarrikatu zuen: EI Estatu Islamikoa deitu zion bere buruari, Abu Bakr al-Baghdadi liderrak kalifa izendatu zuen bere burua, eta, halaxe, estatu gisa funtzionatzeko ahalegina egin zuen.

Gerra etengabean zegoen estatu bat, ordea, eta etsaitzat jotako kolektiboak desagerrarazteko asmo deklaratua zuena. Kalifa herriaren aldarrikapenak ia mundu osoa astindu zuen. Ia kontinente guztietako muturreko talde armatu eta norbanako islamista sunita anitzek EIren jarraitzaile izendatu zuten beren burua, eta atentatuak egin zituzten haren izenean —gaur egun hari hori ez da eten oraindik—. Potentzia nagusi guztiek etsaitzat izendatu zuten EI, lehen mailako mehatxutzat.

Praktikan, muturreko taldeak ezabatu egin zuen Iraken eta Siriaren arteko muga, eta, horren ondorioz, handitu egin zen bi herrialdeetako gatazkek elkarrengan zuten eragina. Sirian, EI iparralderantz hedatu zen, eta desagertzeko arrisku larrian paratu zuen kurduen autonomia. 2014ko irailean Kobane hiria setiatu zuen, Turkiaren menpeko Kurdistanen mugan. Urrian, YPG miliziak hiria galtzeko zorian zirenean, AEBek Sirian esku hartzea erabaki zuten. Gerraren bertze aldaketa erabakigarrietako bat. Nazioarteko koalizio bat sortu zuten EIren aurka, eta, YPGrekin aliantza bat eginda, muturreko talde islamistaren aurkako kontraerasoa hasi zuten. Kobane 2015eko urtarrilean askatu zuten, eta YPGk, AEBen laguntzarekin, kalifa herria deuseztatzeko kontaerasoa hasi zuten. Hala ere, kalifa herriak 2015eko urtarrilaren eta ekainaren bitartean lortu zuen zabalkunde geografikorik handiena. Siriaren mendebaldean, EIk fronte gehiago ireki zituen, kasu horietan armadaren aurka —Palmira hiri historikoan, Damaskoko Yarmuk palestinarren kanpalekuan, Libanoko mugan, Alepo probintzian...—.

Ezegonkortasuna inoiz baino handiagoa zen Sirian, eta, horren eraginez, gerrako errefuxiatu exodorik handiena gertatu zen. Milioi bat iheslari inguru sartu ziren EB Europako Batasunean 2015ean, gehienak Siriakoak. Erreakzio xenofobo handia sortu zen, eta migrazioaren gaiak EBko herrialde anitzetako egoera politikoa astindu zuen. 2015eko udakoa izan zen NBEk gerran hildakoei buruz eman zuen azken zifra: 250.000 lagun 2011tik.

ERRUSIA GERRARA

2015eko udan, Siriako Gobernua gerra hasiz geroztiko egoerarik prekarioenean zegoen, eta zalantzan zegoen noiz arte eutsi ahalko zion. Irailaren 30ean, gerraren norabidea aldatu zuen iragarpen bat gertatu zen: «Buru-belarri sartu gara gatazka honetan. Hasteko, Siriako armadari lagunduko diogu terroristen aurkako borrokan». Vladimir Putin Errusiako presidenteak adierazpena egin bezain pronto hasi zituen Errusiako armadak talde matxinoen aurkako bonbardaketak.

Erabaki historikoa izan zen, zeren, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna desegin zenetik lehenbiziko aldiz, Errusia gerra batean sartu baitzen sobietar eremu ohitik kanpo. AEBek eta haren aliatuek esku hartzea salatu zuten, eta hasieratik argi gelditu zen ez zutela elkarlanik izanen etsai komunaren, EIren, aurka. Siriako armadarekin lurraldeak birkonkistatu eta estatuaren agintea berrezartzea zen Errusiaren helburua, eta mendebaldean hasi zuten ekinaldi hori. Batailarik handiena Alepo hiria berreskuratzekoa izan zen. Ia setiatuta zegoen Siriako armada; Errusiaren laguntzaz, 2016ko otsailean erasoaldia hasi, eta abenduaren 22an hiria ofizialki berreskuratutzat jo zuen Siriako Gobernuak. Guztiz suntsituta gelditu zen hiria. Gerra hasi aitzinetik, bi milioi biztanle inguru zituen Alepok; 2016ko erasoaldiaren hasieran, NBEk kalkulatu zuen 300.000 inguru gelditzen zirela, eta, erasoaldia bukatzean, berriz, 265.000 inguru.

KALIFA HERRIAREN AMAIERA

AEBen eta kurduen milizien ofentsibarekin eta Errusiaren esku hartzearekin, EI gibelera egiten hasi zen, eta 2017an kalifa herriak herio kolpea jaso zuen. Iraken menpean zituen lurralde guztiak galdu zituen, eta Sirian Raqqatik bidali zuten SDF Siriako Indar Demokratikoek —YPG indar nagusitzat zuen koalizioak—. Siriako armadak, berriz, bertze probintziako hiriburu batetik, Deir ez-Zorretik bidali zuen. Baghuz izeneko hiria izan zen EIren kalifa herriaren azken lurraldea, Siriaren hego-ekialdeko muturrean, Irakeko mugan. Irteerarik gabeko erresistentzia batean zokoratuta, 2019ko martxoaren 23an SDFk kalifa herria desegintzat jo zuen, Baghuz osoa kontrolpean hartu ondoren.

Herrialdearen mendebaldean, berriz, Siriako armadak hirigune nagusiak berreskuratu zituen 2018an, eta, EI mapatik ezabatuta, statu quo berri bat ezarri zen gerran: Eufrates ibaiaren ekialdea SDF Siriako Indar Demokratikoen kontrolpean; mendebalde gehiena Siriako Estatuaren agintepera itzulita; ipar-mendebaldeko Idlib probintzia Al-Nusraren eta bertze talde batzuen menpean; kurduen Afrin barrutia eta haren ekialdeko eskualdeak Turkiak inbadituta; eta, Jordaniako mugako basamortuko eremua AEBen base batek gobernatua.

POTENTZIEN ARTEKO LEHIA

Aurtengo martxoan sortu zen galdera nagusia zen: zer gertatuko da orain? Hainbat korapilo zeuden askatzeko: Idlib probintziaren etorkizuna, Siriako Estatuaren eta SDFren arteko harremana, AEBen presentzia militarraren etorkizuna, eta Turkiaren anbizioak. Egoerak argitu gabe segitzen du, baina joan den urrian gertatu zen mugimendu nabarmenak bata bertzearen gibeletik eragin die zalantza horiei. Donald Trump AEBetako presidenteak urriaren 6an Rojavatik erretiratzeko agindua eman zien tropei, eta Turkiak inbasioa hasi zuen handik hiru egunera. Horren eraginez, SDFk Siriako Gobernuari eta Errusiari laguntza eskatu zien, eta honela gelditu da egoera: urriaren 18tik, indarrean dago su-eten bat, nahiz eta Turkiak jarraitu duen operazio militarrak egiten, dioenez, SDFk ez duelako menia errespetatu —Ankararen erasoei erantzutera mugatu dela dio koalizioak—; bertzalde, Siriako armada Turkiako mugan eta Rojavako bertze eremu batzuetan hedatu da —2012tik lehenbiziko aldiz—, eta Errusiak eta Turkiak zaintza patruila bateratuak hasi dituzte.

Horrez gain, Idliben Siriako armadak eta Errusiak su-eten bat eman zuten abuztuan, baina hilabete honetan aire eraso handiak egin dituzte probintzian. Fronte guztiak behin-behinean daude, egoera hagitz korapilatsuetan. Turkiak bere lurraldean hartzen dituen Siriako errefuxiatuak inbaditutako eremuetara bidaltzea du helburuetako bat; hori egin du Afrinen, kurdu gehienek inbasiotik ihes egin eta errefuxiatu arabiarrak han ezarrita. SDFren posizioa, berriz, dezente ahuldu da, baina oraindik gaitasun militar handia du kontrolpean duen lurralde guztia bertzerik gabe emateko Siriako Estatuari. Eta, egoera borobiltzeko, AEBek, milizia arabiar batzuen babesarekin, Irakeko muga eta Damasko lotzen dituen hegoaldeko bidea kontrolatzen dituzte, eta ez dute handik erretiratzeko asmorik adierazi.

Potentzien lehia eta interes horiekin batera, kontuan hartu behar da EIren kalifa herria desagertu eta Al-Baghdadi hil bazuten ere —joan den urri bukaeran hil zuten AEBetako militarrek, Idlib probintzian—, muturreko talde islamista sunita bizirik dagoela oraindik, eta gerrilla borroka bat hasi du, nagusiki SDFren kontra.

Nazioarteko akordio bat egin ezean, zaila dirudi pentsatzeak gerra buka daitekeenik; alternatibak dira potentziak eta haien aliatuak elkarren aurka gerra ireki batean murgiltzea garaipen erabatekoa lortzeko —ez da probablea—, edo potentzia bakarrak eustea, bertzeak gerrak akituta erretiratu direlako. Ekinaldi diplomatikoei dagokienez, alde batetik, martxan dago Siriako Gobernuaren eta oposizioko ordezkari batzuen arteko batzorde konstituziogilea —duela hilabete elkartu zen azkenekoz—, eta, bertzetik, Errusiak, Iranek eta Turkiak duela bi urte hasi zituzten Astanako elkarrizketen hamalaugarren bilera egin berri dute. Bakerako bidean ez dute emaitza handirik lortu, oraingoz. Save The Children gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gerra hasi zenetik bortz milioi haur inguru jaio dira Sirian. Gatazka bertzerik ezagutu ez duten belaunaldiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.