Nazioarteko Pertsona Nagusien eguna: hiru belaunaldi

2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Adin bat dugunok aldaketa sakonak ikusi dituguII. Mundu Gerratik hona, lan-munduan, jarduera ekonomikoan eta gizarte europarrean. Aurrerapena galanta izan da. Pentsiodunek zer ikusi handia dugu horrekin. Gogor egin genuen lan, gurea sufritu dugu. Gutako asko bidean erori ziren: lan gaixotasunez, lan istripuez eta lan baldintzak eta soldata hobeagoak eskuratzeko borrokan ere bai. Neba-arrebok, guk ez zaituztegu ahazten.

Nagusia, pentsioduna izatea ez da arazoa edo zama. Pertsona bakoitzaren bizitzaren aro bat da. Izan ginen haurrak, neska-mutilak, gazteak edo helduak. Aro bakoitzari berea dagokio: hazkuntza, eskola, lan-bizitza. Orain, erretiroan gaude, eta geure beharrak eta arazoak ditugu. Pentsionisten Koordinadorak ateratako Komunikatuan azaltzen direnak: argiaren faktura, menpekotasuneko laguntza soziosanitarioaren beharra; botiken koordainketa; argindarraren gastuak, eta abar.

Jendarte osasuntsu batek umeen irribarrea zaindu behar du, gazteriaren indarra bideratu eta zaharrei entzun. Denon artean belaunaldi arteko erlazioak begiratu behar ditugu; ezberdinen arteko harreman sozialak hobetu; naturarekin eta planetekin dugun harremana aldatu. Gizon-andreen arteko ezberdintasuna konpondu behar da: munduaren erdiak ezin du beste erdiaren menpe jarraitu.

Alde horien guztien gainean ekonomiak eragina du. Ekonomia gizakion jarduera garrantzitsuenetakoa da; ez du espekulazio finantzario eta monetarioekin zer ikusirik, horiek gure gobernariei hainbeste gustatu arren. Gehitu teknologiak eta finantza jarduerak XXI. mende honetan sortu dituen arazoak, zeinak ezingo diren XIX. mendeko mentalitate eta legediarekin konpondu.

Gizarte Segurantza hiltzen joan dadila saiatzen ari dira. Hori ordezkatuko dute Pentsio Funts Pribatuetan langile bakoitzak jarriko lituzkeen ekarpenekin, finantza enpresa pribatuen bitartez. Lehman Brothersen krisitik hamar urtera, esan daiteke are okerrago gaudela,eta denon kontra sekulako iruzurra prestatzen ari direla.

Gure seme-alabei zuzentzen zaizkie esanez, beren gurasoak, pentsiodunak, zama baino ez garela. Baina, nork eman zuen laguntza azken krisian: aitona-amonak izan ziren seme-alabak beren etxean hartu zituztenak, milioika lanik gabe geratu zirenean, eta asko etxerik gabe. Orain esaten diete gorde dezatela soldataren zati bat funts pribatuetan. Nortzuek diote hau! Besteen bizkarretik baino bizitzen ez dakitenek. Lotsagabe zuzentzen zaizkie, ia esanez «gasolindegian utzi gaitzatela».

Pentsiodun gehienok ez dugu funts pribaturik. Gure soldatek ez zuten hainbesterako ematen, gure borrokarekin asko hobetu genituen arren. Lanean ari ginenean, bizi osoa inbertitu genuen. Eta orain ez ditugu onartuko esaten dituzten astakeriak. Falta zaien bakarra da guri aurpegiratzea 40 urtez soldata kobratu genuela. Halakoak entzunda samindu egiten gara.

Gizarte eskubideak defendatu beharrean, agintari asko, espresuki lan horretarako hautatuak izan arren, erakunde sozialak suntsitzen saiatzen dira, Gizarte Segurantzekin ari diren moduan. Badakigu arazoak daudela, diru kontuak ez daudela ondo. Eta hori bera jakina zen duela 30 urte ere. Zer egin dute hainbeste denboran? Ezer ez. Orain, burugabe, irtenbideak hartzen. Orain arte bezala gauzak gaizki egiten. Irtenbideak baino, arazo berriak sortzen.

Zein da beraien asmoa? 330 milioi europar langilek bere soldaten zati bat ekarpen modura Kapital Funtsa bihurtu, eta «aterako omen dituzten etekinekin»bakoitzak bere etorkizuneko pentsioa osatzea, etekinak beraiek ere bermatu ez arren. Eta finantza sistemak ez duenez errentagarritasunik bermatzen, instituzioek beraiek berma dezatela nahi dute, Ogasunaren zerga politikaren bidez.

Gure pentsioei eta langileen etorkizunari eskaintzen dizkiguten irtenbideak ez dira ez elkartasunezkoak, ez sozialak ezta ere egokiak, eta gainera finantza alde ilunenak saritzen ditu. Ez, ez eta ez. Gauzak aldatzen hasteko ordua da. Pentsiodun, langile, ikasle izaerak, aitona-amonen, gurasoen eta seme-alabaren «goitizenak» baino ez dira. Mesedez, elkarren kontra ez gaitzazue jarri. Eta ez ezazue ahaztu pentsio duinak eskuratzeko eskubidea dugula, eta gure seme-alabek, soldata duina jasotzekoa, eta gure ilobek, etorkizun itxaropentsua izatekoa; eta, gainera, botoa emateko eskubidea ere badugula. Garaian zaudete oraindik, arazoa konpontzeko, familia osoa daukazue aurrez aurre. Zuen etxeetan ez dakit, baina gurean egunero izaten da adinekoen eguna.

Nagusiak ez gara zama gure seme-alabentzat, alderantziz. Askok iloben hazkuntzan laguntzen dugu, beren gurasoen lan-orduak egokitzeko. Eta lan horrek lotura zuzena dauka jarduera ekonomikoarekin, eta BPGarekin. Kasu honetan gustura egiten dugu lan hori, eta gainera ezer kobratzeke.

Gasteiz, Iruñea, Madril eta Bruselako gobernuei exijitu behar diegu jendarte osoaren onurarako gobernatu behar dutela, arazoak konpontzeko. Urriak 1, Nagusien Eguna, euskal herritar guztiak, irakasleak, langileak eta pentsiodunak, hau da, aitona-amonak, gurasoak eta seme-alabak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, pentsiodunen erakundeek egin dituzten deialdietara joan eta egingo diren mobilizazioetan parte hartu behar dugu. Lan eta gizarte eskubideak defendatzeko oraintxe dugu aukera. Garaia da beharrezko aldaketa sozialak eta ekonomikoak egungo egoerara egokitzeko.

Gasteiztarrok zita bat dugu datorren urriaren 1ean, Artiumen, 19:00etan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.