Albistea entzun

Eredu berri baten bila

Gipuzkoako zaintza ereduaren oraina eta etorkizuna hizpide hartuta, sistemaren nondik norakoez eta erronkez eztabaidatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietarako hautagaiek.
Ezkerretik eskuinera, Maite Peña, Estitxu Elduaien, Susana Garcia, Miren Etxebeste eta Mikel Lezama.
Ezkerretik eskuinera, Maite Peña, Estitxu Elduaien, Susana Garcia, Miren Etxebeste eta Mikel Lezama. J. MANTEROLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Iosu Alberdi -

2023ko apirilak 28 - Donostia

Etorkizuneko zaintza ereduaren oinarriak lehen mailako eztabaida politikora ekartzeko asmoz, Zaintza Demokratizatu dinamikak mahai berean bildu ditu Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeetarako aurkeztu diren bost alderdi nagusien ordezkariak. EAJko, EH Bilduko, PSE-EEko, Elkarrekin Podemos-IUko eta PPko kideek bat egin dute egungo egoeraren inguruko diagnostikoaren ardatz nagusietan, eta denek arretaren pertsonalizazioa jarri dute jomugan.

Arantxa Iraola BERRIAko kazetariaren gidaritzapean, zaintza sistemaren egungo egoeraren eta etorkizunaren inguruko interpretazioa egin dute politikariek. EAJko batzarkide eta Gizarte Politikako diputatu Maitek Peñak adierazi du ez dela «erraza» egungo egoerari erantzutea, gizartearen aldaketek «erronka erraldoi bat» eragin baitute: «Gizarte gero eta zahartuagoa dugu, familia eredua asko aldatu da, harremanak izateko moduak ere aldatu dira... Aldaketa sozial horiei erantzun egoki bat emateko, auzia asko landu behar da». Orain arte ere hala egin da, jeltzalearen esanetan, eta horren adibidetzat jarri du Gipuzkoako zaintza estrategia: «Estrategia martxan dugu, eta emaitzak ditugu». Hala nola etorkizuneko egoitzen egokitzapenerako, nahigabeko bakardadeei aurre egiteko estrategiarako eta etxean jasotzen den arreta hobetzeko lanak aipatu ditu.

Aldundi bakoitzak bere eredua izateaz galdetuta, berriz, Peñak adierazi du garrantzitsuena dela «gutxiengo batzuk» ezartzea, eta bakoitzak bere ezaugarrien arabera lan egitea: «Erakunde guztietatik pertsonalizazioa bultzatu behar dugu, eta, horretarako, kontuan hartu behar dira pertsona bakoitzaren berezitasun sozialak, kulturalak eta baita lurraldeari dagozkionak ere». Era berean, osasun sistemaren eta gizarte zerbitzuen arteko koordinazioa beharrezkoa dela adierazi du, eta gehitu hura gertutasunean oinarrituta egin behar dela; zaintza ekosistema lokalen proiektuarekin garatu den moduan; egun, hamabi udalerritan dago martxan.

EH Bilduko hautagai Estitxu Elduaienen esanetan, baina, zaintza sistemaren egoera «eskasa» da egun, eta horren eragile diren hiru faktore aipatu ditu: erakundeek «behar adinako garrantzia» eman ez izana; zaintzaren «merkantilizazioa»; eta hura «milaka emakumeren lan prekarioaren bizkar» utzi izana.

Hori ikusita, «zaintzaren trantsizioaz» hitz egin du, eredu «publiko, doako eta komunitario batera» iristeko. Luzera begirako helburu gisa, unean uneko zaintzak zein iraunkorrak bermatu dituen erakunde publiko baten beharra adierazi du. Bitartean, berriz, «trantsizio epe bat» ireki behar dela adierazi du; hala nola, doakotasunerako bideari ekinda eta lidergo konpartitu batekin.

Bost taldeetako ordezkariek aipatu dute etxeko zaintzaren garrantzia, baina Elduaienek hark biltzen dituen hiru elementu ezberdindu ditu. Lehenik, etxez etxeko zerbitzuaren mugak zabaldu beharra, udalen eskumenetatik harago, Gipuzkoa osoan «zerbitzu oso bat» bermatzeko. Bestetik, etxeko zaintzarako laguntzak areagotzea eta horien jarraipena egitea, «lan prekarioa» baztertzeko. Azkenik, eredu komunitarioa indartzea, zaintza konpartituko proiektuen bidez.

Etxeko zaintzan egin du indar PSE-EEko Susana Garciak ere. Hark adierazi du, ordea, horrek behar batzuk dakartzala. «Baliabide pertsonalak behar dira, eta hori arazo bat izango da», sozialistaren hitzetan, nahiz eta uste duen «aukera» ere bilakatu daitekeela erantzun egokiak topatuz gero: «Nola duindu zaintza? Nola egin erakargarri sektorea?».

Erantzuna erakunde bakar baten eskumenetatik at dago, haren ustez, eta alderdiek zein bestelako eragileek elkarrekin eragiteko unea dela nabarmendu du, denen artean sistemari «gorputz berri bat» emateko. «Unibertsala, kalitatezkoa eta denentzat berdina» izango den erantzun bat nahi du hark, osasungintza alorrean egiten den antzera. Horretarako, gizarte zerbitzuetarako euskal sistema bat eratu behar dela azaldu du; bakarra hiru lurraldeentzat.

Elkarrekin Podemos-IUko ahaldungai nagusi Miren Etxebestek ere uste du EAE mailako lege bat behar dela eredu berria eraikitzeko, eta horrek «benetako itun bat» eskatzen duela. Adierazi du zerbitzu publikoen ardura dela pertsonen autonomia ahalik eta gehien luzatzea: «Denek ez dute familia egitura osasuntsu bat edo sostengatuko duen pertsona talde bat. Instituzioek bermatu behar dute pertsona hori ez dela bakarrik geratuko munduan». Kontrakoak pertsonen eskubideen galera dakar, haren hitzetan.

Aldaketa behar horrek, baina, ez du bat egiten orain arte martxan jarritako politikekin, Etxebesteren ustez, eta horren erakusle da zaintzaz azaleratutako arazoa: «Arazoa sortzen da instituzioetan lidergoa izan dutenek 40 urtean errealitate horri gaizki erantzun diotenean». Hori ikusita, lidergo aldaketa baten beharra nabarmendu du, eredua ere aldatzeko, hura «makillatu» beharrean. Egungo ereduaren elementuetako bati erreparatu dio, zaintzaileenari, eta adierazi egun eskaintzen den lan mota «prekarioa, feminizatua, itzalpekoa eta kontrolik gabea» dela.

PPko hautagai Mikel Lezama ere kritiko agertu da egungo ereduarekin, eta salatu du eredu soziosanitarioaz hitz egin arren biak bereizita ageri direla. «Soziala» aldundiaren esku, eta «sanitarioa» Eusko Jaurlaritzaren mende: «Tenis partida bat dirudi; eta ez dago benetako koordinazio bat bi arloetan».

Egoerari aurre egiteko, berriz, luze gabe egungo ereduan hobekuntzak egin behar direla azaldu du; besteak beste, zahar etxeetan eta eguneko zentroetan plaza gehiago ezarrita. Aurrera begira, berriz, gainerakoekin bat egin du: «Denok egiten dugu bat horrekin. Eredu berrian, zahar etxeak azken pausoa izan behar dira; ahal bada, horiek saihestuta». Halere, beste bi neurri ere aipatu ditu: zaintzaileei «errekonozimendu soziala» emateko eta lana erregulatzeko estatutu bat, eta «zahartze aktiboa» sustatzeko neurriak.

Berrordainketa

Ordainketa partekatuarena izan da alderdietako kideen arteko desadostasunetako bat. Peñak gainerakoei kritikatu die Gipuzkoan ezin dela hitz egin diru faltagatik zerbitzua ukatzeaz, eta adierazi du finantzazio publikoa dela nagusi alor horretan: [Egoitzetako] toki publikoen finantzazioa %92koa da». Hala, beste galdera bat bota du: «Bost etxebizitza dituen pertsona batek doan jaso behar du plaza publiko hori?».

Etxebestek heldu dio, eta doakotasuna bermatu eta ordainketa partekatua egiteko modu bat badela esan du: «Erreforma fiskal progresiboago bat». Bide beretik, Elduaienek adierazi du ezinbestekoa dela ordainketarako finantzazio sistema berri bat, doakotasunerako bidea egingo duena.

Beste bide bat hartuta, Garciak adierazi du ordainketa partekatu «zentzuzkoago bat» ezarri behar dela. Lezamak, berriz, estatu mailako lege aldaketa bat jo du aterabidetzat, baina uste du uneotan doakotasuna ez dela posible.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

EH Bilduko Ikoitz Arrese, artxioko irudi batean. ©Raul Bogajo / Foku

Hezkuntza Akordioarekin «leial» jokatuko duela iragarri du EH Bilduk

Gotzon Hermosilla

Gainerako alderdiei «zorroztasuna» eskatu die asteartean irekiko den eztabaida fasean «lege on bat» erdietsi ahal izateko

Nafarroako Unibersitate Ospitalea, artxiboko irudi batean. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kontuen Ganberak ebatzi duenez, «Osasunbidea ez da betetzen ari pazienteak artatzeko epeak»

Ion Orzaiz - Mikel Elkoroberezibar Beloki

Itxaron zerrendei buruzko txostena argitaratu du Nafarroako Kontuen Ganberak. Ondorioztatu du %29 handitu zirela 2018 eta 2022 bitartean.

Itunpeko sare langileek apirilaren 25ean egin zuten mobilizioa ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Zortzi eguneko greba iragarri dute itunpeko hezkuntzako sarean

Iraia Vieira Gil

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Kristau Eskolako eta IZEAko langileak deitu dituzte lanuztera ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

 

Abuztuan izandako beroaldiaren irudi bat, Bilbon. ©JAVIER ZORRILLA / EFE

'El Niño', eta tenperaturak goia jo duen urtea

Iñaki Petxarroman

Munduko Meteorologia Erakundeak uztailean eman zuen hasitzat 'El Niño' fenomenoa. Jatorria Ozeano Barean du, baina eragin ohi duen tenperatura igoerak mundu osoa astindu du, inoizko udarik beroena izan baita. Alabaina, neguan izan ohi du indar handiena, eta uste dute 2024an nabarituko direla horren ondorioak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...