GAKOAK

2021eko abenduaren 19a
00:00
Entzun
Epaia, murgiltzearen amaiera. Eskola guztietan irakastorduen %25 gutxienez gaztelaniaz ematen direla bermatu beharko du Kataluniako Generalitateak. Epaiak oinarrian du Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia, baita LOMCE hezkuntza legea ere, egun indargabetuta dagoen arren, gaztelania irakas hizkuntza gisa ezarri baitzuen estatu osoan —LOMLOEk kendu egin zuen aipamen hori—.
2015ean abiatutako auzibidea. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiak eman zuen lehen epaia 2020ko abenduan. Generalitateak helegitea jarri zuen Espainiako Auzitegi Gorenean, baina hark ez du onartu. Beraz, epaia irmoa da orain.
Generalitatea, aurka. Erasotzat hartu du epaia Pere Aragones presidenteak, eta Hezkuntza kontseilari Josep Gonzalez Cambrayk irakasleei eskatu die haien lana ez aldatzeko. Asteon iragarri dute legea aldatuko dutela murgiltze eredua babesteko.
Gauzatuko ote den, zalantzan. Bi hilabete ditu Generalitateak sententzia gauzatzeko; ez balu egingo, Espainiako Gobernuak eska lezake, eta hala galdegin dio eskuinak, baina horrek arriskuan jarriko lituzke alderdi katalanekiko erlazioak; gainera, gobernuak berak etendako LOMCEren irizpideak gailentzea ekarriko luke.
PSCren jarrera aldaketa. Murgiltzea babestu izan dute historikoki sozialistek, baina eredu horren inguruko adostasun politikoa hautsi dute asteon parlamentuan. Salvador Illa PSCko burua eredua «malgutzearen» eta gaztelania txertatzearen alde agertu da.
Deitzaileen aniztasuna. Eragileak bat eginda agertu dira epaiaren aurka. 54 entitatek osatzen dute Som Escola plataforma. Tartean dira katalanaren aldekoak (Plataforma per la Llengua, Institut d'Estudis Catalans...), kulturaren eta giza eskubideen arloko erakundeak (Omnium, UNESCO...), hezkuntzako langileen elkarteak, sindikatuak eta guraso zein ikasle taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.