Zazpi erantzun epidemia hobeto ulertzeko

ECDC Gaitzen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentroa da birusa kontrolatzeko Europako Batasunean lanean ari diren erakundeetako bat. Onartu dute «inoiz ikusi gabeko egoera bat» dela; adi ibili behar dela.

arantxa iraola
2020ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
«Inoiz ikusi gabeko egoera bat da, eta, ondorioz, eboluzionatzen duen heinean, ikasten ari gara». COVID-19 gaitzaren epidemiari buruzko zazpi galdera helarazi ditu BERRIAk ECDC Gaitzen Kontrol eta Prebentziorako Europako Zentrora; erantzunekin bidali duten testua, hitz horiekin abiatu dute. Epidemiari eta haren inguruan dauden dudei neurria hartzeko egokiak dira. ECDC zentroa lanean ari da, Europa Batasuneko beste batzuk bezala, birusa kontrolatzeko. Horra egindako itaunei han eman dizkieten erantzunak:

Orain artekoak ikusita, zer ikasbide daude?

Txinan otsailaren erdialdera bitartean jasotako datuen arabera ikasitakoak zerrendatu dituzte. Sintomei begira, horra: kutsatuen %81ek sintoma «arinak» izan zituzten, %14k «larriak», eta %5ek «kritikoak». Kasu larrienei usu pneumonia sorrarazten die birusak, eta, zenbaitetan, heriotza. Birusa transmititzeko moduen harira, ikasbideak lausoagoak dira. «Ez dago oso argi», onartu dute ECDCko adituek: «Baina, itxura guztien arabera, oso azkar hedatzen da». Zer ikertua badagoela uste dute: «Hobeto ulertu behar dugu nola transmititzen den birusa gaitzaren etapa ezberdinetan». Aparteko azterketa eskatzen duen gai bat dute begiz jota; susmoa dute batere sintomarik ez dutela izaten zenbait pazientek, edo oso-oso arinak izaten dituztela, ia atzeman ere ezin direnak, eta aparteko erronka dakar horrek transmisioaribegira.

Zer eboluzio izan dezake honek?

Egoeraren larritasuna aitortu dute. Datozen asteetan gaitza Europan era «iraunkor eta orokorrean» hedatzeko arriskua«moderatu-altua» da. Hainbat herrialdetan gorakada izango dela argi dute. Hainbat motibo dituzte hori esateko. Baga: gero eta herrialde gehiagok «esportatzen» dituzte birusa duten pertsonak. Biga: sintoma arinak dituzten pertsonak daude tartean, birusa hedatzeko arriskuaz jabetu ere egiten ez direnak. Higa: ordura arte batere kasurik agertu gabeko toki gero eta gehiagotatik iristen ari dira birusari buruzko berriak.

Gripearekin alderatuta, zer ezberdintasun ditu?

ECDCren arabera, urtero Europan 15.000-75.000 pertsona artean hiltzen dira gripeak eragindako osasun arazoen ondorioz. Oraingoz, COVID-19 gaitzak hildakoak gutxiago dira. Baina aparteko arriskugarritasuna du:izan ere, gaixotasun ohikoa da gripea, eta aurrez gripearekin erituta egonda, horrekiko «immunitatea» garatuta dute pertsona askok; babes hori txertoen bidez lortzen dute beste hainbatek. Hedatzen ari den eritasun berriaren inguruan, ordea, ez dago horrelako babesik.«Ondorioz, jende gehiago infektatu daiteke», onartu dute ECDCko adituek: «Sasoikako gripe batek baino ondorio txarragoak izan ditzake».

Epidemiologikoki, zein dira neurririk onenak?

ECDCko adituen aburuz, herrialde guztiek egin behar dute, aurrena, «inportatutako» kasuak garaiz atzematera, eta haiek inguruan izandako pertsonak ere kontrolatu eta bakartzera. Birusa heltzeko ahaleginak dira horiek: eustekoak.«Behin tokian bertan ere transmisioak gertatzen direla ikusitakoan, berriz, osasun publikoko baliabideak bideratu behar dira ondorioak apaltzera». Orduan epidemia sartzen da beste aldi batean: «Ondorioak arintzeko fasean». OMErekin batera, egoera mota bakoitzerako jarraibideak helarazi dituztela esan dute, eta herrialde guztiek badakitela zer egin behar duten.

Noiz hasi behar da jendetzak saihesten?

Gripearekin lotutako ikerketek erakusten dutenaren arabera, behin epidemia «ondorioak arintzeko fasean» sartuta dagoela, etagoia jotzen duen bitartean, jende asko elkarren ondoan elkartzen duten jarduerak bertan behera uzteak «urritu» egiten du birusaren transmisioa. Halako erabakiak, ordea, «kasu bakoitzaren ezaugarriak» aintzat hartuta hartu behar direla esan dute. Baina garrantzitsua iruditzen zaie oroitaraztea jende asko elkarren ondoan ibiltzeak «erraztu» egiten duela birusa ordura arte iritsi ez den tokietara heltzea, eta haren transmisioa eta hedatzea.

Mutazioren bat izan dezake birusak?

«Beti gerta daiteke hori», onartu dute ECDCko adituek. «Galdera da mutazio horietakoren batek eraginen bat izan dezakeen haren ahalmenean eta oldarkortasunean». Horren inguruko erantzunik ez dute, ordea: «Birusari buruzko informazioa eskasa da; ezin da aurreikuspenik egin».

Helduko al da aurre egiteko eraren bat?

Ez dute erantzun bat eman ECDCko adituek: «Hainbat ikerketa daude martxan birusari aurre egiteko, baina emaitzarik ez dute eman oraindik ere». Horiek horrela, gogora ekarri dute medikuek egun eritasunaren sintomak arintzeko botikak eman ditzaketela; ez dago beste ezer ere. Zenbait kasutan, oxigenoa-eta ere behar dituzte gaixoek; halakoek eritasunari aurre egiteko «eraginkortasun» handia dutela gogorarazi dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.