Koronabirusa

Aztarnari jarraitu ezinik

Hego Euskal Herrian, aztarnariak ezinean ari dira kutsatze kateak eteteko, lantaldeak murriztu dituztelako. Osakidetzaren egoera bereziki larria da: «Kolapsatuta dago».

Bi osasun langile proba diagnostikoak egiteko gune batean. JON URBE / FOKU.
Edurne Begiristain.
2021eko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Koronabirusaren izurriak erakutsi du birusaren transmisioaren jarraipena eta kontrola egiteak berebiziko garrantzia duela kutsatze kateak eteteko eta gaitza hesitzeko, eta pandemiaren lehen olatutik lanean den aztarnari sareak aparteko pisuaduela zeregin horretan. Haatik, azken asteotan birusaren transmisioan izan den gorakada handiak agerian utzi du sare horrekarrakalak dituela gaur egun: aztarnari nahikorik ez dago kasuen jarraipen egokia egiteko.

«Aztarnari sistema kolapsatuta dago». Amaia Mayor SATSE erizainen sindikatuko eledunaren hitzek ongi laburbiltzen dute zein den egoera. Izurriaren lehen olatuaren ostean eta kasuen jarraipena lehen arretaren esku utzi zenetik, erizain asko aritu dira aztarnari lanetan, eta horrek «gainkarga» eragin die. «Kutsatzeen gaineko jarraipenari ez ezik, eguneroko jardunari ere heldu behar izan diote»,salatu du sindikatuko kideak. Baina egungo egoera «are okerragoa» dela ohartarazi du Mayorrek. Eta data bat eman du egoera ulertzeko: urriaren 7a, Eusko Jaurlaritzak osasun larrialdia bertan behera utzi zuen eguna. «Egun horretan, aztarnari sarea desegin zuten, ustez pandemia amaituta zegoelako».Kutsatzeen goraldia etorri da gero, baina Osakidetza aztarnari talde «oso murriztu» batekin ari zaio aurre egiten olatu berriari. Horrek ezinbestean eragin du erizainen lan baldintzetan: «Birrinduta daude, haserre, etsita, nekatuta... Ezin dute gehiago».

Datuek ematen dute egoeraren neurria. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 364 aztarnari ari dira kutsatze kateen jarraipena egiten, eta beste hogei lagun call -center-etan, antzeko zereginetan. Aurtengo urtarrilean, berriz, 529 lagun zeuden funtzio horiek betetzen. Are, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak astelehenean emandako datuen arabera, pandemiaren zenbait unetan 700 profesional inguru aritu izan dira aztarnari. Nabarmena da, beraz, lantaldean izandako murrizketa. Hala ere, Sagarduik EH Bilduri emandako idatzizko erantzun batean dio aztarnari sarean lan egiten dutenen kopurua egoera epidemiologikora «egokituta» dagoela, eta haiez gain badirela aztarnari lanetan laguntzen duten beste profesional batzuk ere.Eta erantsi du sare hori «unean uneko egoerara» moldatuz joan dela eta protokolo berriarekin SMS bidez positiboen zuzeneko kontaktuen berri eman ahal izangodela.

Alta, protokolo berriek ez dute konpondu kasuen jarraipen estua egiteko dauden arazoak. Osakidetzan ez ezik, Osasunbidean ere kasuen trazabilitatea ez da behar bezala egiten ari, datuek islatzen dutenez. Are, birusa aztarnarien kontroletik at dela esan daiteke.Osakidetzan, datu ofizialek diotenez, aztarnariek ez dituzte atzematen kasuen %70 inguru,eta atzemandako positiboen %26 baino ez dira zuzeneko kontaktuak urtarrilean, berriz, %48 inguru ziren. Nafarroan, berriz, Osasun Institutu Publikoak jakinarazi berri du kasu positiboen erdiek baino gehiagok (%54k) jatorri ezezaguna dutela; hau da, aztarnariak ez dira gai kasuen erdien jatorria detektatzeko.

Herritarrak, suminduta

Azken asteotan, sare sozialetan eta komunikabideetan nahikoa oihartzun izaten ari dira aztarnari sistemaren kolapsoa salatzen duten herritarren kexak, bereziki Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Denetariko kasuak daude: positibo emateagatik edo zuzeneko kontaktua izateagatik Osakidetzaren deiaren zain egunak eta egunak pasatzen dituztenak, beren kabuz proba diagnostikoak egitea beste irtenbiderik ez dutenak, eta zuzenean inolako probarik egin gabe berrogeialdia igaro behar dutenak.

Iñigo Genua positibo baten kontaktu zuzena izan zen. BERRIAri kontatu dio ez zuela Osakidetzaren deirik jaso proba egiteko, eta bere kabuz erabaki zuela antigeno testa egitea. Positibo eman eta hurrengo egunean egin zioten proba. Hortik aurrera, ordea, aztarnarien berririk ez zuen izan. «Hamar egun etxean igaro eta lanera itzuli nintzen egunean bertan jaso nuen Osakidetzaren mezua zuzeneko kontaktuei esteka bat pasatzeko eskatzeko. Nik ordurako abisua pasatua nien zenbait laguni, baina...».

Oihane Gabirondo gasteiztarrak ere ongi daki zein den egoera. Abendu hasieran, bost urteko semearen gelako ume batek positibo eman, eta gela itxizuten. Ikastolatik abisua jasota, protokoloari jarraitu zioten: semea etxean bakartu, eta Osakidetzaren deiaren zain geratu ziren proba diagnostikoa egiteko. Baina ez zuten deirik jaso ere egin: «Semea etxean egon den hamar egunetan, ez digu inork deitu. Ez guri, ez beste familia bati ez zion inork deitu», dio, suminduta. Aztarnarien berri ez zuela ikusita, pediatrari deitzea erabaki zuen Gabirondok, eta hari esker lortu zuen semeari PCRrako ordua ematea. «Ia hamar eguneko berrogeialdia amaitu zenean eman ziguten txanda. Ez zuen zentzurik egiteak, baina gu lasai geratzeko egin genion».

Gabirondoren kasua ez da bakana, BERRIAk jakin duenez. Jaurlaritzako Osasun Saila mezuak bidaltzen ari zaizkie gelak itxita dauzkaten ikastetxeei, abisatzeko Osakidetza «gainezka» dagoela eta ezin dutela bermatu bakartuta dauden ikasle guztiei proba egingo zaiela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.