Txema Ramirez de la Psicina

Justizia poetikoaz

2019ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Errore judizialetan oinarritutako filmografiak arrakasta izan ohi du. Ikuslearen arima hunkitzen du sarritan. When they see us / Así nos ven (Netflix 2019) lau ataleko serieak arima eta erraiak mugiarazten dizkizu. Kapitulu bakoitza ahotik sarrarazten dizuten lur garratz eskukada bat bezalakoa da. Lehenengo eta behin, aho sabaia idortzen dizu. Bihotza kordokatu gero. Azkenean, urdailaren buruan uzten dizu arrastoa; korapilo estu bat. Ordu erdi behar da gero askatzeko. Ezagutzen dut lagun bat baino gehiago amaitu gabe utzi duena. Latza da, bai, latza bezain erreala, gordina bezain zirraragarria. Amaitu eta gero, buruari egiten dizkiozun galderak dira: non da justizia?, justizia poetikoa metafora literarioa baino ez da?

Serieak Central Park-eko bostak bezala ezagutzen den kasua azaltzen du. 1989ko apirilaren 19ko gauean, New Yorkeko Central Parkeko iparraldean 28 urteko Wall Streeteko inbertsio funts bateko langile zuri Trisha Meili bortizki erasotu eta bortxatua izan zen. Aldi berean, Harlemgo afroamerikar eta txikano gazte kuadrilla bat lapurreta eta eraso txikiak egiten ari zen, parkearen iparraldean ere. Istilu haiek zirela eta, poliziak 14-18 urte bitarteko bost gazte atxilotu zituen. Galdeketetan poliziek Meiliren bortxaketagatik ere itaundu zituzten bost mutikoak. Inolako gupidarik eta lege-bermerik gabe, era guztietako presio eta mehatxuen artean, atmosfera itogarri batean egin ziren itaunketa haietan, poliziak erruduntzat jo zituen mutikoak, nahiz eta neskaren arropetan aurkitutako DNA bat ez etorri nerabeenarekin. Bostak zigortuak izan ziren poliziari esandakoetan soilik oinarrituta.

Meiliren erasoaren gau berean eta hiriburu berean, bi gizonek 38 urteko emakume beltz bat bortxatu zuten teilatu batean. Ondoren, lurrera bota zuten. Erorketatik bizirik atera zen, baina bere kasua egunkarien lokaleko sailera mugatuta geratu zen. Meilinerenak, berriz, oihartzun izugarria erdietsi zuen. Edward Koch-ek, hiriko alkateak, Mendeko krimena bezala izendatu zuen. Orduan milioidun eta egun AEBetako presidente Donald Trumpek orri beteko iragarkiak ordaindu zituen New Yorkeko egunkari nagusietan, Central Park-eko bostentzat heriotza-zigorra eskatuz.

Spoiler izateko bokaziorik ez dudanez, horretan utziko dizuet kontaketa; hori bai, seriea ikustera animatzen zaituztet. Nerabeen interpretazioa eta egoeren deskribapena ikaragarri sinesgarriak dira. Eta Ava DuVernay zuzendariaren lana, zoragarria.

Pagaburuak

Central Park-eko bostak pagaburuak izan ziren. Egungo Euskararen Hiztegiak honela jasotzen du pagaburu hitza: «Besteren gehiegikeriak edo hutsak pagatzen dituena». Hitzaren esanahia gehixeago azaltze aldera, hiztegiak berripaper honetatik hartutako adibideak aipatzen ditu: «Txirrindularitza dopinaren pagaburua dela esan daiteke? Pagaburu gisa sentitzen al zara, hortaz?». Pagaburu, hitz ederra. Nahiago pagaburu gaztelaniaren kalko arrazista den turkiar-burua baino.

Serieak bestelako ondorioak ere izan ditu. Bizitza errealean Central Park-eko bosten auziko fiskala izan zen Linda Farstein, auzia amaitu eta gero, nobela beltza idaztera dedikatu zen; arrakasta handiz gainera. When they see us seriea estreinatu ondoren, Farsteinek jarraitu zuen publikoki gazteen erruduntasuna aldarrikatzen eta poliziaren lana defendatzen, baina —serieak gizartean izan duen oihartzunaz jabetuta— Random House argitaletxeak berarekin zuen kontratua hautsi egin zuen. Bestetik, kasuko fiskal nagusi Elizabeth Lederer-ek orain arte Columbiako Unibertsitatean ematen zituen eskolak, baina, ikasleen presioen ondorioz, kargua uztera behartu dute. Justizia poetikoa egin dela esan daiteke? Justizia hori poetikoa izango da, baina berandu dator, oso berandu, bizkitartean injustiziak bere bidea egin duelako eta hainbat jenderen bizitzak bidean urratu direlako. Hala ere, berandu bada ere, ongi etorria. Justizia poetikoa artefaktu literario bat da, nahi izatera eremu sinboliko bat non duintasuna azkenean saritua eta gaiztakeria zigortua izaten diren. Arimarako kontsolagarri da. Garaipen etiko eta estetiko bat. Ez da gutxi.

Non gelditzen da justizia poetikoa Altsasuko zortzi gazteen kasuan? Azaroaren 10ean Adur Ramirez de Aldaren ama Bel Pozueta Espainiako Kongresuko kide hautatu zuten nafarrek. Hauteskunde-gau horretan Bel Pozuetaren begitarteak poza hedatzen zuen. Gorrotoari, gezurrari eta nekeari irabazitako bataila poetikoa izan zen. Duintasunaren garaipena. Bai. Baina egia da, baita ere, gaur Adur Ramirez de Alda, Jokin Unamuno eta Oihan Arnanz gazte altsasuarrek 1.119 egun beteko dituztela beren ziegetan, justiziaren zain. Eta hor dira, baita ere, Jon Ander Cob, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Julen Goikoetxea. Baita Ainara Urkijo ere (kartzelan ez badago ere). Tabernako liskar txatxu batek dauka kulpa. Altsasukoak ere pagaburu dira, Guardia Zibilak bilatzen zituen pagaburuak, hain zuzen. Zaila da gorrotoari alde poetikoa topatzea. Central Park-eko bostak, Guildford-eko laurak, Maguire-ko zazpiak, Birmingham-eko seiak... Kasu horiek ezagutzen ditugu pantailara salto egin dutelako. Baina, zenbat pagaburu ezezagun daude munduan?

Bortxaketa batean oinarritutako When they see us serietik abiatu gara. Joan den astean Hyderabad-en izandako bortxaketa lazgarri batek Indiako iritzi publikoa astindu du. Biktima: Priyanka Reddy 26 urteko albaitaria. Erasotzaileak (lau) biktimarengana hurbildu ziren, motorreko gurpilean zulaketa bat konpontzen laguntzeko aitzakiarekin. Priyankak zerbait sumatu zuen eta ahizpari deitu zion. Hark Poliziari hots egin zion, baina alferrik gertatu zen. Erasotzaileek Priyanka bortxatu, hil eta erre egin zuten. Priyanka Reddy-ren kasua oso lazgarria izan da. Mutur horretara iritsi gabe ere, bortxaketa kopurua ikaragarria da Indian: 40.000 kasu urtero. Ongi irakurri duzu, bai; urtero. Patriarkatuaren pagaburuak.

Heldu den urtean Bernardo Atxagak, Altsasuko gazteen kasuan oinarrituta, nobela berria iragarri digu. Ongi etorria izan dadila, eta lagun dezala justizia poetikoa gero eta toki gehiagoetara zabaltzen. Izan ere, Atxagak berak esan duen bezala, «justizia da gauza bat; eta beste gauza bat da Justizia Espainian».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.