Albistea entzun

Koronabirusa. GIZARTEA PENTSALDIAN

Denbora eskubide

Mirene Begiristain Zubillaga - EHUko irakaslea

2020ko azaroak 14

Akaso udazkena delako; akaso joan den urriaren 25ak, ordu aldaketarekin eta ordu bat oparitzearen truke, arratsalde eguzkitsu luzeagoak eraman zituelako; akaso COVID-19aren garaiak luzeegiak egiten ari zaizkigulako; akaso norberaren bizi-erritmoak erabakitzeko aukera izatea iraultzailea edo pribilegioa bihurtzen ari delako…, baina azken asteetan «denbora» zer den eta zertarako nahi dugun bueltaka dabilkit.

Filosofian gai errepikaria izan dela irakurri dut, denbora ilusio bat dela. Izan ere, istant zehatzetan ez dugu benetan denboraren joana ikusten, baizik eta, besterik gabe, gure oroitzapenetan gordetako esperientzia batzuk izaten ditugu, eta gure adimen kontzienteak denboratzat hartzen du. Einstein ondorio logiko batera iritsi omen zen: denbora ez dela jariatzen, eta, beraz, iragana, oraina eta geroa ez direla existitzen, denbora ilusioa dela dioen kontzeptu filosofiko zaharrera itzuliz. Hala, denbora gauzen sekuentzia jarraitu bat dela esatea denbora ulertzeko modu bat besterik ez litzateke izango.

Baina denboraren irakurketa filosofikoa horrela izanda ere, iraganak orainaldian eta geroan eragina duela argi eta garbi bizi dugu. Telesforo Monzon Laborategiak argitaratutako Covid19 eta ondoren zer? zabalduz gero, orrialde askoren marmarra horixe da: nondik gatoz, zein panorama sortu dugu, nola bizi dugu pandemia, zein izan daitezke geroko agertokiak... Iragana-oraina-geroaren katearen loturak errealak bihurtzen dira, besteak beste gure ingurunean, gorputzetan, harremanetan, herrietan. Bertan idatzitako hausnarketetan denborak garrantzia hartzen du, eta kezkak usaindu daitezke (izan ere, normalitate berri hori, noizko da? Hemen dago?). Irakurketari denbora eskaintzea merezi du hainbat gako errebisatu eta aurrera erresilientziaz begiratzeko aukerak badirelako.

Feminismoan ere denboraren gaia ez da oraingoa. Genero-sisteman produkzio-lanean eta erreprodukzio-lanean gertatzen den denboren banaketa maiz aztertu da; aztertu da, gutxiago akaso, denborak bizitzako etapa desberdinetan duen izaera normatiboa ere. Izaera normatibo honek gure bizi zikloetako etapak (haurtzaroa-gaztaroa-bikote garai produktibo eta erreproduktiboa…) modu linealean aurrez nola dauden definituak norabide eta jokamolde normatiboei lotuta planteatzen du. Horrek, ez ote du ba bizi-autonomia edota autonomia ekonomiko eta sozialak ez izatea eragiten? Denbora (ez) izatearen eskubidea.

Eta hemen jira-bira zalantzak: zenbateraino gara gure proiektuen erritmoen jabe?; ari al gara lan-prozesuetan denbora desberdinak aztertzen, garatzen eta malgutasunez zereginak banatzen?; modu aldakor eta sortzailean, aukeratzen al dugu zer gairi eskainiko dizkiogun gure indarrak?; barruko eta inguruko harremanak zaintzen emango ditugun denborak zein izatea nahi dugun pentsatzen al dugu?; kapitalaren metaketak, baliabide materialak agortzeaz gain, ez al ditu gure bizi-denborak ere agortzeko mugagabeko estrategiak garatzen?; zenbateraino denbora eskubide indibiduala edota kolektiboa da?; zein lotura du denboraren kudeaketa askeak jendarteko talde zaurgarrienekin?

Bizi-denbora osatzen duten momentuen fluxugrama marraztea errealitate gordina erakuts dezake, baita denbora eskubide gisa aztertzeko aukera ere, bereziki egungo ez jakintasunaren agertokian. Abiadura azkarreko aldaketa garaiak bizi ditugu, gure kanpoa gure barrua baino azkarrago doala sumatzen dut, eta, bitartean, denbora badoa, eta gu harekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Indarkeia matxistaren aurkako protesta bat, Getxon, artxiboko irudian ©berria

Algortako mugimendu feministako bi kide ikertzen ari dira desobedientzia delitu larriagatik

Irati Urdalleta Lete

Algortako Portu Zaharreko jaietan ziztatu egin zutela salatu du neska batek, eta, Ertzaintzaren arabera, ez zioten utzi neska artatzen; mugimendu feministako kideek ziurtatu dute ertzainekin adostu zutela nola jokatu.

Bilboko konpartsek egindako agerraldia, atzo. ©MONIKA DEL VALLE / FOKU
Biktimen Oroimenezko Zentroaren inaugurazioa. ©JAIZKI FONTANEDA / FOKU

Birbiktimizazioa egotzi dio Foro Sozialak Biktimen Oroimenezko Zentroari

Iñaut Matauko Rada

GAL eta BVE taldeen biktimei egin die erreferentzia Foro Sozialak. Clement Perret «Frantziako enpresari soil» gisa aurkeztu du zentroak

Irunen izandako sexu erasoa salatzeko elkarretaratzea, atzo. ©JON URBE / FOKU

Nafarroan zazpi gizon atxilotu dituzte indarkeria matxistagatik

Irati Urdalleta Lete

Horietatik bosti tratu txarrak egozten dizkiete, eta beste biri, sexu abusuak. Adin txikiko mutil batek salatu du ziztatu egin dutela Donostian

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...