Berdintasunaz, aniztasunetik

«Periferiako» ahotsak erdigunean jartzea ardatz duen jardunaldia egin dute, Biltzen zerbitzuak antolatuta. «Berdintasun eraginkorra» lortzeko jarraibideez aritu dira.

Ahots Propioarekin jardunaldiko argazki bat, atzo, Donostian. MAIALEN ANDRES / FOKU.
Oihane Puertas Ramirez.
Donostia
2021eko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Feminismo zuriaren hegemoniak beste ahotsak ikusezin bihurtu ditu», adierazi zuen atzo Cecilia Themme SOS Arrazakeriako kideak. «Periferiako» emakumeen ahots eta borrokei egin zien erreferentzia: «Ez da kasualitatea beti beste ahotsak edo beste feminismoak izan garela». Atzo, ordea, emakume migratu, ijito eta arrazializatuen ahotsak jarri zituzten erdigunean, besteak beste, «berdintasun eraginkorrerako» bidea zein izan beharko litzatekeen planteatzeko.

Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Saileko Biltzen zerbitzuak antolatuta, Ahots Propioarekin jardunaldia egin zuten Donostian. Horren bitartez, emakume migratuak, ijitoak eta arrazializatuak «ahalduntzeko» eta haiekin lan egiten duten erakundeak «indartzeko» jarduera ildo berriak aztertzea izan dute helburu. Ertz askotatik heldu zioten berdintasunaren gaiari, eta emakume horiek duten parte hartze soziala, ahalduntze prozesuak eta erronkak izan zituzten hizpide.

Gaur egun, emakumeek gizonek baino gehiago migratzen dutela azaldu zuen Themmek: «Euskadiko migratutako biztanleen %50 baino gehiago emakumeak dira». Lanaren ondorioz gertatzen da hori, «zaintzarekin eta etxeko zerbitzuekin zerikusia duen lan merkatuan behar jakin batzuk daudelako», hain zuzen ere. Andre migratu eta arrazializatuen eskulana eskatzen da lan horietan.

Egiturazko arrazakeria

Lidia Kinson Mulisol Mundu Libre eta Solidarioa gobernuz kanpoko erakundeko idazkaria da, eta, besteak beste, emakume beltzen ikusgarritasunean egiten du lan. Azaldu zuenez, gaur egungo gizartean ere «arrazakeria existitzen da», eta egunero egin behar diote aurre: «Harrerako gizartean arrazakeria bizi dugu, aurreiritziak daude; estereotipoak. Etengabe bizi gara zirkulu honetan». Paternalismoa ere jasaten dutela salatu zuen: «Ez gara haurrak, emakumeak gara, eta esperientzia handia dugu bizitzan zein prestakuntzan». Themmek ere egin zion erreferentzia arrazakeriari: «Egiturazkoa da».

Emakume migratu izateagatik jasaten dituzten estereotipo eta estigmek zaildu egiten dute andre horien egunerokoa, azaldu zuen Djamila Zereiby IMME Emakume Musulmanak Euskadin Integratzea elkartearen sortzaileak: «Ahalegin handiagoa egiten dugu gure gaitasunak erakusteko. Ahalegin hirukoitza egiten dugu». Ahaleginak ahalegin, «diskriminazio intersekzionala» jasaten dutela azaldu zuen Kinsenek. Alde batetik, «emakume izateak dakarren diskriminazioa dago; patriarkatua»; baina ez hori bakarrik, «emakume beltza bazara, beste diskriminazio mota bat dago». Horregatik, ez da erraza emakume migratu eta arrazializatuek gizartean parte hartzea.

Instituzioen rola

«Berdintasun eraginkorra» lortzeko, «ezinbestekoa» da emakume horien ahalduntzea, baina Kinsonen aburuz, «ezinezkoa» da andre bat ahalduntzea «egoera administratiboak emakumezko gisa errealizatzea eragozten» dionean. Instituzioek egoera hori «aldatu behar» dutela uste du.

Zereibyren arabera, «garrantzitsua» da instituzioen eta elkarteen arteko «elkarlana»; izan ere, kasu batzuetan«beste aldekoen» perspektiba «falta» da. IMMEko kidearen hitzetan, aniztasuna zera da: «ikuspegi desberdinetatik lan egitea», eta harreman horrek «guztiok indartzen gaitu».

Themmek uste du «berdintasun eraginkorra» lortzeko begirada desberdinak «gurutzatu» behar direla, ikuspegi «zabalago» bat edukitzeko: «Bestela iparraldeko begiekin begiratzen diegu hegoaldeko emakumeei».

Zereibyk, ordea, berdintasuna lortzeko arlo emozionalaren garrantzia nabarmendu zuen: «Laguntza gehiago behar dugu, laguntza esaten dugunean arlo ekonomikoan pentsatzen dugu, baina arlo emozionala garrantzitsuagoa da». Horretarako, «entzutea» da «lehengo pausoa»: «Hemen pertsonek bizi dituzten errealitateekiko ezjakintasun handia dago. Ezjakintasun hori kentzeak beste komunitate bat sortzen lagunduko digu».

Kinsonen arabera, aniztasuna kudeatzeko «eredu ideala» kulturartekotasuna izango litzateke, eta adierazi zuen hori lortzeko oraindik «bide luzea» dagoen arren lanean jarraituko dutela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.