Tokikoa, baina Europan barna

Euskal erakundeen aliantzak zein esparrutan garatu eta herritarrekin lotura nola indartu; hari horri heldu diote Irujok, Indok eta Antonek Eusko Ikaskuntzaren kongresuan, Donostian.

Zelai Nikolas, Mikel Irujo, Mikel Anton, Paxkal Indo eta Amalur Alvarez, Eusko Ikaskuntzaren mintegian, atzo. G.RUBIO / FOKU.
Maider Galardi
Donostia
2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Nola kokatu mundu zabalean estaturik gabeko herri bat? Nola gobernatu erakunde diferenteetan banatutako lurralde bat? Nola mantendu instituzioen eta herritarren arteko lotura? Galdera horiei tiraka jardun dira Mikel Irujo Nafarroako Gobernuak Bruselan duen ordezkaria, Mikel Anton Eusko Jaurlaritzako Europa Gaietarako zuzendaria eta Paxkal Indo Ipar Euskal Herriko Garapen Kontseiluko kidea Eusko Ikaskuntzak Donostian egindako kongresuan, Zelai Nikolasek gidatuta. Nor bere lekutik, baina Euskal Herriaren ikuspegi orokorra albo batera utzi gabe, tokikoa indartzearen garrantzia azpimarratu dute hirurek. Nabari da paradoxa, ordea: Europatik pasatu behar al da tokiko lurraldearen garapena? Estatu erakundeak gara daitezke demokrazia prozesuetan sakondu gabe? Gobernantzak ez al du demokrazia mozorrotzen? Nola lortu, oro har, oreka?

Zalantzak zalantza, irmo mintzatu da bakoitza bere esparrutik. Are, Irujok eta Antonek argi adierazi dute ezinbestekoa dela Europar Batasunak eskaintzen dituen egiturak eta aliantzak baliatzea: «Ez da egia tokirik ez dugula. Akaso horrela da teorikoki, baina praktikoki Europako Batasuneko aurrekontuen %80 eskualdeek kudeatzen dituzte». Horra non gurutzatzen diren gaur-gaurkoz euskal gobernuen instituzioak: Nafarroa-Euskadi-Akitania euroeskualdean. «Europan gaude, eta uste dut kritikagarria izan arren ez dugula ardatz hori galdu behar. Niretzat ez dago beste aukerarik: Europa, nahi eta nahi ez», ohartarazi du Antonek. «Gure gizartean Ipar eta Hego elkartu, eta Europako apustua egin behar dugu», gehitu du.

Akitania lurralde zabalagoa izanda, Antonek nabarmendu du garrantzitsua izan dela Ipar Euskal Herriak ere Hiri Elkargoa osatzea: «Elkargoa sortuta tresna gehiago ditugu. 1986tik lehenengoz dugu instituzio partekatu bat».

Indok ere egin du historian atzera: «Gure kasuan, 1981ean aipatu zen lehenengoz Ipar Euskal Herriarentzako departamentu bat sortzea, baina, garai hartan, tokiko hautetsiek ukatu egin zuten aukera hori». Hutsune horri «esker» gizarte zibilak eta elkartegintzak garrantzi handia hartu zuen Ipar Euskal Herrian, Indoren esanetan: «Hautetsien elkarte bat eta herritarren beste bat sortu ziren, Iparraldeko garapenarentzako zerbait atzemateko. Eredu berri bat da gurea». Urteen poderioz, gainera, instituzioen eta herri eragileen arteko harreman horrek eman du bere fruitua, eta satisfos dira emaitzarekin: «Lortu dugu gauza ikaragarri bat; denon artean lortu dugu hirigune elkargoa sortzea».

Herritarren parte hartzea

Akaso, hori da Hegoaldeko instituzioek eskas dutena, Antonen ustez: «Desoreka dugu Iparralde eta Hegoalde artean. Ipar Euskal Herrian garatu dena gizarte zibilaren mugimendu bat izan da, eta, guk elkartegintzarako joera handia badugu ere, erakundeak indartsuago izan direnez, ez dugu behar beste garatu. Uste dut Hiri Elkargoa eredugarria dela». Indok azaldu du zein egitekoa duen Garapen Kontseiluak Ipar Euskal Herrian: «Sinpleki, gure lana aldebikoa da. Instituzioek galdegiten digute zenbait gauzei buruz, eta guk gonbidatzen ditugu beste gizarte eragileak, modu transbertsalean, eta ondoren ematen dugu gure iritzia. Lana ongi egiten badugu, eta demokrazia parte hartzailea erabiltzen badugu, normalean kasu egiten digute».

Herritarrekin harremana landu bai, baina balizko estatu bat eraikitzeko «prest» egon behar dute gizarteak eta erakundeek, Irujoren ustez: «Subjektu politikoa prest egon behar da, baina ez soilik erreferendum bat egiteko. Estatu bat izatea ez da boterea izatea soilik, tresna hauek garatzea baizik». Tresna horiek, gainera, egon badaudela uste du Irujok: «Badugu ogasun propioa, badugu hizkuntza eroale bat eta badugu kooperatibismo garrantzitsu bat». «Ez diegu tresna horiei balioa ematen», gehitu du Antonek; «Kohesioa diogunean, horiek baliatzeaz ari gara. Iraultza baino, nahiago dut irauntza».

Beraz, tokiko erakundeak saretzeko eta indartzeko, berezko tresnak baliatzea eta Europaren egiturak aprobetxatzea ezinbestekotzat jo dute Antonek eta Irujok. Indok ere aitortu du hiru instituzioen arteko harremana ezinbestekoa dela, baina ohartarazi du gobernantzak ez dakarrela berez prozesu «demokratiko sakon» bat: «Europan, estatuek dute manatzen, eta estatu batentzat demokrazia bakarrik hauteskundeak dira. Gobernantza eta demokrazia ez dira gauza bera, badago beharra herriarengandik erakundeak sortzekoa». Prozesu parte hartzaileak sustatzea da, haren ustez, gakoetako bat.

Mugak eta oztopoak

Bada, hortaz, euskal erakundeen aliantzetan zer hobetu, Indoren, Irujoren eta Antonen iritziz. Gainera, herritarrekiko gertutasuna ez da, Antonen ustez, oztopo bakarra: «Eguneroko lanean ikusten ditugu mugak: mugikortasuna dela, hizkuntza dela, araudi ezberdinak direla... Europak eman digu nolabaiteko harmonizazioa, baina ez da nahikoa».

Nahikoa ez izan arren, Irujok uste du baliatu behar dela Europak eskaintzen duen zirrikitua: «Badirudi Europari buruz dugun ikuspegi bakarra dela ez dugula ezer egitekorik, baina esperimentuak egiteko sekulako esparrua da». Maila askotariko gobernantzaz aritu da Anton, eta Indok ere nabarmendu du Garapen Kontseiluak erreparatzen diela egitura desberdinei: izan Hiri Elkargoari, izan departamentuari, izan Akitaniako eskualdeari eta izan Frantziako Estatuari, baina nabarmendu du gizarte zibilari erreparatzea eta entzutea hori bezain garrantzitsua dela.

Alegia, hizlarien ustez, arrakala txikiak ere baliatu behar dira erakundeen arteko harremanak trinkotzeko eta instituzioen eta herritarren arteko lotura sendotzeko: «Hori da gure erronka: daukagun esparruan harremanak indartzea eta trinkotzea. Ekosistema bat sortzea», zehaztu du Antonek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.