Albistea entzun

EKLOSIO BAT HAMAR URTEREN ONDOREN

Efemeridea, testuingurua, zorra, aitortza, ardura... Elementu ugari egon daitezke Xabier Leteren inguruan sortzen ari diren ikerketa, obra eta omenaldiak arrazoitzeko. Hutsune bat bazegoen, eta betetzen hasi da. Baina oraindik bada lanik Leteren puzzlea osatzeko.
Xabier Lete, <em>Egunsentiaren esku izoztuak</em> liburua aurkezten, 2008an.
Xabier Lete, Egunsentiaren esku izoztuak liburua aurkezten, 2008an. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Ane Eslava -

2020ko azaroak 29

Nere izatearen ordu ilunenak maite ditut orain, haiek zirelako kontzientziaren ingude garratza», zioen Xabier Leteren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1944 - Donostia, 2010) olerki batek. Kontzientziaren ingudea zuela kolpeka bere unerik ilunenetan. Eta ez ote duen euskal gizarteak ere kontzientziaren ingudea kolpeka izan hainbat urtez, premiatzen, Leterekiko zuen zorra ateratzeko, adierazteko, itzalpean egon denari argia emateko. Azken urteetan, eta bereziki aurten, han-hemenka sortzen ari baitira Leteri eta haren obrari buruzko lanak, etengabe: liburuak, ikerketak, antologiak, omenaldiak, musika ikuskizunak, hitzaldiak... Eztanda bat. «Eklosio bat», Leteren lagun izandako Joxan Goikoetxea musikariaren hitzetan. Tupusteko agerraldiak dira eklosioak. «Eta ez da motibo konkretu bat izaten; ez da jakiten nondik etorri diren». Leterekiko interes berritua nondik ote datorren zehaztea ere ez da erraza, baina hipotesi batzuk azaldu dizkiote BERRIAri Goikoetxeak, Lourdes Otaegi literatur ikerlariak eta Inazio Mujika Iraola idazle eta editoreak.

Datorren ostiralean hamar urte beteko dira Xabier Lete poeta, kantari eta intelektuala zendu zenetik. Efemeride borobila da, eta askok baliatu dute Lete gogoratzeko eta omentzeko, eta baita haren lana ikertzeko ere. Goikoetxearen kasuan, Hor zaude nonbait kontzertuan parte hartu du azken hilabeteetan, Antton Valverde, Klara Mendizabal eta Francisco Herrerorekin batera, eta datorren larunbatean, berriz, Hesia urraturik, Xabier Lete in memoriam oratorioa estreinatuko du, Kaabestri Ensemble ganbera orkestra, Landarbaso abesbatza, Miren Urbieta-Vega sopranoa, Beñat Egiarte tenorra eta Juanjo Ocon zuzendariarekin batera. Harentzat urteurrena izan da proiektuaren azken urratsa egiteko pizgarria. «Eta uste dut, ni bezala, beste asko ere arrastatu dituela efemerideak». Harrituta dago, halere, Leteren inguruan gertaturikoarekin; «aurrekaririk gabea» dela uste du: «Euskal kulturaren historian ez dago halako kasurik».

«Nahia, beharra; zorra». Halako hitzak errepikatzen dira Leteren inguruan gertatutakoaz mintzatzean. «Duela bederatzi urte, Xabier hil zenean, kontzertu bira bat egin genuen, eta orduan ohartu ginen jendea hurbiltzen zela guregana esanez Xabier Lete zer gauza garrantzitsua izan zen. Adierazteko beharra zegoen. Hil baino lehen ere gertatzen zen: azken emanaldi poetikoak egitean, jendea hurbiltzen zen harengana, eta bera hunkituta zegoen», kontatu du Goikoetxeak. Argi du, beraz, euskal gizarteak bazuela zor nabarmena Leterekin, aitortza egiteko, bere garaian esan gabe gelditu zirenak adierazteko. «Lete artista errekonozitua izan da bere garaian? Une askotan ez, eta horretaz hitz egin behar da».

Urteetako isiltasunaren atzean arrazoi ugari egon daitezke, baina Goikoetxeak, Otaegik eta Mujika Iraolak bat egiten dute pisutsuena alor politiko eta ideologikoari lotuta egon dela. Izan ere, bere ideiak argi adierazteak arazoak ekarri zizkion Leteri. 1980an, ETAren indarkeria salatzeko 33en manifestua-rekin bat egin zuen, sinatzailerik gazteena izanda; eta Imanol Lartzabal babestu zuen, boikota egin ziotenean. Eta garesti ordaindu zuen. «Gertatu zitzaion kantaldi bat ematea eta jende multzo batek kanpoan protesta egitea; halakoak barneratuak zituen», jarri du adibidetzat akordeoilariak. «Eta hortik, Letek kantatzea 'Euskal Herri nerea ezin zaitut maite baina nun biziko naiz zugandik aparte'». «Amorrua sentitu zuen bere herriarekiko, amorrua eta maitasuna, eta bi sentimendu horien artean bizi izan zen, hil arte», erantsi du Mujika Iraolak. Hark idatzi zuen Xabier Lete: (Auto)biografia bat (Alberdania) saiakera, 2011n, Letek 1991tik aurrerako elkarrizketetan esandakoak bilduz eta atonduz.

Baina egungo testuinguru soziopolitikoa ez da 1980koa. Horrek lagundu du orduko arrakala batzuk ixten hasteko, Mujika Iraolaren iritziz: «Herri honetan behingoz gainditu da sektarismoaren muga Leterekin. Gaur egun garai hobea litzateke Leterentzat bizitzeko». Ildo beretik, Otaegik «autozentsura» gainditzen hasi dela adierazi du: «Leteren bizitza ilundu zuen indarkeria politikoaren amaierak euskal kulturaren baitako autozentsura laxatzeko balio izan du». Haren ustez, hala ere, oraindik urteak igaro beharko dira itzal hori guztiz desagertzeko: «Gure tragedia hori hurbil dugu oraindik. Leteren lan literarioaren balorazioek gainean daramate bere hautu etiko-politikoen itzala, eta ez da idazle bat gehiago izango puska batean».

Mujika Iraolaren irudiko, «muga» horiek gainditzeko arrazoi pisutsu bat izan da Letek, beste batzuek ez bezala, «euskaldunen barrua ukitzea» lortzen zuela; duela. «Kantagintzarekin, letragintzarekin... haren adierazteko moduarengatik, jendea identifikatzen zen harekin». Halaber, Otaegik adierazi du Leteren figura erakargarri egiten duen beste berezitasun bat haren komunikatzeko gaitasuna dela. «Agertokian agertzen zenean, oso nortasun erakargarria zuen. Komunikatzaile paregabea zela igarri zioten hasieratik Ez dok Amairuko kideek, intentsoa eta hunkigarria izaten zekiena».

Otaegik eta Mujika Iraolak, hain zuzen, parte hartu dute azkenaldian egin diren proiektuetako batean. Beste zortzi idazlerekin batera —Arantxa Urretabizkaia, Anjel Lertxundi, Juan Kruz Igerabide, Itxaro Borda, Jon Gerediaga, Jon Martin, Alex Gurrutxaga eta Ainhoa Urien—, testu bana idatzi dute Balea Zuriak berriki kaleratu duten Urrats urratuak. Xabier Lete gogoan liburuan.

Eklosioak ekarri dituen egitasmoen artean, badira zenbait ikerlan. Arlo horretan zegoen, preseski, hutsunerik nabarmenena, adituen ustez: Leteren obraren ikerketan. Esaterako, Oiartzungo Udalak urtero kaleratzen duen Mugarri bildumaren aurtengo zenbakian, Elixabete Perez Gazteluk, Haizea Saez de Eguilazek eta Anjel Lertxundik Leteren prosa aztertu dute. Zerbitzuko lanean. Lete kazetari, Lete prosagile izeneko liburuan, 89 idatzi bildu dituzte, horietako zenbait aurretik argitaratu gabeak. Bestetik, Ainhoa Urienek Poesia zaurien ukendu, Xabier Leteren arrastoan (Pamiela) saiakera literarioa idatzi du, bere gradu amaierako lanetik abiatuta.

Leteren inguruan argi gehien ekarri duen ikerketa lana, baina, Alex Gurrutxagarena izan da: Lete bere osotasunean aztertu zuen doktoretza tesian —Otaegik zuzenduta—, eta lan horretatik abiatuta eman du aurten Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria (Alberdania) liburua. «Lan horrek, beste batzuekin batera, Leteren soslai intelektualari perspektiban begiratzeko aukera eman du», esan du Otaegik.

Argitzeko dagoena

Urratu diren bide horiek ezinbestekoak izan dira Leterengan dauden Lete guztiak argitara ateratzen hasteko, baina, behin eklosioa baretuta, egongo da oraindik zer ikertu. Pieza askotako puzzlea baitzen Lete, eta guztiak batzea da orain xedea. Esaterako, Koldo Izagirrek 2017an osatu zuen Elurra ikusi dut (Elkar) poesia antologia pieza garrantzitsua izan da bidean, baina, gaur egun, Leteren liburu guztiak deskatalogatua egonik, beharrezkoa da bilduma bat osatzea. Hori nabarmendu du Goikoetxeak: «Suposatzen zaion dimentsioarekin, ezinezkoa da haren libururik ez egotea».

Halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiaren liburutegian jasoa dagoen Lourdes Iriondo eta Xabier Leteren Funtsean ere egon daiteke zer ikertu. Izan ere, Letek argitaratu gabe utzitako liburu baten inguruko zurrumurrua izandakoa berretsi egin zuen Jose Anjel Irigarai Pamielako editoreak, 2017an, Izagirreren lanaren aurkezpenean. Esan zuen ez dakitela lan hori Koldo Mitxelenan ote dagoen, baina Letek publikatu egin nahi zuela, eta izenburua bazuela: Herbestea. Oraingoz, hori da jakin den bakarra. Hori dela eta, Otaegik azpimarratu du funts hori izan daitekeela etorkizuneko lanetarako abiapuntua, hortik hel daitekeela berritasunik. «Denborarekin, Leteren abeslari, hizlari, poeta eta intelektual proiekzioa gero eta hobeto nabarmenduko dugu, eta horretako bere idazlanak berreditatzea eta berrirakurtzea da bidea».

Puzzlea osatzea

Lete definitzen duten ezaugarrietako bat poliedrikotasuna izanik, hori izan liteke, haren lanera gerturatu direnen ustez, haren irudia interesgarri izaten jarraitzeko gakoetako bat. Lete poeta, kantaria, bertsolaria, politikaria, pentsalaria eta beste izan baitzen. Eta haren ibilbidea ere halakoa izan zen, askotarikoa. Gurrutxagak, ikerlanean, Leteren bizitza hiru epetan banatzea proposatu du: 1968tik 1978ra, 1978tik 1990ra, eta 1990tik 2008ra.

Lehen garaian, Letek existentzialismoaren korronteari jarraitu zion. Frankismo betean, 1966an Ez Dok Amairu kolektiboan hasi zen, eta pisua hartu zuen Euskal Herrian. Bigarren epean, berriz, Espainiako trantsizioan jarritako itxaropenek etsipena ekarri zioten, eta orduan irten zen plaza publikotik, eta politikagintzan sartu: Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Sailean aritu zen lau urtez; zuzendari gisa lehenik, eta sailburu ondoren. Harentzat garai gogorra izan zela gogoratu du Otaegik: «Bidegurutze etikoetan galtzea tokatzen zitzaiola bazekien Letek: entzuleak galtzea, lagunak galtzea, bakea galtzea...». Orduan gaixotu zen, gainera, eta horrek are «tragikoago» bihurtu zuen haren ibilbidea. Baina, literatura adituak nabarmendu duenez, Letek tormentuak «poesiaz sublimatzen» jakin izan zuen: «Deserriaren, desertuaren eta neguko paisaia izoztuaren metaforetan mamituz». 1990eko hamarkadatik aurrera, iluntasunetik ateratzeko ahaleginean, poeta espiritualismora itzuli egin zen.

Otaegik argi ikusten du garai bakoitzaren testuinguru historikoak eta artistaren egoera pertsonalak eragina izan zutela haren obran. «Letek bere bizi esperientziez hitz egiten du bere kantu eta poemetan, zuzenean edo metaforikoki».

Aldaketa konstante horretan, artistaren ideiak eta ikuspegiak ere aldatuz zihoazen, eta, ondorioz, baita hark bere obrarekin zuen harremana ere. Koherentziaren bilaketa horretan, 1990eko hamarkadan aurretik idatzitako kantuak jendaurrean azaltzen eta egokitzen hasi zen: abesti batzuk hiru aldiz moldatzera iritsi zen; esaterako, Izarren hautsa entzutetsua. Joera horrek bere burua etengabe zalantzan jartzen dabilen artista bat erakusten du, Mujika Iraolaren iritziz: «Ziur nago bere burua zuzentzen ibili zela gauza askorekin, eta espiritualismora bueltatzea ere bere burua zuzentzea izan zela». Moldaketa horiek guztiak ikertzea merezi duela erantsi du.

1990eko hamarkadan ere, arrazoia argi ez dagoen arren, Letek zenbait obra plagiatu zituen. Bazen ustea aurretik, baina hori ere baieztatu egin da azken urteetan; argira atera da. Izagirrek egin zuen publiko, antologiaren hitzostean: 1990eko hamarkadan, 1991n eta 1992an, zehazki, idazleak dozena bat poema inguru plagiatu zizkien Rainer Maria Rilkeri eta Carles Ribari, eta Zantzu antzaldatuen poemategia eta Biziaren ikurrak liburuetan sartu zituen. Izagirrek orduan azaldu zuenez, Leteren inguruan zegoen «zurrumurrua eta zikina» mozteko erabaki zuen plagioarena publiko egitea.

Lete gaur

Eta nola irakurtzen dira Leteren testuak gaur egun? Nola entzuten dira haren kantu eta bertsoak? Entzule eta irakurle berriengan oihartzun egiten dute? Otaegiren iritziz, bai: Leteren obraren interesa handituz doa denborarekin. «Haren ibilbidea perspektiban ikusita, euskal poesian bakanka agertzen den ahots poetikoa osatzera iritsi zela ikus dezakegu. Espresioaren doitasun harrigarri baten jabe zen, nire iritziz, eta bere garaiko sortzaileetan lokuzio naturalena zuena euskal belarriarentzat. Hortik bere poemetako esaldiek geure oroimenean duten errotze handia, gehienetan melodiek ahantzezin bilakatua». Hori bera nabarmendu du Mujika Iraolak ere: «Xabier Leteren zale askok daukagu haren kantetako esaldiak esateko joera».

Goikoetxearen iritziz, gaurtik begiratuta, Lete «aurreratua» izan zen, eta pentsamenduan eta etikan egin zituen ekarpenek jarraitzen dute aktualitatea izaten. «1966an Ez kanta beltza idatzi zuen, eta gaur egungo Black Lives Matter mugimenduan kokatu daiteke. Geroago, Haur andaluz bati sehaska kanta idatzi zuen, xenofobiari buruz egin den gauzarik politenetako bat». Musikaren arloan ere argi du ekarpena egin zuela. «Ez zuen trebakuntzarik izan, baina hitza eta musika uztartzeko ahalmen berezia erakutsi zuen: aberastasuna, indarra eta garbitasuna transmititzen zuen. Bere irudi eta kontzeptuak musika bihurtzea lortu zuen, berak kontrakoa esan arren». Halaber, Mujika Iraolak aipatu du Letek euskal kultura tradizionala eta modernoa batu zituela: «Jakin izan zuen lotzen Jaques Brel eta Txirrita edo Xenpelar».

«Hori guztia lortu zuen ikasketarik gabe, modu autodidaktan, eta 25 urtez gaixo egonda», gogoratu du Goikoetxeak. Hori aintzat hartuta, galdera bat plazaratu du: «Zer gertatuko zen Xabier Lete gaixotu ez balitz?». Badira galdera asko oraindik Leteren inguruan, eta badira bideak urratzeko, artista eta intelektualaren sakoneraino iristeko. «Lete iceberg bat delako, eta iceberg horren punta baino ez dugu ezagutzen: ur azpian asko dago oraindik». Bada arrazoirik, beraz, urteetan bultzaka egon den ingudearen indarrak, eklosioak, arrastatzen utziz, Leteren puzzlea osatzen jarraitzeko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Alex Gurrutxaga, Txani Rodriguez eta Mikel Reparaz erdian, Javier de Isusi pantailan, eta Bingen Zupiria Kultura sailburua eta Andoni Iturbe Kultura sailburuordea hegaletan, atzo, Bilbon. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Euskadi saria Alex Gurrutxagari, Leteri buruzko saiakeragatik

Javi West Larrañaga

'Xabier Lete. Aberriaren poeta kantaria' liburuagatik jaso du saria Gurrutxagak. Txani Rodriguez, Mikel Reparaz eta Javier de Isusi saritu dituzte gaztelerazko eta ilustrazioko arloetan
Gitarra, pipa eta bibotea izan ziren Georges Brassensen ezaugarri bereizgarrienak. ©ROBERT DOISNEAU / EFE
Kulturako zuzendari nagusia, Nafarroako Museoko zenbait arduradun eta erakusketan parte hartzen duten artistetako batzuk, museoan. ©NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Museoak iaz erosi zituen hamalau obra berriak ikusgai daude

Ane Eslava

Hamalau artista nafarren askotariko lanak dira. Erakusketak 'Hamalau gehiago' izenburua du
Sustatzaile eta parte hartzaileek atzo aurkeztu zuten egitaraua. ©DONOSTIA KULTURA

24. Aita Donostia Musika Astea programa bikoitz batekin hasiko da gaur

Erredakzioa

Julian Barrenetxea eta Aita Donostia abesbatzak ariko dira lehen saioan. Ohi bezala, Donostiako Kaputxinoen elizak hartuko ditu emanaldiak

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.