Albistea entzun

Udaberri Arabiarren bosgarren urtemuga

IRAULTZAREN SUA, ANABASAN ITZALIA

Duela bortz urte, Zine el-Abidine Ben Ali Tunisiako presidenteak Saudi Arabiara egin zuen ihes, protestek itota. Ekialde Hurbil osoa eta Afrika iparraldea aldatu zuen lurrikara geopolitiko baten hasiera izan zen, nahiz eta bortz urteren ondoren hasierako matxinadaren helburuak ez diren bete.
BERRIA

Mikel Rodriguez -

2016ko urtarrilak 17

Aste honetan egin ditu bortz urte Tunisian Zine el-Abidine Ben Alik boterea utzi behar izan zuela, protestek itota. Zehazki, hilaren 14an egin zuen ihes Saudi Arabiara. Herrialde arabiar guztietara hedatu zen matxinada, eta, bortz urteren buruan, aldaketa sakonak eragin ditu Ekialde Hurbilean eta Afrika iparraldean. Mendebaldeko hedabideetan Udaberri Arabiarra izendapena zabaldu zen, Pragako Udaberriarekin (1968) konparatuta. Matxinadaren protagonisten helburuak bete ez badira ere, hamarkada honetako gertakari geopolitiko handiena izan da.

TUNISIA

Txinparta eta eredua2010eko abenduaren 17an, Mohammed Buazizi karrikako saltzaileak bere buruari su-eman zion Sidi Buzid hirian, Poliziaren jazarpena salatzeko. Protesta gogorrak piztu ziren berehala, eta herrialde osora hedatu ziren. Dimentsio soziala hartu zuten, bizi baldintza hobeen exijentzia aldarrikapen nagusi bihurtu zelako. Ondoren, baina, Ben Ali presidentea boteretik kentzeko eskatu zuten manifestariek. Ben Ali 1987tik zegoen agintean.

Trantsiziorako zenbait gobernu osatu ondoren, 2011ko urrian egin zituzten hauteskundeak, eta Ennahda islamistak alde handiz irabazi zituen. Ez zuen matxinadak sortutako itxaropena bete, ordea, eta 2013an lehertu zen egoera. Salafistek (muturreko islamista sunitek) ezkerreko bi buruzagi hil zituzten, eta herrialdea berriz ere ezegonkor bihurtzen hasia zela ikusita, Laukotea osatu zuten UGTT sindikatuak, UTICA patronalak, Abokatuen Elkarte Nazionalak eta Giza Eskubideen Ligak, indar politikoen artean bitartekaritza egiteko —iaz Bakearen Nobel saria eman zieten—.

Negoziazioen ondoren, 2014an bukatutzat eman zuten trantsizioa: konstituzio bat onartu zuten, eta Nida Tunis alderdi laikoak irabazi zituen parlamenturako eta presidentetzarako bozak. Dena den, Tunisiak erronka handiak ditu oraindik: polarizazioa islamisten eta laikoen artean, EI Estatu Islamikoaren erasoak, egoera ekonomikoa...

EGIPTO

Geopolitikara jauziaTunisian Ben Ali bidali eta bederatzi egunera egin zuten Kairon Hosni Mubarak presidentearen aurkako lehen elkarretaratze handia. Tahrir plazan ezarri zuten kanpamentu bat, eta, ordutik, matxinadaren sinbolo bihurtu zen. Polizia eta, ondoren, armada ere gogor oldartu ziren manifestarien aurka. Gobernuaren ikerketa batzorde baten arabera, hiru astean 800 lagun baino gehiago hil ziren liskarretan. Otsailaren 11n, Mubarakek dimisioa eman zuen. 1981etik zegoen agintean.

Egipton gatazka gogortu zenean hartu zuten matxinadek dimentsio geopolitikoa. Mubarak kendu ondoren, armadak hitzeman zuen trantsizio bat eginda botere zibil bat ezarriko zela. Urte bukaeran egin zituzten parlamenturako hauteskundeak, eta Anaia Musulmanek alde handiz irabazi zituzten.

2012an, Mohammed Mursi Anaia Musulmanen hautagaiak irabazi zituen presidentetzarako hauteskundeak, eta Anaia Musulmanek eta armadak botere lehia bat hasi zuten. Mubaraken aurkako matxinadan protagonista izan ziren taldeak, berriz, Mursiren aurka mobilizatu ziren, estatu autoritario eta erlijioso bat sortu nahi izatea leporatu baitzioten. 2013ko udan egin zuen eztanda egoerak: Mursiren aurkako protesta gogorren ondoren, armadak estatu kolpea eman, eta Abdel Fatah al-Sisi jenerala paratu zuen presidente.

Orduan hasi zen azken fasea. Al-Sisik armadaren babes osoarekin boterea segurtatzeko erreformak egin zituen 2014an, eta ordutik modu autoritarioan agindu du. Mubarak ospitale militar batean dute preso, 2011n manifestariei tiro egiteko agindua eman izana egotzita berriz ere epaiketa bat egiteko esperoan.

YEMEN

Gatazka zaharrekin nahasitaYemenen, 2011ko urtarrilaren 27an egin zen lehenbiziko elkarretaratze handia Sana hiriburuan. Manifestariek Ali Abdullah Saleh presidentea kendu nahi zuten boteretik —33 urte zeramatzan agintean—. Salehek erreformak hitzeman zituen, baina protestek jarraitu, eta liskar kate bat piztu zen. Yemenek lehendik ere gatazka larriak zituen: ipar-mendebaldean gerrilla xiita (huthien mugimendua) borrokan ari zen, gobernuaren diskriminazioaz kexu baitzen; hegoaldean, mugimendu independentista indartsu bat zegoen; eta, bertze hainbat eremutan, Al-Qaedari lotutako taldeek indar handia zuten. Presidentea kentzeko matxinada gatazka guztiekin nahasi zen.

Salehek 2012ko urtarrilean eman zuen amore. NBE Nazio Batuen Erakundearen bitartekaritzarekin, alderdi gehienek Abd Rabu Mansur Hadi presidenteordea izendatu zuten presidente. Trantsizioa ez zen gauzatu, ordea. 2014an, prezioen igoeren aurka protesta jendetsuak egin zituzten Sanan, eta, testuingurua baliatuta, huthiek hiriburua hartu zuten. Duela urtebete Hadik bere gobernuarekin ihes egin zuen Saudi Arabiara, eta, iazko martxoan, herrialde horrek esku hartu zuen. NBEren arabera, ordutik 6.000 lagunetik goiti hil dituzte Yemenen, eta herrialdea zatituta eta gerra betean dago. Saleh huthiekin aliatuta dago orain.

LIBIA

Lehenbiziko gerra, eta Mendebaldearen esku hartzeaLibian 2011ko otsailaren erdialdean hasi ziren protestak hedatzen, Bengazitik. Muammar Gaddafi 1969tik zegoen boterean. Afrika iparraldeko erregimenik itxiena zen, eta Egipton eta Tunisian ez bezalako informazio eta interpretazio gerra bat sortu zen, bai Gaddafik agindutako errepresioaren inguruan, bai matxinadaren ezaugarrien inguruan. Otsailaren 27an NTC Trantsiziorako Kontseilu Nazionalean elkartu ziren Gaddafiren aurkako indarrak, eta gerra zibil bihurtu zen errebolta. Matxinaden ondorioz sortutako lehenbiziko gerra. Mendebaldeak Gaddafiren aurkako presioa handitu zuen, eta martxoan armada hartzear zegoenean matxinoen gotorleku zen Bengazi hiria, AEBek, Frantziak eta Erresuma Batuak esku hartu zuten. NBEren Segurtasun Kontseiluan esku hartzea baimendu zuen ebazpen bat onartu zuten, Errusiaren eta Txinaren abstentzioari esker. Esku hartzea «zibilak babesteko» zela zehaztu zuten testuan, baina geroago Errusiak interbentzioa salatu zuen, Mendebaldeak praktikan matxinoei aireko laguntza eman zielako. Matxinoek 2011ko abuztuan hartu zuten Tripoli hiriburua, eta urrian Gaddafi hil zuten Sirte jaioterrian.

Ordutik, Libia zatituta eta kaosean murgilduta dago. Gaddafiren aurka sortu ziren milizia ugariek trantsizio gobernuekiko kontrabotereak osatu zituzten, eta, 2014an, lurralde osoa ere kontrolatzen ez duten bi gobernutan zatitu zen Libia: islamista mendebaldean, eta nazioartean onarpen zabalena duen laikoa ekialdean. Azken urtebetean EI ere hedatzen hasi da.

SIRIA

Pandoraren kutxaSirian 2011ko otsailaren hasieran izan ziren protesta batzuk, baina ez zen nazioarteko agendan kokatu martxoaren erdialdera arte. Azkenetakoa izan zen, baina han sortu dira ondorio suntsigarrienak. Daraa hirian hasi ziren protestak, eta handik hedatu ziren hiri nagusietara. Baxar al-Assad presidenteak boterea utzi eta Baath alderdiaren erregimena bukatzeko eskatu zuten. Al-Assad 2000tik dago boterean. Haren aita Hafezengandik jaso zuen presidentetza (1971-2000), eta Baath alderdiak 1963tik izan du boterearen monopolioa. Al-Assadek armada atera zuen protestak zanpatzera, eta, oposizioko erakundeen arabera, apirilerako ehundik goiti manifestari hil zituzten. Al-Assadek ukatu zuen tiro egiteko agindurik eman zuela. Konstituzioaren erreforma bat ere egin zuen, baina horrek ez zuen egoera aldatu. 2011ko maiatzean, talde armatuak agertu ziren ipar-mendebaldeko Idlib eskualdean. Gerra hasi zen.

Gaur egun, herri matxinada baten arrastorik ez dago Sirian, eta nazioarteko potentzien eta Ekialde Hurbileko herrialde nagusien lehiaren erdigunean dagoen gerra bat da. Al-Assadek botereari eutsi dio, baina ez du herrialdearen zati handi baten kontrola. Zati horiek kurduen milizien, askotariko talde armatuen eta EIren esku daude, 2011n inor gutxik kontuan hartu zuen eragile bat. NBEren kalkuluen arabera, ia bortz urtean 250.000 lagun baino gehiago hil dituzte Siriako gerran. Gerraren aitzinetik 22 milioi biztanle zituen, eta, NBEk uste duenez, erdiak izan daitezke etxea utzi behar izan dutenak, eta lau milioi baino gehiago, berriz, atzerrira jo dutenak.

IRAK

Inbasioaren ondorena pairatzenIraken 2011ko otsailean hasi ziren lehenbiziko protestak, Bagdad eta Karbala hirietan. Aldarrikapen nagusiak ziren segurtasuna, ustelkeriaren aurkako neurriak eta zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea. 2003an AEBek egindako inbasioaren ondorioak pairatzen ari zen Irak, eta horrek berezitasun handi bat ematen zion bertze herrialde arabiarrekiko. Sektarismoa zen herrialdearen arazo handietako bat, baina hasierako protestek ez zuten ezaugarri hori izan: gehiengo arabiar sunita eta xiita zuten hirietan egin zituzten, eta baita Kurdistango Eskualde Autonomoan ere.

Sektarismoa 2013an indartu zen, eta ondorio katastrofikoak eragin zituen. Al-Anbar probintzian arabiar sunitek protesta mugimendu bat hasi zuten, Nuri al-Maliki lehen ministroaren gobernuak diskriminatzen zituela salatzeko —xiitek monopolizatua zuten boterea 2003tik—. Abenduan, Al-Malikik armadari agindu zion Ramadi hirian eraikitako protesta kanpamentua desegiteko, eta, anabasa baliatuta, Ramadin eta Fallujan sartu zen EI. Iraken ia desagertzeraino kolpatua zuten miliziek, armadak eta AEBek, baina Siriako gerran indartu ondoren erasoaldi arrakastatsuak egin zituen. Handiena, 2014ko ekainean. Herrialdeko bigarren hiria, Mosul, hartu zuen. Iraken batasun nazionala kolokan paratu zuen EIk, eta, ordutik, gerra betean dago herrialdea.

BESTEAK

Errepresioa eta erdibideakHerrialde arabiarretako matxinaden sorburua Mendebaldeko Saharan paratzen dute hainbatek, 2010eko urriaren eta azaroaren artean Agdaim Iziken okupazioaren aurka eratu zuten protesta kanpamentuan. Interpretazio horrek nazioartean oihartzuna izan zuen Noam Chomsky hizkuntzalari estatubatuarrak aldarrikatu zuenean, baina ez da kontsentsuzko ikuspegi bat gaur egun. Tunisiakoaren ondoren, Aljerian piztu ziren lehenbiziko protestak, baina ez zuten Abdelaziz Buteflikaren agintea kolokan paratzerainoko indarrik hartu. Erreformak agendan jarraitu du, ordea, eta Buteflikak aste honetan bertan onartu du konstituzioa aldatzeko zirriborroa. Bertze herrialde batzuetan protestek ez zuten aldaketarik sortu, baina haien eragina handia da oraindik. Adibidez, Saudi Arabiak urte hasieran exekutatu zuen 2011ko protesten antolatzaileetako bat, Nimr al-Nimr predikatzaile xiita, eta horrek eragina izan du Ekialde Hurbil osoan, Riadi tentsio aldi larri bat eragin baitio Iranekin.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

AEBetako gerra abioi batzuk, Ozeano Atlantikoko hegazkinontzi batean. ©STEPHANIE LECOCQ / EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Borrokarako hegazkinak Kievi entregatzea aztergai dute, baina aliatuek ez dute jarrera bateraturik. AEBek eta Berlinek ezetz esan dute

Ponsati Generalitateko kontseilari ohia, Puigdemont presidente ohia, Puig kontseilari ohia eta Boye abokatua, atzo, Bruselan. ©LEO RODRIGUEZ / EFE

Erbesteratu katalanak Espainiaratzea baztertzeko irizpideak, zehaztuta

Gorka Berasategi Otamendi

EBko Justizia Auzitegiak ebatzi du Belgikak Espainiako justiziaren «gabezia sistemiko bat» frogatu behar duela haren euroagindu bat baztertzeko. Ez da guztiz lerratu, ez independentistekin, ez Llarenarekin

Antony Blinken AEBetako Estatu idazkaria eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, atzo, Tel Aviven. ©DEBBIE HILL / EFE

«Lasaitasuna berrezartzeko» eskatu die Blinkenek Israeli eta Palestinari

Mikel Elkoroberezibar Beloki

AEBetako Estatu idazkariak Tel Aviven adierazi du AEBek «Israelgo segurtasunarekin» daukaten konpromisoa «hautsezina» dela. Israelgo armadak gutxienez 35 palestinar hil ditu aurten

AEBetako F-16 hegazkin batzuk ariketa militarrak egiten Hego Korean ©EFE

Ukrainara gerra abioiak bidaltzearen aurka agertu da, oro har, Mendebaldea

Igor Susaeta

Auzia mahai gainean dago, baina Mendebaldeak ez du jarrera bateraturik. Macronen arabera, hainbat aldagai hartu beharko lirateke kontuan borrokarako hegazkinak entregatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.