Kolonbia

Kolonbiako indigenen zutabe nagusiak

CRIC 1971n sortu zuten, eta harrezkeroztik indigenen eskubideen alde egin du lan. Erakunde horri eusteko, arlorik garrantzitsuena komunitateko gazteak dira.

CRICeko kide batzuk, Kolonbiako Cauca departamentuan. AITOR TXABARRI.
Corinto - Buenos Aires
2022ko martxoaren 18a
00:00
Entzun
CRIC Caucako Indigenen Eskualde Kontseilua 1971ko otsailaren 24an sortu zen. Gaur egun, 139 autoritatek osatzen dute, eta, horiez gain, sekzio nazional bat ere badu. CRIC Kolonbiako indigenen eskubideak aldarrikatzeko sortu zuten; herrialde horretan bi milioi indigena inguru bizi dira —biztanleriaren %4,5—.

Kolonbiako gatazkaren barrenean, indigenek sufrimendu handia jasan izan dute, eta oraindik jasaten dute. Haien arbasoen lurraldeetatik alde egin behar izan dute, askotan biolentziaren ondorioz, eta, gaur egun, bake akordioaren sinadura eta gero, narkotrafikoaren indarkeria jasaten ari dira. Horregatik da oso garrantzitsua CRICek egiten duen lana komunitate horiek guztiek bizirik irauteko, nahiz eta batzuetan lan hori arriskutsua izan.

Ikusi gehiago:Koka, biolentzia eta estatuaren falta

Erakunde horren parte diren pertsonek, beren helburu nagusia lortzeko, hainbat metodologia ezberdin erabiltzen dituzte, arlo oso ezberdinetan: politikan, kulturan, segurtasunean... Politikan, esaterako, alderdi politiko askoren parte dira, haien egoera ikusgarri egiteko; horien artean MAIS Mugimendu Indigena Alternatibo eta Soziala dago. Alderdi hori Itun Historikoa koalizioaren parte da, eta horretan hautagai dira Kolonbiako presidentetzarako —maiatz-ekain artean dituzte bozak—.

Kulturalki, berriz, beren tradizioak mantentzen dituzte, garrantzitsuenetako bat hizkuntza izanik. Herri indigena bakoitzak bere hizkuntza mantentzen du, eta CRICen gisako erakunde batek asko laguntzen du hizkuntza horiek bizirik irauteko.

Segurtasunari dagokionez, berriz, puntu garrantzitsuenetako bat da komunitatearekin kontaktua egunero mantentzea. Horretarako, zaindari indigenak daude, eta horien rola komunitatearen segurtasuna mantentzea da; hori bai, geroz eta zailagoa da hori egitea, esate baterako, Cauca iparraldean disidentzien gisako talde armatuen kontrolaren ondorioz. Esaterako, indigenen kontrako biolentzia asko handitu delako, eta zaindari indigenen artean hilketa asko egon direlako.

CRICen gisako erakunde bat mantentzeko, arlorik garrantzitsuena komunitateko gazteak dira. Lan handia egiten da horiekin: komunitate bakoitzeko tradizioetan hezten dira, beren arbasoak bezala. Nahiz eta CRICek lan handia egiten duen gazteekin, momentu honetan egoera larria da, lurralde ezberdinetan dauden talde armatuak gazteez aprobetxatzen direlako. Egoera ekonomiko txarraz baliatuta, diruaren bidez erakartzen dituzte, eta horrek ondorio larriak eragiten dizkie. Horregatik, heziketa garrantzitsua da, egoera zail horretatik ateratzeko eta talde horietatik urrun mantentzeko.

Arazo asko izan arren, CRIC erakundeak etorkizuna daukala pentsatzen dute indigenek, eta espero dute geroz eta indartsuago egingo dela. Indigenen komunitateak oso garrantzitsuak dira Kolonbia osorako eta herrialdeak duen gatazka bukatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.