Al-Sadren erretiratzeko erabakiak protestak piztu ditu, berriro, Iraken

Buruzagi xiitak politika utziko duela iragarri du. Presidentetzaren egoitza hartu dute klerikoaren jarraitzaileek. Zortzi pertsona hil dira protestetan

Al-Sadren jarraitzaileak, atzo, presidentetzaren egoitzara sartzen. AHMED JALIL / EFE.
Igor Susaeta.
2022ko abuztuaren 30a
00:00
Entzun
Paralisi politiko bat nozitzen ari dira Iraken, eta Muqtada al-Sadrek atzo plazaratutako erabakiak ez dirudi balioko duenik paralisi horrek eragindako tentsio politiko eta soziala baretzeko. Alderantziz. Kleriko xiitak iragarri zuen politikatik «behin betiko» erretiratuko dela, eta ordu batzuk geroago bere jarraitzaileak indarrez sartu ziren gobernuaren zenbait egoitzatara; tartean presidentetzaren jauregia zegoen. Agintariek etxeratze agindua ezarri zuten herrialde osoan. Iazko urrian egin zituzten parlamenturako bozak, baina oraindik ez dute gobernua osatzeko akordiorik lortu.

Herrialdeko buruzagi xiita nagusiaren milaka jarraitzaile parlamentuaren eraikinaren kanpoaldean daude kanpatuta uztail amaieratik, eta horietako ehunka gobernuaren egoitzara indarrez sartu ziren. Sokak baliatu zituzten eraikinak inguratzen zituzten zementuzko hesiak botatzeko. Klerikoaren jarraitzaileak bai Bagdad hiriburuan eta baita herrialdeko beste hiri batzuetan ere atera ziren kalera, eta, Nina Irakeko berri agentziaren arabera, gutxienez zortzi pertsona hil ziren eraikin ofizialen inguruko protestetan. Al-Sadrek gose greba bat hasi du, eta hala iraungo du «indarkeria amaitu arte», bere mugimenduko kide batek atzo jakinarazi zuenez.

Al-Sadrek beste batzuetan ere iragarri du politika utziko zuela. Oraingo iragarpena Twitterreko mezu baten bidez heldu da, eta, hain zuzen, egoera onbideratzeko proposamen bat egin eta bi egunera. Lider erlijiosoak planteatu zuen, joan den larunbatean, prozesu politikotik kanpo geratu daitezela 2003az geroztik —AEBekherrialdea inbaditu zuten urte hartan, eta Saddam Hussein Irakeko liderra izandakoa atxilotu zuten— politikan jardun duten alderdiak, harena barne, iritzita «ustelduta» daudela. Esan zuen erreformarik ez dela egongo egungo alderdiek segitzen badute. Atzoko mezuan ez zuen argi adierazi zergatik erretiratuko den, baina azaldu zuen azken bi hamarkadetako bere jardunarekin nahi izan duela «konpondu» alderdiek eragindako «desitxuratzea».

Baina politikan jarraitzeari uko egin dio, berriro. Iragarpenaren ondoren, Barham Saleh Irakeko presidentea Mustafa al-Kazemi jarduneko lehen ministroarekin, eta parlamentuko buruzagiekin zein botere judizialekoekin bildu zen, eta adostu zuten asteon «elkarrizketa nazionalerako» foroaren beste bilera bat egitea. Al-Sadr ere gonbidatu zuten batzarrera. Abuztuaren erdialdean egin zuten lehen bilera, eta kleriko xiitak boikotatu egin zuen.

«Estatuak irautea jokoan»

NBE Nazio Batuen Erakundearen Irakerako misioak ohartarazi zuen Al-Sadren erabakiaren eta ondorengo mugimenduen ondorioz egoera «oso-oso arriskutsua» dela Iraken. «[Irakeko] Estatuak irautea dago jokoan».

Iraken inoiz ez dira hainbeste denbora egon gobernurik gabe. Al-Sadren alderdiak irabazi zituen bozak iazko urrian, baina klerikoak duela bi hilabete eskatu zien ber e alderdikideei uko egiteko, ezin izan baitzuen berak nahi zuen gobernua osatu, Iranen gertukoak diren beste buruzagi xiita batzuk alboratuz. Orduan, beste buruzagi horiek hartu zuten gobernua osatzeko ekimena. Al-Sadren jarraitzaileak parlamentuaren eraikinera sartu ziren uztail amaieran, eta eragotzi zuten klerikoaren kontrario politikoek lehen ministro eta presidente berriak izendatzea.

Horrekin guztiarekin lotuta, Irakeko Auzitegi Gorena gaur da jakinaraztekoa ea aholkatuko duen parlamentua bertan behera uztea ala ez. Indargabetu dezala eskatu dio Al-Sadrek azken egunetan. Gorenak erantzun du, ordea, aholku bat eman dezakeela, baina herrialdeko konstituzioa eskuan, ganberari berari dagokiola erabaki hori hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.