Zuri-beltzeko memoria bizia

Joseba Barandiaran omendu dute Astigarragan. 78ko sanferminak eta German Rodriguez gogora ekartzearekin batera, justizia, egia eta aitortza eskatu dituzte elkarbizitzarako. Bideoa albistearen amaieran.

Joseba Barandiaranen omenez Astigarragan egindako omenaldia, atzo. JON URBE / FOKU.
Astigarraga
2018ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Zuri-beltzekoak ziren Zipotz elkartearen parean zeuden argazkiak. Baita Joseba Barandiaran plazan dagoen haren argazki handia ere. Baina haren lagunek azaldu dute «Joseba herri honen memoria biziaren parte» dela. Eta horregatik bete zuten haren izena daraman plaza, atzo. German Rodriguez hil eta hiru egunera hil zuen Poliziak Barandiaran, tiroz, hilketa salatzeko Donostian egindako mobilizazio batean. Bertaratutako askok atzo balitz bezala oroitzen dute, ordea. «Ez dugu ahaztuko, eta ez dugu ahaztu nahi», esan zuten. Memoriaren garrantzia azpimarratu eta elkarbizitzan sakontzeko eskatu zituzten justizia, egia osoa, aitortza eta erreparazioa.

German Rodriguezen familia ordezkatuz Presen Zubillaga Auza Sanferminak 78 Gogoan elkarteko kidea izan zen ekitaldian, eta Barandiaranen senideekin batera jaso zuen lore eskaintza eta oroigarria. Astigarragakoaren lagunei aurreskua dantzatu zieten, eta bertan izan ziren Astigarragako Gazte Asanbladako kideak, justizia eskatzen. Bertsolariek eta abeslariek ere hartu zuten parte ekitaldian. Bazkalordua bazen ere, Pelotari kalea gutxitan bezala bete zen atzo.

Zuhaitz baten irudia duen Barandiaranen omenezko muralaren aurrean egin zen herri ekitaldia. Irudi hori bera baliatu zuen Sabino Cuadrak, garai hartan LKIko kide zenak, hitz batzuk esateko. «Hostoak eta loreak urtero ateratzen dira, baina sustraiak dira ahaztu behar ez ditugunak», adierazi zuen —zuhai- tzaren marrazkiaren sustraiek «askatasuna» hitza osatzen zuten—. Ahaztuak 78 elkarteko Martxelo Alvarezek «jarraipena» aipatu zuen, bidean aurrera jarraitu beharra «borrokatu eta borrokan hildako guztiengatik». Parte hartzaile guztiek esan zuten memoriaren alde lan egin behar dela: «Memoriarik gabeko herri batek ez du etorkizunik; memoria landu egin behar da, horrek egingo baitu herria lantzea». Eta azaldu zuten herritarrek egin behar dutela lan hori: herriaren subjektu direnek. Bestela, «kanpokoek» idatziko dutela Barandiaranen, Rodriguezen eta beste euskal herritarren historia. Salatu zuten erantzuleak ezkutuan daudela, eta «hiltzaileek izen-abizenak» dituztela, Espainiak inongo ardurarik hartu ez badu ere.

Zapi gorriak izan ziren plazari kolorea eman zioten beste elementuetako batzuk, Iruñeko peñak bertaratu baitziren. Oraindik egiarik eta justiziarik lortu ez bada ere, lanean jarraituko dutela adierazi zuten. Peñen arabera, ez ziren «kasualitatezko» bi hilketa izan, eta «herriak ez du barkatuko» aldarriarekin bukatu zuten euren hitzaldia. Astigarragako herriak ere argi erakutsi zuen ez duela ez barkatuko, ezta ahaztuko ere, txalo zaparrada indartsuena orduan jo baitzuen.

Elkartasuna oinarri

78ko sanferminak presente egon ziren ekitaldi osoan. Sabino Cuadrak adierazi zuen ez zela hildako bat egon, bi egon zirela urte hartan: Barandiaran eta Rodriguez. Haien gaztetasuna, iraultzarako gogoa eta elkartasuna goretsi zituzten. Iruñeko hilketa zela-eta egindako mobilizazioan hil zuten Astigarragako gaztea, eta hori konpromisoaren eta elkartasunaren adierazgarri izan zela adierazi zuten Ahaztuak Memoria Historikoa taldeko kideek. Horri lotuta, Cuadrak esan zuen aldarriez gaindi elkarbizitzarako oso garrantzitsua dela elkartasuna adieraztea, eta Altsasuko gazteengan jarri zuen begirada.

«Elkartasuna» eta «memoria» hitzak gurutzatu ziren maiz. Barandiaranekin, zuri-beltzeko argazkiak bezainbeste oroitzen dute herriko koloretako murala. Berrogei urte pasatu arren, herrian bizirik jarraitzen baitu.

[youtube]https://youtu.be/llLV8N2dJmU[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.