Bertsolari Txapelketa Nagusia. Finalaurrekoak

Martxan den trenera jauzi

Gaur jokatuko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa, Donibane Garazin. Orain bost urteko txapelketako finalean kantatu zuten finalistak batu dira orain txapelketaren trenera. Nola egin, baina, jauzi, bide erdia egina duen tren batera?

Elizondo. Unai Agirre, 2017ko finalista, Elizondoko saioan. ANDONI CANELLADA/FOKU.
Miren Mujika Telleria.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Gaur izango dute jarraipena Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaurrekoek. Izan ere, gaur jokatuko da bigarrena, Donibane Garazin. Hurrengo hauek izango dira Jai Alai pilotalekuan kantatuko duten sei bertsolariak: Aitor Etxebarriazarraga, Amets Arzallus, Asier Azpiroz, Haritz Mujika, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran. Zihara Enbeita izango dute gai emaile.

36 lagunek hasi zuten txapelketa final-laurdenetan, eta horietatik hemeretzi sailkatu dira finalaurrekoen lehen itzulira. Azken Txapelketa Nagusiko finalean kantatu zutenak batuko dira fase honetan: Unai Agirre, Amets Arzallus, Sustrai Colina, Aitor Mendiluze eta Beñat Gaztelumendi. Lehengo asteko saioan kantatu zuen Agirrek, Elizondon (Nafarroa), eta 652,5 punturekin egin zuen laugarren. Alaia Martin izan zen nagusi, 729,5 punturekin. Hartara, Amurrioko Bañueta kiroldegian (Araba) kantatuko du azaroaren 19an. Eta, hain justu, harekin batera kantatuko du gaurko irabazleak ere. Azaroaren 12an jakingo da zein izango diren hurrengo itzulirako sailkatu direnak.

Irailaren 24an jarri zen martxan txapelketaren trena, eta aurrera jarraitzen du. Hain zuzen, gaur igoko da Amets Arzallus. Laugarren postua lortu zuen azken txapelketako final handian, 1.136 punturekin. Eta bertan kantatu izanak ahalbidetu dio, zuzenean, aurtengo txapelketakofinalaurrekoetan kantatzea, final-laurdenetan kantatu behar izan gabe. 2013ko txapeldun izatearen ordainetan, saio bakar batean erakutsi behar izan zuen egiteko gai zena orain bost urteko finalean. Orduan, urteko sasoi honetan, finalaren gainean galdetuta,«galdera ikur gisa» ikusten zuela adierazi zion BERRIAri. Bost urte igaro dira geroztik, eta gogoz sentitzen da orain:«Denbora pasatu da azken txapelketatik, eta tartean pasatu direnek are luzeago egin dute denbora. Ematen du aspaldi izan zela. Beraz, berria den zerbaiten aurrean sentitzen naiz, eta horren ilusioa dut».

Arzallusek ondo daki finalaurrekoetan trenera igotzen denak zehaztasun handiz jakin behar duela non egin jauzi martxan datorren tren batera: «Besteak kantatzetik datoz, eta horrek tentsio bat pizten digu orain batzen garenoi, baina baita ilusioa ere. Eta saiatuko naiz bi horiek orekatzen». Haren iritziz, ez da abiatzeko toki txarra finalaurreko bat, norberak aurkitu behar baitu, tokatzen zaion baldintzetan, ondoen iristeko puntua. «Ni ondo sentitzen naiz, gogoz».

Donibane Garazin emango du jauzia; hain justu, bere lehen txapelketan (2001) eman zuen toki berean. «Txapelketa horretan 18 urte nituen. Niretzat dena zen berria». Findu du pintzela geroztik. Haren hitzetan, denborarekin zehaztasuna lortzen du bertsolariak, eta aberasten da erregistroetan. «Saiatu nahiko nuke gehiago sakontzen, hari hori sekula eskutik galdu gabe». Gaur, 21 urte geroago, herri berak batuko ditu berriz Arzallus eta Txapelketa Nagusia. «Nire oroimenak txapelketarekin bat egiten duen leku bat da; hasi berriaren ilusio horrekin bueltatuko naiz».

Orain arte, «distantziatik»

Arzallusek erreparatu die orain arteko saioei, baina, betiere, «distantziatik». Ezustekoak beti izaten diren arren, emaitzek ez dute askorik harritu. «Orain arte kantatu dutenek urteak daramatzate plazako zirkuituan lekua eginda, badute beren ahotsa, eta espero nuen haiengandik txapelketa eder bat egitea».

Arzallusen antzera, bada orain arteko saioei kasu egin dienik, baina ez gehiegi, nahiz eta saioren bat entzuteak ere lagundu dion. Beñat Gaztelumendiri, esaterako. Haren iritziz, bertsolarien mailak «puntutxo bat gora» egin du. «Uste dut gaitegi aldetik-eta aldaketa gertatu dela: lehendik ikusten ziren gai batzuk gehiago garatu direla, denak gaudela beste leku batean, eta leku hori ikusi dela final-laurdenetatik. Horra egokitzea tokatuko da, eta ziurgabetasun puntu bat badauka ez jakiteak momentu honetan txapelketara nola egokituko garen».

Finalista izan zen Gaztelumendi azken Txapelketa Nagusian, eta seigarren egin zuen orduan, 1.076,5 punturekin. Aurten, azaroaren 12a izango dukantatzeko eguna, Durangoko Landako gunean (Bizkaia). Hurrengo bertsolari hauek izango ditu oholtzan kantu kide: Aitor Bizkarra, Aitor Mendiluze —2017ko txapeldunordea—, Eñaut Martikorena, Julio Soto eta Saioa Alkaiza. «Nirekin Durangon kantatu behar duten denek, [Aitor] Mendiluzek izan ezik, kantatu dute orain arteko final-laurdenetan, eta sentsazioa da martxan dagoen tren batera igoko garela».

Probatua zuen aurretik sentsazio hori; 2013ko txapelketan ere finalista izan baitzen. Horregatik, finalaurrekoetatik hasi zuen 2017ko txapelketa ere, eta uste du horrek ez ziola kalterik egin. Azaldu du bidearen erdian haste horrek baduela gozotik, baina baita gazitik ere. «Alde ona da freskoago iristeko aukera ematen duela, eta finalera iritsiz gero txapelketa dezentez luzeagoa dela. Eta, gainera, final-laurdenetako estutasun hori pasatu beharrik gabe iristen zarela finalaurrekoetara». Aldiz, kantatu aurreko saioak bereziak izaten direla adierazi du: «Ari zara besteak entzuten, baina aldea hartu nahi duzu txapelketarekiko. Aldi berean, zure entrenamendu kideak eta lagunak kantuan ari dira, eta ezinezkoa da erabateko distantzia bat hartzea».

Gipuzkoakoa izan zen Gaztelumendik kantatu zuen azken txapelketa, eta pandemiaren aurretik izan zen hori, 2019an: «Hiru urte pasatu dira geroztik, eta gauza dezente aldatu dira; bai plazan eta bai denon bizitzetan». Nolanahi ere, «sentsazio onak» ditu; ari baita entrenatzen bertso kideekin. «Baneukan gogoa horrelako komunitate sentsazio bat sentitzeko. Hala ere, arraroa da norberak sentsazio onak izatea eta sentsazio horiek oholtza gainean nola islatuko diren ez jakitea. Puntu horretan nago».

Orain hamahiru urte parte hartu zuen lehenengoz Gaztelumendik Txapelketa Nagusian; 2009an. Uztaritzeko Kiroleta pilotalekuan (Lapurdi) egin zuen lehen final-laurdena; baita hura irabazi ere. 22 urte zituen artean, eta ondo gogoan du egun hura: «Horren oroitzapen oso bizia daukat, eta oso oroitzapen polita da niretzako». Arkaitz Estiballes, Aitor Sarriegi, Xabi Paya, Unai Muñoa eta Erika Lagoma izan zituen orduan oholtzan lagun. Gaztelumendiren hitzetan, errepikaezina da lehen Txapelketa Nagusia: «Oso fresko iristen zara, eta jendeak ez du, agian, hainbeste esperoko zugandik, ez zaituelako ezagutu ere egiten. Sorpresa bat da egiten duzun guztia».

Orain, ordea, ardura handiagoa sentitzen du Gaztelumendik, bai gaiei heltzeko moduan eta baita saioari aurre egiteko orduan ere. «Uste dut beste leku batetik ari naizela,edo gaiei heltzeko beste leku batean nagoela. Lehendabiziko txapelketa horretan bai sentitzen nintzela bertso bakoitzean kolpe bat botatzen edo, batzuetan, gaia puskatzen. Orain, gehiago da gaiaren aurrean nire ikuspegia kokatzea eta kantu kidearekin batera bidea egitea».

Dioenez, bere oholtzan egoteko modua ez da 2009tik aldatu den kontu bakarra: «Bertsolaritza bera ere aldatu da geroztik. Lehen baloratzen ez ziren gauza batzuk orain gehiago baloratzen dira, eta, aldiz, lehen asko baloratzen zirenak orain gutxiago. Gaiei heltzeko modua ere aldatu da». Bat dator harekin Arzallus. «Hain urrutira joan gabe ere, desberdinak ziren eztabaidak eta diskurtsoak orain bost urte».

Hurrengo saioak

Larunbatero jokatuko dira finalaurrekoak, gaurtik abenduaren 3ra bitarte. Azaroaren 5ean Irunen (Gipuzkoa) eta azaroaren 12an Durangon izango dira lehen itzuliko azken saioak. Bigarren itzulikoak, berriz, ondorengo egunetan izango dira: azaroaren 19an Amurrion, azaroaren 26an Baionan, eta abenduaren 3an Bilbon.

Harrera ona izan dute orain arte jokatu diren final-laurdenek. Are, sarrera guztiak saldu ziren zenbaitetan. Hala ere, Bertsozale Elkartearen arabera, 2017ko Txapelketa Nagusian gehiago bete ziren saioak. Badu arrazoi bat horrek. Izan ere, frontoietan izan ziren orduko saio asko, eta aurtengoak, berriz, antzokietan izan dira. Hain zuzen, jende gehiagorentzako tokia izan ohi da pilotalekuetan antzokietan baino. Aurreko astean izan zen lehen finalaurrekoa, eta 1.400 lagunek bete zuten Elizondoko Baztan pilotalekuko harmaila.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.