Koronabirusa

Ur zikinetako arrastoen bila

Izurriari aurrea hartzeko modua ematen du hondakin uretan SARS-CoV-2 birusa atzemateak. Euskal Herriko hainbat araztegitan laginak hartzen dituzte.

Langile bat ur zikinak arakatzen. NACHO PEDROSA.
Edurne Begiristain.
2021eko apirilaren 6a
00:00
Entzun
Estoldetako ur zikinetan SARS-CoV-2 birusaren trazak topatzeko proiektu ugari abiatu dira azken hilabeteetan. Euskal Herrian, aitzindaria izan zen iazko apirileanEHU Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultateak sustatutako egitasmo bat: Gasteizko Krispiña araztegiko hondakin uretatik laginak hartzen hasi ziren COVID-19aren zantzuak topatzeko. Handik gutxira hasi ziren Nafarroan Nilsa eta Nasertic enpresa publikoak gisa bereko egitasmo bat garatzen, eta Tuteran, Lizarran, Tafallan eta Arazurin (Iruñea) ikerketa lanak egiten hasi ziren birusaren presentzia atzemateko. Orduz geroztik, nazioarteko ikerketa ugarik frogatu dute izurriari aurrea hartzeko aukera eskaintzen duela ur zikinetan COVID-19aren birusaren arrastoak atzemateak.

Baina, zer bilatzen da hondakin uretan? Zer helburu dute horrelako egitasmoek? Noiz erabiltzen dira? «Alarma pizteko botoi bat da», azaldu du Gorka Orive EHUko Farmazia katedradunak eta EHUk iaz martxan jarritako egitasmoaren sustatzaileak. SARS-CoV-2 birusa, beste substantzia, mikroorganismo eta patogeno askoren gisara, gorotzetan ateratzen da giza organismotik, eta komun zulotik behera joaten da, estoldetara. Ur zikinetan, beraz, birusa atzeman daiteke, aurreneko kasuak diagnostikatu baino lehen. «Transmisio komunitarioa gertatuko dela aurreikusteko balio du», esplikatu du Orivek.

Zehazki, sistema horren bitartez zazpi egun arteko aurreikuspena egin daiteke, eta, ondorioz,ur zikinetan birusa atzemanez gero, «ia erabateko ziurtasunez» baieztatu daiteke hurrengo egunetan edo astebeteren buruan kasu asko agertuko direla. «Joera bat erakusten dute: ur zikinetan birusaren arrasto handiak topatuz gero, horrek esan nahi du denbora gutxian kutsatu kopuruak gora egingo duela gune jakin batean», azaldu du.

Ikerlariek ur zikinetan ikertzen dutena ez da SARS-CoV-2 birusa bera, patogeno horren material genetikoa baizik. «Koronabirusaren RNA edo egitura da bilatzen duguna», Iñaki Urrutia Urbeha proiektuko arduradunak azaldu duenez. Uraren Euskal Agentziak (Ura) martxan jarritako proiektua da Urbeha: Krispiñako (Gasteiz), Galindoko (Bilbo), Loiolako (Donostia) eta Atalerrekako(Hondarribia, Gipuzkoa) araztegietako ur zikinak aztertzen dituzte, birusaren presentzia ikertzeko. Astero hartzen dituzte horko laginak, eta laborategi batean aztertzen dituzte gero. Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak hondakin uretan COVID-19aren birusa atzemateko martxan jarritako sistemaren barruan lanean ari dira Urbehan, eta azterketen emaitzak, beste erkidegoetan bildutakoak bezala, Espainiako ministerioaren datu basean gordetzen dituzte. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren esku ere uzten dituzte datuok. «Agintarientzat alerta goiztiar bat da, pertsonak sintomak garatu baino astebete lehenago datuak ematen dizkiegulako», azaldu du Urrutiak.

Osasun agintarien tresna

Osasun agintarientzat «tresna oso baliagarria» dela azpimarratu du Orivek, tokian tokiko diagnostikoa egiteko balio duelakoeta prebentzio neurriak zorrozteko modua ematen dielako. «Osasun sistema hobeto prestatzeko erreminta baliotsua da, gizarte edo komunitate batean birusaren hedapena aurreikusten duelako».Izan ere, birusaren presentzia non ari den nabarmen handitzen detektatzeko balio du, eta horren arabera, erabakiak aldez aurretik hartzeko ere bai. Horretarako, baina, laginak «jarraitutasun batekin» hartzea ezinbestekoa da, astean behin edo birritan, eta horiek laborategi batean azkar aztertzea ere bai. «Emaitzen interpretazio azkar batek bermatzen du alerta goiztiarra».

Nafarroan sistema hori erabiltzen dutenetik, kutsatzeen gorakada hainbat tokitan aurreikusteko modua izan da. Fernando Mendoza Nilsa enpresako kudeatzaileak azaldu duenez, iazko ekainean birusaren arrastoa oso txikia izan zen aztertutako ur-hondakinetan, baina Tuteran lehen kasuak atzematen hasi ziren, eta handik astebetera, positiboek gora egingo zutela iragartzeko moduan izan ziren. Iruñean ere, San Ferminen ostean kasu gorakadari aurrea hartzeko aukera eman zien ur zikinen azterketak. «Pandemia hau oso aldakorra da, eta gorabehera horiek aurrez detektatzeko gai zan gara askotan», dio Mendozak.

Hondakin urak aztertzea adierazle «objektibo eta fidagarria» da, batez ere kutsatzeen datuak oso apalak direnean, Mendozaren arabera: «Olatu baten etorrera aurreikusteko modua ematen digu, toki jakin bateko agerraldi bat...».

Europako Kontseiluak hondakin uretan birusa detektatzeko egitasmoei erabateko babesa eman die duela gutxi. Virginijus Sinkevicius Ingurumen komisarioak estatu kideei eskatu die ur zikinak aztertzeko sistema bat koordinatu dezaten, izurriari aurre egiteko tresna «errentagarria, erraza eta fidagarria» delako. Europatik etorritako babesa interesgarria dela iritzi dio Urrutiak, mahai gainean jarri duelako pandemiaren gorabeherakdetektatzeko sistema koordinatu baten beharra.

Mendozak erantsi du izurriaren bilakaerari «egokitzeko» baliagarria ere badela, eta, gainera, birusaren aldaera berriak detektatzen hasteko aproposa izan daitekeela. «Aldaeren arazoa da une honetan dugun erronkarik handiena, eta egoki erantzun behar diogu». Urbehako ikerlariak ere zeregin horretan daude buru-belarri, Urrutiak azaldu duenez: «Teknika fintzen ari gara birusaren aldaera berriak detektatzen hasteko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.