Memoria gotor ez dadin

Hogeita bortz gazte boluntariok frankismoan eraikitako bi bunker leheneratu dituzte Lesakan. 1940 eta 1950 bitartean eraikiarazi zituzten, erasoaldi bati aurre egin beharko zitzaiolakoan.

Gazte boluntarioak, atzo, Lesakan, lurpetik ateratako bunker baten ahoaren inguruan. IÑIGO URIZ / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Lesaka
2021eko abuztuaren 11
00:00
Entzun
Goizeko hamarretarako oraindik ez dago argi zer eguraldi eginen duen Lesakan (Nafarroa): sargori dago, eta laino mardul batek estaltzen ditu gunerik apalenak. Goitiagotik datozen eguzki izpiak lotsati agertzen hasi dira Gardeleako Pagoetako parajera: han, Agiñarantz doan mendiko bide baten ertzean, hogeita bortz gazte daude pago eta pinuen gerizan jarrita, haiek baino zaharxeagoa den gizon bati adi. Trama arkeologia enpresako kidea da gizona, eta 36ko gerrako eta ondorengo urteetako historiaren xehetasunak ematen ari zaizkie 15 eta 18 urte bitarteko gazteei. Horretaraxe etorri baitira Lesakara: lurpean zegoen historia zati bat agerian uztera.

Nafarroako Gobernuak eta Lesakako Udalak sustatuta, frankistek 1940 eta 1950 bitartean eraikiarazitako bi bunker lurpetik ateratzen ari dira hainbat gazte boluntario egunotan, hain zuzen. Preso errepublikanoek Lesakatik Oiartzunera (Gipuzkoa) joateko eraikitako errepidearen bederatzigarren kilometrotik goiti dago lekua; baina ez da hori gaia. Edo bai: errepidea 1939 eta 1943 bitartean eraiki zuten Francoren erregimenaren pean preso ziren dozenaka gizonek, bortxazko lan gisa, eta errepidearen gainaldean eraikitako bunkerrak lan horien jarraipena izan ziren. Soldaduska egiten ari ziren gizonezkoek eraiki zituzten gotorlekuak: horiek ere behartuta eta barrakoietan lo eginez.

Francoren erregimenaren aurka «Europa demokratikotik» ustez etor zitekeen inbasio bati aurre egiteko eraiki zituzten bunkerrak: Pirinio osoan, ia 10.000. «Hasieran, 15.000 eraikitzea zuten asmoa, baina azkenean 8.000 inguru egin zituzten», azaldu du Anna Garriges 16 urteko gazte boluntarioak. Alzirakoa da (Valentzia, Herrialde Katalanak), eta bertze bi lagunekin etorri da Euskal Herrian antolaturiko auzolandegira, bi asterako. «Ez zituzten sekula erabili», segitu du Marina Casas gazteak. «Hona etorri aurretik ez nekien ezer honi buruz», gehitu du Laia Zaragozak. Goialdean dagoen bunkerra garbitzea egokitu zaie hiru neskei: «Ia metro erdi lur atera dugu aste batez!». Baina lana ez zaie nekea: irribarretsu daude hirurak, udarako plan ederra atera baitzaie azkenean, «ezberdina».

Aimar Armendariz iruindar gazteak azaldu du egiten ari direnak zer garrantzi duen: «Jende anitzek ez daki bunkerrak daudela, edo ez ditu sekula ikusi, eta, honekin, ikusgaitasuna eman nahi diegu, jendeak jakin dezan zer gertatu zen hemen». Marcos Martinek ere uste du garrantzitsua dela, eta pozik dago bizitzen ari denaz: «Eskolan ikastea baino zirraragarriagoa da bertan ikustea. Edonork bizi beharko luke horrelako zerbait, zinez jakiteko zer izan zen garai hura. Irudikatu zer lan gogorra izanen zen hau egitea!».

Gazteak memoriagile

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko presidenteordea, Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria eta Ladis Satrustegi Lesakako alkatea lantegia ikusten izan ziren atzo. Remirezek adierazi zuen «kontent» daudela gazteak egiten ari diren lanarekin, baita memoria historiko «mingarria» berreskuratzearekin ere. Nabarmendu zuen pandemia garaian ere «posible eta desiragarri» dela gazteentzako halako «aisialdi aukerak» eskaintzea, «bereziki pairatu baitute sozializazio eskasia». Ollok ere azpimarratu zuen bi arlo «oso interesgarri» elkartzen direla Lesakako lantegian: gazteak eta memoria. «Gazteak hainbeste urtez ezkutatuta egon den memoria berreskuratzen ari dira. Gazteak dira etorkizuna, eta haien lana inportantea da». Bunkerrekin gotortu nahi izan zuten muga ezabatzeko beharraz ohartarazi zuen: «Halakorik ezin da errepikatu. Mugak ezabatu egin behar dira, fisikoak eta mentalak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.