Hizkuntza eskakizunak. Gipuzkoako Diputazioa

Erakunde «euskaltzalea» euskalduntzen

Gipuzkoako Foru Aldundia aitzindaria izan da herritarrei zerbitzuak euskaraz ematea «bermatzeko» lanean. Orain, euskara lan hizkuntza bihurtzea da erronka.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzaren bulegoak. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2023ko apirilaren 2a
00:00
Entzun
Azkena aurkeztu duten Inkesta Soziolinguistikoaren arabera, VII.a, gipuzkoarren %51,8 dira euskaldunak, eta %40,8k egiten dute euskaraz gazteleraz bezainbeste, edo gehiago. Gipuzkoa da Euskal Herrian euskaraz gehien egiten den lurraldea, baina euskara ez da hegemonikoa, inondik inora ere. Euskararen normalizazioa lortzeko bidean, urrats garrantzitsuak egin ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak azken urteotan; bereziki, 2011tik. Urte horretatik 2015era arte, Zigor Etxeburua izan zen aldundiko Euskara Zerbitzuko zuzendaria; Mikel Irizarrek hartu zion lekukoa 2018ra arte, Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari gisa. Garbiñe Mendizabal da egungo zuzendaria, 2018tik. Hirurek aro desberdinetan izan dituzte ardurak, eta ez zituen talde politiko berak izendatu. Hirurak, ordea, bat datoz: Gipuzkoako Foru Aldundia erakunde «euskaltzalea» da.

Ikusi gehiago:HIZKUNTZA IRIZPIDEEN LANTEGIAN

Gipuzkoan euskara normalizatzeko bidean aldundiak egin ditu zenbait urrats. Bereziki, aldundia bera euskalduntzen izan ditu lorpen gehienak. 2011. urtea mugarria izan zen. Aldaketa politikoa gertatu zen: Bilduk irabazi zituen foru hauteskundeak, eta Martin Garitano izendatu zuten ahaldun nagusi. Zigor Etxeburua jarri zuen Euskara zuzendari. «Ez genekien oso ondo aldundiak, dirulaguntzak emateaz gain, zer egiten zuen euskara gaietan. Bagenekien erakunde euskaltzalea bazela, euskalduntzea aurreratua zuela, baina hartaraino. Gizartean eta euskalduntze prozesuan zeukan eragina ez nuen hainbeste sumatzen», aitortu du Etxeburuak.

Azaldu du, behin ezagutzen hasita, aurreko gobernuak euskara normalizatzeko zituen tresnak eta arauak «egokiak» iruditu zitzaizkiela, eta ez zirela hasi aldatzen. Aldaketa beste modu batekoa izan zen, Etxeburuaren arabera: «Zegoena bururaino eramatea erabaki genuen. Arauek, legeek eta hizkuntza irizpideek ez dute piperrik balio betearazten eta ezartzen ez badira». Araua tresna gisa hartu zuten, eta betearazi. Adibide bat eman du: «Aldundiak bazeukan irizpide aurreragarri bat ezarrita: kontratuetan hizkuntza klausulak ezarriko zirela. Gu sartu ginenean, kontratazioetako hizkuntza irizpideak kontratuen %40k betetzen zituzten. Gu sartu eta urte eta erdira, pasatu ginen %93ra».

Hizkuntza eskubideak

Bilduren gobernuaren berritasun nagusia hizkuntza eskubideen printzipioa gobernuaren jardunean txertatzea izan zen. «Erabaki genuen hizkuntza eskubideen bermeak gidatuko zuela gure egitekoa; printzipio horrek blaitu zuen guztia», azaldu du Etxeburuak. Konpromiso esanguratsuena horra: Gipuzkoako Foru Aldundiak 2015erako —agintaldiaren amaierarako— zerbitzu guztiak euskaraz emango zituela hitzeman zuen Garitanok zuzendutako gobernuak. «Guk nahi genuen gipuzkoarrek nabaritzea aldundiak bultzatzen zuela euskararen normalizazioa, agente bat gehiago zela horretan. Rol hori nabaritu behar zuten lehenengoak ziren zerbitzuen hartzaileak, herritarrak». Horretarako epe bat jarri izana ere berria zen, aurreko gobernuek ez baitzuten horrelakorik egin; epeak erritmoa azkartu zuela nabarmendu du zuzendari ohiak

Urrats garrantzitsuak egin ziztuztela adierazi du. «Gu iritsi ginenean, sartzen ziren langile batzuk hizkuntza gaitasunik gabe. Esan genuen: bukatu da. Ordutik aurrera sartuko ziren langile guztiek hizkuntza eskakizuna izan beharko zuten, hau da, langile guztiek beren lanposturako behar duten hizkuntza gaitasuna badutela erakutsi beharko zuten. Beren lanerako behar den euskara mailan: izan zitekeen C2, C1 edo B2».

Bestelakorik ere egin zuten. Esaterako, euskararen normalizazioak aldundiko gainerako atalak «zeharkatu» zituen. Hori nabaritu zuten gizarte politikan eta ogasunean, esaterako. Diputazioaren komunikazioa euskalduntzea ere «aldaketa erraldikala» izan zen, Etxeburuaren hitzetan: «Prentsaurrekoak euskaraz ematen hasi ginen. Lehenago, diputatu nagusi izan zen [Joxe Joan Gonzalez de] Txabarri ahalegindu zen, eta kazetariak oldartu egin zitzaizkion. Gurekin ez zen arazorik egon; nik uste dut gugandik ere hori espero zutela». Itzulpen zerbitzua eskaini zieten euskaraz ez zekiten kazetariei.

2013 eta 2017 bitarteko aldirako euskara plana ere ondu zuen Etxeburuaren lantaldeak. Legealdia hasi eta bi urtera egin zuten; ez zen kasualitatea izan. «Bagenekien Espainiako Estatua guri lupaz begira zegoela, eta Carlos Urkixok [Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan zuen ordezkaria] gure aurka hainbat aldiz egin zuen. Bagenekien plana argitaratu bezain pronto, blokeatzen saiatuko zela. Erabaki genuen praktika eraldatzaile bat bultzatzea hasiera-hasieratik, eta gero jasotzea arauean», azaldu du Etxeburuak.

Hizkuntza berdintasuna

2015eko foru hauteskundeen ostean, Markel Olano EAJren hautagaia hautatu zuten berriro ahaldun nagusi, eta Mikel Irizar izendatu zuen Euskara zuzendari. Hartu zuen lehen erabakia Euskara Zuzendaritzari izena aldatzea izan zen: Hizkuntza Berdintasuneko zuzendaritza da ordutik. «Nik ez nuen izan nahi euskararen eta euskaltzaleen zuzendaria, nik izan nahi nuen gizartean hizkuntza berdintasuna sustatuko duen zuzendaritza bateko zuzendaria. Planteamendua zen: ez da euskarari zor diogun kontu bat; gizartean bizikidetza hobea nahi badugu, berdintasuna sustatu behar dugu. Euskararen alde egitea da hizkuntzaren esparruan berdintasuna sustatzea, gizartean egoera gutxituan dagoen hizkuntza bat delako». Izena aldatu bazuen ere, izana berdintsua izan zen Irizarrekin.

«Lan on asko» aurkitu zuela esan du. «Jarraitu dezagun ondo egindakoarekin, eta hobetu dezagun; baina oinarriaren gainean». Hori izan zen haren helburua. Adibidez, aurreko gobernuaren bidean sakonduta, euskara lehentasunezko hizkuntza izan zedin bultzatu zuen Irizarrek: «Erabaki genuen: euskaraz egin daitekeena euskaraz egingo da; gero, behar baldin bada, gaztelaniaz ere egingo da. Hori urrats bat zen».

Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari izan zen bi urte horien bi ardatzak «zubigintza eta anbizioa» izan zirela esan du Irizarrek. Euskalgintzarekin eskutik helduta joateari garrantzi berezia eman zion, eta horretarako sortu zuen Euskalgintzako Berrikuntza Palankak deituriko prozesua.

Ikusi gehiago:«Euskaldun bat bere hizkuntzan artatuta, etxean sentituko da»

Gipuzkoako euskalgintzako 40 ordezkari inguruk hartu zuten parte prozesu horretan, eta galdera hau egin zioten elkarri: «Zer egin behar dugu desberdin eraginkorrago izateko?». Hiru urteko prozesua egin zuten, eta «hainbat palanka» identifikatu zituzten: ikus-entzunezkoetan, esparru digitalean eta, bereziki, berrikuntzan. «Ondorioztatu genuen behar genuela berrikuntza etengabe landuko zuen eta sustatuko zuen zentro egonkor bat. Hortik sortu zen BadaLab laborategia», azaldu du Irizarrek.

Hausnarketa prozesu horren ondorio izan ziren hainbat hitzarmen: Tokikomekin eta Langunerekin egindakoak, esaterako. Dirulaguntzen sistema ere prozesuaren arabera egokituz joan zen. «Elkarrekin identifikatu dezagun non dauden lehentasunak, eta jar dezagun dirua berrikuntza lehentasun horietan». Hori zen filosofia berria, Irizarren esanetan. Euskararen aktibazioa «lehentasun» bihurtzen hasi zela ere adierazi du.

2018. urtearen hasieran Garbiñe Mendizabalek hartu zion lekukoa Irizarri, eta gaur ere Hizkuntza Berdintasuneko zuzendari karguan dago. 2018an Irizarrek hasitakoak bukatzea egokitu zitzaion, eta iaz arte indarrean egon zen euskara planari azken ukituak eman zizkion. Plan hori aurrekoaren —Bilduk garatutakoaren— antzekoa da. Hizkuntza berdintasunak gainerako sailak zeharkatzea bultzatzen jarraitzen du Mendizabalen lantaldeak; hainbat neurri hartu dituzte lan munduan eta kirolean euskararen normalizazioa bultzatzeko.

Lan hizkuntza

Mendizabalek nabarmendu du Gipuzkoako Diputazioko zerbitzu hizkuntza euskara dela, eta herritarrek bermatua dutela arreta euskaraz jasotzea. Orain daukaten erronka euskara aldundiko lan hizkuntza bihurtzea da, hau da, aldundiko langileek, politikariek eta aholkulariek euskaraz egitea lan. Euskaraldia «tresna handia» izan da aldundian euskararen erabilerari garrantzi handiagoa emateko, Mendizabalen ustez: «1.237 langilek parte hartu dute [1.800 inguru ditu, guztira, Diputazioak], eta 174 arigune sortu dira. Amaieran guztiei galdetu genien ea, Euskaraldia bukatu eta gero, Gipuzkoako Foru Aldundia arigune iraunkorra izan litekeen. Emaitza oso onak atera ditugu: 83 zerbitzutatik erdiak baino gehiagok betetzen dituzte euskarazko administrazio atal izateko baldintzak. Hor tresna bat daukagu jauzi bat egiteko lan hizkuntzara».

Mendizabalek esan du uda baino lehen jarriko dutela martxan hurrengo euskara plana, eta aldundia «arigune» bihurtzeko erabiliko dutela nabarmendu du.

Hala ere, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Gipuzkoako Diputazioaren menpeko Uliazpi fundazioaren hizkuntza eskakizunen kontra atera zuen ebazpenak zuzenean eragin dio Hizkuntza Berdintasuneko Zuzendaritzari. Mendizabalek azaldu du Eusko Jaurlaritzarekin legelarien lantalde bat osatu dutela, «denen artean» erantzuteko. Kasazio helegite bat aurkeztuko dute Espainiako Auzitegi Gorenean. Gainera, Mendizabalek esan du aldundia konprometituta dagoela «muturreraino» eramateko Uliazpiko erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua «norbere hizkuntza aukera errespetatuz» egin dadin bermatzeko irizpidean.«Herritarrek eskubidea dute euskaraz artatuak izateko», gogorarazi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.